GASTEIZ. Gasteizko Udalak azaleratu duenez, udal langileen heren bat baino gehiagok lanean jarraituko du konfinamendu garaian, funtsezko zerbitzuak bermatu ahal izateko.

Zerbitzu horiek, Gorka Urtaranek azaldu duen moduan, honako hauek izango dira: Udaltzaingoa, suhiltzaileak, gizarte-zerbitzuak, garbiketa eta hondakinen kudeaketa, hornitzaileei ordaintzea eta kontratazioa, osasun publikoa, ur-hornidura eta -arazketa, laneko arriskuen prebentzioa eta herritarrentzako telefono bidezko arreta. Beste arlo batzuetan, berriz, gutxieneko zerbitzuak mantenduko dira: udalbatzaren idazkaritza, administrazio orokorreko teknikariak, garraio publikoa, enpresentzako orientabidea, giza baliabideak, gizarte-etxeak, trafikoa eta autobus-geltokia.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek prentsaurrekoan jakinarazi zuenez, “lanean jarraitzen dugu, gogor, eskura ditugun neurri guztiak ezarriz, osasunaren eta ekonomiaren esparruetan. Guztion artean aurre egin behar diogu pandemiari eta bizi dugun aparteko egoera honi”.

Udala ahalegin handia ari dela egiten, babes-material sanitarioa eskuratzeko, udal langileen segurtasuna bermatze aldera. “Adibidez, joan den astean 56.000 maskara eta 56.000 eskularru pare banatu genituen Eudelen bidez, Euskadiko udalerrietako etxez etxeko laguntza-zerbitzuetarako. Horietatik, 5.100 inguru Gasteizen banatu ziren. Horrek, beste hornidura batzuekin batera, gutxi gorabehera 15 egunetarako material nahikoa izatea ahalbidetzen digu. Nolanahi ere, jakina, lanean jarraituko dugu, epe hori igarotakoan norbera babesteko ekipamenduekin hornitzen jarraitzeko, horiek eskatzen dituzten udal-langileen segurtasuna bermatu behar baitugu “, aipatu zuen alkateak.

EGOERA EKONOMIKOAK

Egoera ekonomikoak ere kezkatzen du udal gobernua. “Orain lehena osasuna da. Ildo horretatik, erabaki berriak jakinarazi dira azken egun hauetan, aurreko asteetan hartutakoez gain, hala nola zerga eta tasa nagusiak ordaintzeko epea zabaltzea, herritarren likidezia bermatzeko; udal lonjen alokairua bertan behera uztea, bertako negoziek alarma-egoeraren ondorioz bere jarduerari eutsi ezin diotenez; familiek ordaindu beharreko haur-eskolen kuotak murriztea, jarduera etenda egon den egunen arabera, eta enpresa txiki, denda eta autonomientzako aholkularitza-zerbitzu bat matxan jartzea. Halaber, ostalaritzako mahai-aulkien tasa kobratzeari utziko dio Udalak alarma-egoerak irauten duen bitartean eta arindu egin ditu hornitzaileei egin beharreko ordainketak, hiriko familia eta enpresen likidezia faboratzeko.

Industria erabat gelditu delako ere kezka agertu zuen alkateak. “Gasteiz Estatuko hiri industrializatuenetakoa da. Gure BPGaren %30 sektore horretan sortzen da, baita hiriko lanpostuen %27,5 ere. Eta une honetan lehentasuna osasuna da, baina osasunaren defentsa ere bateragarria da gutxieneko jarduera industrial eta ekonomiko bat mantentzearekin. Ulertzen dut segurtasun neurriek industriaren jarduera murriztea, baina erabat geldiarazteak oso eragin negatiboa izango du gure tokiko ekonomian “.

Hilerrietako jarduerei dagokienez ere neurri berriak jarri dira martxan aste honetan. Hain zuzen ere, gehienez ere hiru lagun joan ahal izango dira hiriko hilerrietan egiten diren ehorzketetako bakoitzera. Gainerako denboran, itxita egongo dira hilerriak. Ehorzketa horietara joaten direnek debekatuta edukiko dute hilkutxa ukitzea, eta metro eta erdiko distantzia soziala mantendu beharko dute beren artean. baita udal langileengandik ere, zeinek babes-ekipoak eramango baitituzte.

Eskerrak eman dizkie alkateak “hirian funtsezko zerbitzuei eustea posible egiten ari diren profesional guztiei” eta orobat “eskertu du gasteiztarrak erakusten ari diren portaera paregabea eta ematen ari diren erantzuna, dagoeneko egoera honetan hainbat egun egin ditugun honetan. Eutsi goiari!”. Gorka Urtaranek beren etxeetan konfinatuta dauden neska-mutilak ere aipatu ditu bereziki, baita ahalegin oso garrantzitsua egiten ari diren gurasoak ere.