BILBO. Nature Astronomy aldizkariak "A complex storm system in Saturn's north polar atmosphere in 2018" izeneko artikulua argitaratu du, zeinak UPV/EHUko planetologiako lantalde baten ikerketa biltzen duen. Bertan, Agustín Sánchez Lavega irakasleak zuzendutako taldeak Saturnon sortu diren iraupen luzeko ekaitz handi batzuei eginiko segimenduari buruzko emaitzak ikusi daitezke.

Astronomo brasildar amateur batek ikusi zuen lehen aldiz, 2018ko martxoaren 29an, orban zuri distiratsu bat Saturno planetaren diskoan, ipar polotik gertu. Egun gutxi batzuen buruan, orbana hazi egin zen, eta 4.000 km-ko luzera hartu zuen. Horrela, planeta eraztundunaren diskoko ezaugarri nagusia bihurtu zen. Bi hilabete inguru geroago, beste orban bat agertu zen iparralderago eta, ondoko hilabeteetan, baita hirugarren eta laugarren orbanak ere, ipar polotik askoz gertuago, Saturnoko hexagono ezagunaren mugan bertan. Behaketetan inoiz ez zen halakorik ikusi ordura arte.

Orbanak desplazatu egin ziren hilabete horietan, abiadura desberdinean, Saturnon ekialdera eta mendebaldera doazen jet korronte atmosferikoek bultzatuta. Horien indarra latitudearen araberakoa da. Lehen orbana, hegorago zegoena, 220 km/h-ko abiaduran mugitzen zen ekialderantz; iparrerago zegoena, aldiz, 20 km/h-ko abiaduran desplazatzen zen mendebalderantz. Horren ondorioz, elkarrekin topo egin, elkarren albotik igaro eta elkarri eragiten zioten, eta perturbazio atmosferikoak sortu, zeinak Saturnoko ipar polo osora zabaldu baitziren.

Orbanen ezaugarriei erreparatuta, badirudi konbekzioz sortzen direla beheko ur hodeietan, ikusten diren hodeien azpitik 200 km ingurura. Gas heze eta beroak bizkor egiten du gora Saturnoko hidrogenozko atmosfera arinean, eta teleskopioz ikusten ditugun amoniakozko hodei dentsoak sortzen dira. «Lehen aldiz ikusi dugu horrelako fenomeno bat: hainbat ekaitz latitude desberdinetan. Orain arte ekaitz txiki isolatuak bakarrik ikusi ditugu, edo Orban Zuri Handi deritzen ezohiko ekaitz erraldoiak», dio azterlana zuzendu duen Agustín Sánchez Lavega irakasleak. Harrigarria bada ere, lehen ekaitza zurrunbilo zikloniko baten barnean sortu zen, aurkikuntzaren aurretik Cassini espazio ontziak, suntsitu baino lehen, lortu zituen irudien azterketaren bidez ondorioztatu denez.

IRAUPEN ETA INTENTSITATE HANDIKO EKAITZAK

Ekaitz horien simulazioak egiteko sortu diren ereduen arabera, ekaitz txikiek baino energia gehiago eta erraldoiek baino energia gutxiago dute, baina ez dakigu zer mekanismok ahalbidetzen duen latitude desberdinetan sortzea eta, batik bat, nola irauten duten horrenbeste. «Lurrean, gisa horretako ekaitzek egun batzuez iraun dezakete asko jota; Saturnon, ordea, lehen orbana zazpi hilabetean baino gehiagoan egon zen aktibo» dio Sánchez Lavegak. Gainera, ekaitz berriak, ipar hemisferioan baino ez dira behatu (ez dira inoiz ikusi hego hemisferioan), Orban Zuri Handiak bezala, eta sortu ere badirudi horien antzeko erritmoan sortzen direla: bat 30 edo 60 urtean behin.

Saturno, gainerako planeta atmosferadunak bezalaxe, laborategi natural bat da. Bertan, gure planetan ere gertatzen diren fenomeno meteorologikoak azter ditzakegu eta horiek azaldu eta aurreikusteko modeloak probatu ditzakegu, muturreko egoeretan.

Azterlana egiteko nazioarteko eragile askoren arteko lankidetza izan dugu: Cassini misio espaziala, planetaren orbitan izan zena 2017ko irailera arte; Hubble espazio teleskopioa, Calar Altoko behatokian instalatuta dagoen UPV/EHUren PlanetCam kamera eta behatzaile amateurren sare handi bat, haien irudiek asko lagundu baitute fenomenoaren eguneroko bilakaera jarraitzen.