Hiru geltoki berri

Gasteizko tranbia Unibertsitatera ailegatuko da gaurtik aurrera

Angulemako geralekua eta Unibertsitatekoa lotzen dituen kilometro eta erdia dauka

15.02.2020 | 18:49
Gasteizko tranbia.

BILBO. Gasteizko tranbia Unibertsitatera ailegatuko da gaurtik aurrera. Hiru geltoki berri daude martxan gaurtik, Florida, Hegoalde eta Unibertsitatea. Angulemako geralekua eta Unibertsitatekoa lotzen dituen kilometro eta erdia dauka.

Azken bi urteetan batez beste egunean 40 langile aritu dira lanean, eta 150.000 lanordu egin dituzte
Vitoria-Gasteizko tranbiak beste une garrantzitsu bat bete du gaur. Goiz erdian, Angulemako geralekua eta Unibertsitatekoa lotzen dituen kilometro eta erdia, 1.400 metro, hain zuzen ere, eta hiru geltoki berriak, Florida, Hegoalde eta Unibertsitatea, estreinatu ditu.

Goizeko hamaikak pasatxo zirenean, Ibaiondotik zetorren unitate batek lehen aldiz egin du jendearekin Florida kaleko ibilbidea, eskuinera hartu eta, tranbia igarotzeko zabaldu behar izan den Las Trianas zubia zeharkatuz. Ondoren, Castro Urdiales kalea hartu du, Nieves Canotik jarraitu eta Martínez de Aragón kalean amaitu du ibilbidea.

Zerbitzua doakoa izan denez, bidaiari gehiagok erabili dute, eta horietako batzuek bat egin dute ondoren programatu diren jai ekitaldiekin. Ekitaldi horietan zenbait musika talde aritu dira. Trazatuaren luzapenak Unibertsitatea hirira hurbildu du, garraio publiko moderno, jasangarri eta irisgarriari esker.

Tranbia hegoalderantz luzatzeko eraikuntza lanek datu azpimarragarriak eman dituzte. Adibidez, batez beste egunero 40 langile aritu direla lanean obrek iraun duten bi urteetan, eta horietan 150.000 lanordu inguru egin direla. Azpiegitura berriak bidegorri sarea kilometro bat inguru luzatzeko eta tranbiaren trazatuan zehar 20.000 metro karratuko azalera urbanizatzeko aukera eman du. Lan horien barruan, hainbat motatako 25 kilometro hodi ezarri dira.

Gaurtik aurrera, Ibaiondotik datorren tranbiaren azken geralekua Unibertsitatea izango da, eta Abetxuko adarrarena, berriz, Florida. Enbor komunean, hau da, Honduras eta Florida artean, maiztasuna 7,5 minutuz behingoa izango da, eta gainerako tartean 15 minutukoa.

Tranbia Unibertsitatera luzatzeko lanen aurrekontua 14,3 milioi eurokoa izan da, eta Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren arteko hitzarmenaren bitartez finantzatu dira. Eusko Jaurlaritzak %65eko ekarpena egin du, eta Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak %35ekoa, erdibana.

Floridako geltokiaren ondoren, tranbiarako maniobra mahuka bat eraiki da eta bertan egongo da aurreikuspenen arabera datorren asteetan hasiko den Salburuarako luzapenaren lotunea. Adar horrek beste bi kilometrotan luzatuko du trazatua, eta bost geraleku berri izango ditu: Santa Luzia, La Iliada, Nikosia, La Unión eta Salburua. Aldi berean, joan den astean Euskal Trenbide Sareak Zabalganako luzapenean eraikiko diren tranbiaren kotxetegietarako informazio azterlana lizitatu zuen. Datozen asteetan Zabalganako azterlanaren tramitazio publikoari ekingo zaio.

Azken egunotan, lehen unitate estraluzeek zirkulazio-probak egin dituzte hirian zehar, baina proba horiek osatu behar direnez, larunbat honetatik bertatik ez da posible izan erabiltzaileekin zerbitzurik ematea. Euskotrenek datozen egunetan pixkanaka sartuko ditu unitate berriak zerbitzu komertzialetan.

Kotxe berriek 7 modulu dituzte, eta orain artekoak 5 zituzten. 44 metro luze dira, eta martxan jarri zenetik etengabe handituz joan den tranbia zerbitzuan eraman dezaketen pertsona kopurua 270etik 400era igotzea posible egingo dute. Mugikortasunari dagokionez Green Capital-eko hiri garraioaren ardatz egituratzailea bilakatu da tranbia.