DONOSTIA. Lau izango dira Donostiako Udalak abiarazitako MartxUp! ekimenean garatuko diren proiektuak: bizitza guztirako pentsatutako hezkuntza proiektua, auzotarren artean diseinatutako parkea, merkatarientzako salmenta plataforma digitala eta haur eta gazteen artean jarrera kritikoa lantzeko eskolaz kanpoko akademia.

MartxUp! ekimenaren helburuekin bat egiten dute lau proiektuek; hirian gazteen proiektu eraldatzaileak martxan jartzearekin, hala nola, parte hartzea eta ikuspegi kritikoa sustatzearekin.

AUKERATUTAKO PROIEKTUAK

Antiguo Hezitzailea

Ane Chueca, Irati Seijo eta beste hiru lagunek osatzen dute (h)aritu. Hezkuntza, pedagogia kritikoak, arkitektura, parte-hartzea, feminismoa, jasangarritasuna eta prozesu kolektiboak uztartuz, hezkuntza prozesuen diseinu eta kudeaketak garatzea da euren asmoa.

Donostia Hiri Hezitzaileen sarearen barruan dagoenez, Antiguan abiatu nahi dute ekimena, Antiguo Hezitzailea proiektua garatuz. Bertako herri eragileekin, hezkuntza eragileekin eta Udalarekin batera diagnostiko bat osatzeko prestatzen ari dira.

Naturaren Parkea

Eneko Sierra eta Maddi del Campo Añorgako Kultur eta Kirol Elkartearekin (KKE) proiektu berri bat sortzen ari dira: bertako nerabe eta gazteekin batera Añorgan egurrezko parke berri bat sortu nahi dute. Parke horren diseinua haurren behar eta gustuetan oinarrituz egin nahi dute eta datozen hilabeteetan hasiko dira gaztetxoekin biltzen eta prozesua diseinatzen.

Elkarlana eta parte hartzea izango dira proiektuaren zutabe nagusiak, eta, besteak beste, MartxUp!-en ezagutu duten (H)Aritu proiektuaren laguntza izango dute.

Belle et Pop

Donostiako betiko komertzioen galerak kezkaturik, Belle et Pop proiektua definitzen aritu dira Natalia Salaberria eta Estitxu Alzuri MartxUP!-en. Ekimenaren bitartez "Donostiako urrezko urteak berreskuratu nahi dituzte begirada berri batekin".

Betiko komertzioen bizipenak batu eta hiriaren bereizgarritasuna eta bizigarritasuna mantendu nahi dute. Horretarako, Donostiako merkatarientzat salmenta plataforma digitala sortuko dute, bertako zein nazioarteko bezeroentzat.

Mundu

Laia Bernuések eta Amaia Jakak Mundu proiektua landu dute aurten MartxUp!-en. Askotan, haur eta gazteak eztabaida politikoetatik urrundu egiten ditugu, ulertuko ez dutela pentsatzen dugulako. Mundu proiektuaren bitartez inguruko errealitatearen ezagutza kritikoa garatu nahi dute, gizartearen erronketan kontziente den belaunaldia hezteko asmoz.

Eskolaz kanpoko akademia bat izango da, haur eta gazteen artean ezagutza eta jarrera kritikoa lantzeko asmoz. Munduan aurkitzen ditugun arazo sozial, ekonomiko, politiko eta kultural nabarienak landuko dira eta hauek ulertzeko dauden perspektiba ezberdinak ikusi, betiere, elkar entzutea eta ulertzea sustatuz.