TOLOSA. Tolosako Abeki zentroak bere ateak irekita izango ditu gau eta egun, kalean bizi diren pertsonak artatzeko. Zentroa pasaden igandean ireki zen eman ziren tenperatura baxuengatik, baina bakarrik gauez, eta orain 24 ordu egunean egongo da zabalik.

Udalak Abegi aste honetan gau eta egunez zabaltzea aurreikusia zuen, baina irekiera aurreratu zuen tenperaturen jaitsiera zela-eta. Ostegunetik, gau eta egunez ari da Abegi kalean bizi diren pertsonak artatzen Peñaskal Kooperatibako kideen laguntzarekin, haiek arduratuko baitira zentroaren kudeaketaz larrialdiak iraun bitartean. Dagoeneko bost pertsona daude.

Alarma egoeraz geroztik, udalak oinarrizko zerbitzu gisa izendatu ditu Gizarte Zerbitzuak, Udaltzaingoa eta Herritaren Arreta Zerbitzua. Guztiak buru belarri ari dira lanean herritarrei ahalik eta modurik egokienean erantzuteko eta tolosarren beharrak artatzeko.

Gizarte Zerbitzuetatik, besteak beste, kalteberatasun egoeran edota menpekotasun egoeran dauden eta behar bereziak dituzten pertsonen beharrak bideratzen ari dira, esaterako, jangela sozialeko erabiltzaileenak, Etxez Etxeko Arreta Zerbitzua jasotzen dutenenak, Eguneko zentrora joaten diren eta orain ezin duten pertsona horienak ere bai, edota indarkeria matxista jasaten duten emakumeenak. Sailetik kudeaketa lan guztiak egin ostean, elikadura bankuko erabiltzaileei, Zutani elkartearen eta orain baita ere Peñaskaleko boluntarioen laguntzarekin, banatuko zaizkie elikagaiak eskariek gora egin dutelako. Adineko pertsonen kasuan, 70 urtetik gorako pertsonei deiak egiten jarraitzen dute egoeraren jarraipena egin eta beharrak atzeman eta erantzuteko.

Udate, Herritarren Arreta Zerbitzua, zabalik da telematikoki eta telefono bidez, tolosarren zalantzak eta kezkak argitu eta herritarrei beharrezko duten informazioa emateko. Orain artean, 300 dei baino gehiago jaso dituzte.

Udaltzaingoa ere hainbat lan gauzatzen ari da azken asteetan, lehen egunetan arau-hauste gehiago izan ziren eta zenbait espediente zabaldu behar izan bazituzten ere, herritarrak, oro har, ondo erantzuten ari dira eta beraz, tolosarrek dituzten eguneroko beharrei erantzun dabiltza udaltzainak. Deiak jaso eta horiek artatu, kontrolak gauzatu beharrezkoa den eremuetan eta bereziki laguntza eskaini, horixe da udaltzaingoaren egitekorik nagusiena momentu honetan.

Udaltzaingotik azpimarratu nahi izan dute, herritarren lasaitasunerako, kaleak desinfektatzeko erabiltzen ari diren produktuak ez direla etxeko animalientzat kaltegarriak.