Gaur hasiko da 'Dock of the Bay' jaialdia Trueba zinema-aretoan. Zinemaldiak larunbatera arte iraungo du. Guztira, 26 proiekzio eta 7 estreinaldi izango dira.

Sail ofizialean bederatzi lanek parte hartuko dute; bestalde, lehiaketaz kanpoko film luzeen atalean, Perfect Day izenekoan, 11 film jarriko dira ikusgai. Gainera, Paint it black atzerabegirakoak Daniel Johnston omenduko du. Ameriketako Estatu Batuetako underground eszenako figura garrantzitsuenetako bat izandakoa irailean zendu zen bihotzeko batek jota.?

?

Gaurko jardunaldiari hasiera emateko "PJ Harvey: A Dog Called Money" proiektatuko da, PJ Harvey musikariaren inspirazioa, konposizioa eta disko baten grabazioa ezagutzeko bidaia intimo bat. Horrez gain, "Lil Peep: everybody's everything" filma ikusteko aukera ere izango dugu. Terrence Malick zinegileak ekoiztutako elegia zirraragarria, Lil Peep protagonista duena: emo-trapen ikono, hogeita bat urte besterik ez zituela hil zen gaindosi batek eraginda eta bat-bateko ospearen zamaren pean.

Italiako "At He Matinee"-k, astelehena 13an proiektatuko denak, 80ko hamarkadan munduko klub famatuena izandakoa, CBGB, ezagutzera ematen du Walter Schreifelsen, New York hiriaren eta hardcore musikaren bitartez.

Dock of the Bay Elkarrizketak

Aurten jaialdiak formatu berri baten alde egin du apustu: Dock of the Bay Elkarrizketak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirolak Departamentuaren babesari eta Musikeneren lankidetzari esker. Elkarrizketarako gune bat zinearen eta musikaren arloetako bi gonbidaturekin. Gune atsegin eta hurbil bat, non, ordu eta erdiz, haien proposamenak entzuteaz gain zuzenean aritu ahal izango garen solasaldian haiekin. Bi egun, bi elkarrizketa.

Urtarrilaren 15ean, parte-hartzaileak hauek izango dira: Garbiñe Ortega, Punto de Vista-ko zuzendari artistikoa, etaStefano Scarani, Musikan doktore eta nazioarteko ekitaldietan ibilbide magistrala egina konpositore gisa. Hurrengo egunean izango ditugu Mireia Iniesta, zineko irakaslea eta programatzailea Craft Film Festival-en, eta Aitor Etxebarria, konpositorea eta musikaria. Bi "Elkarrizketak" Koldo Mitxelena Kulturunean izango dira, 19:00etatik 20:30era. "Elkarrizketak" elkarraldietara bertaratu nahi duzuenek bidali email bat helbide honetara: info@dockofthebay.es.

Epaimahaia

Hamahirugarren edizio honetako epaimahaia hauek osatua da: Nacho Vegas musikaria, Garbiñe Ortega irakaslea eta Punto de Vista-ko zuzendaria artistikoa, eta Koldo Almandoz zinegilea.

Nacho Vegasek, 90eko hamarkadaz geroztik hainbat taldetan jardunak, 2001ean hasi zuen bere ibilbidea bakarka. Orain artista gailenetakoa da estatuko eszenan eta, gainera, gero eta ospe handiagoa hartzen ari da Latinoamerikan. Bere lan berria, Violética (Marxophone, 2018), aldi berean kaleratu zen Espainian, Mexikon, Argentinan eta Txilen. Literaturan eta zinean ere egin ditu sarraldiak, eta nabarmentzekoak dira bere poema eta kontakizun liburua Reanudación de las hostilidades (Espasa, 2017) eta Cantares de una revolución (Ramón Lluís Bande, 2018) musika dokumentalean izan duen partaidetza. Nacho Vegas 2020an hasiko da lanean bere hurrengo diskoa kaleratzeko; Oso Polita zigiluak editatuko du.

Garbiñe Ortega Euskal Herrian garatzen den ikus-entzunezko prestakuntza eta erakustaldirako Zineleku proiektuaren sortzaile kidea da. Irakaslea da Elias Querejeta Zine Eskolan eta ESCACen (Bartzelona). Orain Punto de Vista-ko zuzendari artistikoa da.

Koldo Almandoz zinegilea da, Kazetaritzan eta Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua. The Balde (2003-2017) arte eta kultura aldizkariko zuzendaria. Festival Punto de Vista-ko (2013-2017) hautaketa-batzordeko kidea. Irakaslea EQZE Zine Eskolan.

Dock Live!

Dock Live!-k hiru saio berezi izango ditu aurten urtarrilaren 15, 16 eta 17an Tabakaleran. Asteazkena 15ean 21:00etan Joseba B. Lenoiren txanda izango da. "Bai, bagera" dokumentalaren musika zuzenean Larraitz Zuazo zuzendariaren muntaia alternatibo batekin. Osteguna 16an 21:00etan, Elena Setiénen kontzertu-akelarre bat, 1922an Benjamin Christensenek zuzendutako Haxän kultuko pelikularen remix alkimiko batek lagundua, Koldo Almandozen ikuspegitik.

Ostirala 17an 19:00etan, Musikeneko Auditorioan, Synchresis artxiboko bideomusikako lanak proiektatuko dira "Musikene meets Synchresis" programaren barruan.

Ro eta Sara Zozaya bandek -azken hau egoiliarra Kutxa Kulturren- Arnau Padilla zinegilearekin batera -Elías Querejeta Zine Eskolako ikaslea- Jaialdiaren aurreko saio berezi bat aurkeztuko dute larunbata 11n 17:00etan Tabakalerako Jatorrizko Soinu Banda programazioaren barruan.

Gainera, Jaialdian zehar Kutxa Kultur Plazako bideo Wall-ean egunero proiektatuko dira Musikeneko bideomusikako lanak 12:00etatik 13:00etara eta 19:00etatik 20:00etara "The Videomusic Connection" izenburupean.

Bestalde, bi libururen aurkezpenak eta zuzeneko bi irrati programa izango dira. Juanma Gil autoreak "Un hombre bajo el agua" aurkeztuko du Mikel Casalekin batera ostirala 17an 19:00etan Tobacco Days-en, eta larunbata eguerdian Kutxa Kultur Plazako patioan Ramón Lluis Banderen "Cuaderno de la revolución" aurkeztuko da, Nacho Vegasekin.

Irratiak ere hor izango dira hiru proposamenetan. Batetik, Asier Leozek zuzeneko programa bat emango du Deusto Irratia Dock of the Bay saio berezian. Larunbata 18an 13:00etan Asier Leoz eta Juan Luis Etxeberria, Nacho Vegasekin batera, "Zure bizitzako diskoa" arituko dira uhinetan aurkezten. Eta "Carántula" irrati programa grabatuko da gainera.