Hezkuntzarako lan eskaintza publikoan izena emateko epea zabaldu da gaur, otsailak 28, eta martxoaren 18ra arte egongo da zabalik (biak barne). Halaber, apirilaren 29tik maia-tzaren 11ra bitartean izangaiek programazio didaktikoa eta merezimenduak aurkeztu beharko dituzte. Aurtengoan, Hezkuntza Sailak 1.148 plaza eskaintzen ditu, 1.021 Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegora eta beste 127 Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen kidegora bideratuta.

Oposizio aldian bi proba burutu beharko dira. Aurrenekoa, ekainaren 20an egingo dute izena eman dutenek, Barakaldoko Bilbao Exhibiton Centren. Lehena bada ere, kanporatzailea izango da, eta bi zatitan banatuko da: 1. zatian izangaiek idatziz garatu beharko dute euren espezialitatearekin bat datorren zerrendako gai bat. Hori amaitutakoan, kasu praktiko bat landu beharko dute 2. zatian, dagokien espezialitatearekin lotura estua izango duena baita ere.

Lehen langa hori gainditzen dutenek, oposizioaren bigarren txanpara jauzi egingo dute. Azken honetan, epaimahaiaren aurrean programazio didaktikoaren aurkezpena egin beharko dute (aldez aurretik maiatzean entregatutakoaren ildotik joango dena).

Deialdi berri honek jarraipena emango dio 2015tik Hezkuntzan urtero egin direnei. Hezkuntza Sailetik gogoratu dutenez, legealdiaren hasieran egindako promesa bete egin da; 5.000 plaza eskainiko zirela zin egin zuten, eta kopuru hori dagoeneko gainditu da. "Enplegu Publikorako Eskain-tzek, kalitatezko enplegua sor-tzeaz gain, Euskal Hezkuntza Sisteman diharduten irakasleei lan-egonkortasun handiagoa ere eskaintzen diete; egonkortasun horrek, aldi berean, sendoago bihurtzen du hezkuntza sistema, irakaskuntzaren kalitatean ere eraginez. Aurrekoetan legez, segurtasun eta berme juridikoa lehenesten dira eskaintza berrian ere, hau prestatzeko ahalegina egiten duten irakasleen lana baloratzeko asmoz, haien itxaropen eta ilusioak babestearekin batera", berretsi dute.

ESKAINTZA ZABALA Arestian aipatu bezala, bi kidego ezberdinetan daude banatuta plazak. Alde batetik, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoen 127 plaza daude orotara. Honen barruan, zazpi espezialitate daude, eta hurrengoak dira plaza gehien eskatzen dituztenak: Makinen Mekanizazio eta mantentzea (68), Ibilgailuen Mantentze lanak (14), Sukaldaritza eta gozogintza (13) eta Soldadura (12).

Bigarren taldea, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegoarekin dator bat. Honetan, askoz espezialitate gehiago dauden aldetik, plaza kopurua handiagoa da; 1.021 eskaintzen dira orotara. Horien artean, honatx aipatuko direnak nabarmentzen dira: Matematika (147), Geografia eta Historia (116), Gaztelania (115), Fisika eta Kimika (81), Euskara (55), Informatika (52), Fabrikazio mekanikoko antolakuntza eta proiektuak (49), Filosofia (45), Biologia eta Geologia (44), Hezkuntza-Orientazioa (36) edota Gorputz Hezkuntza (35).