GErnika-LUmo - Ameriketan zabaldu zen euskal diasporaren irla berezienetakoa da Boise, Idahoko estatuko hiriburua, Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldean. Bertan bota zituzten erroak milaka euskaldunek. Eta bertatik etorria da Brad Little gobernadorea, azken egunotan Bizkaiko hainbat erakunde publiko, enpresa eta txoko bisitatzen ari dena. Helburu ekonomikoak eta kulturalak ditu tarteko, baina atzo Gernika-Lumo izan zuen harrera “berezia” izan zela aitortu zuen. Lehendabizi Udalean eta ostean Batzar Etxean, Littlek “hain lagun” dituen euskaldunak bisitatzeko aukera izan zuen. Ezagunak, batzuk.

Goizean, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiarekin batzartu zen, Foru Jauregian. Atzerrira egiten duen lehen bisitan -2019ko urtarriletik dago karguan-, herrialdearekin lotura estutzea izan zuen helburu nagusi. Aldundiko bozeramaileek azaldu zutenez, “Idahoko ordezkari-tzak -Littlekin batera ekonomi, merkataritza eta nekazaritza arloko arduradunak izan ziren- lan-gosaria egin zuen Aldundiko Ekonomia Sustatzeko, Kulturako eta Erakunde Harremanetarako arduradunekin”. Hala, “bi erakundeek indartu egin dute harreman ekonomikoak eta merkataritzako estutzeko akordioa”. Lehendik ere euskaldun erakundeen eta Idahokoen harremana estutzeko parada izan zuten. Izan ere Atlantikoko alde bietako herriek azken lau urteetan “enpresa-misioak bidali dituzte”.

Baina ekonomia zein enpresa kontuetaz aparte, badira Euskadi eta Idaho ederki asko lotzen dituzten harremanak, hamarkada luzetan landurikoak eta gaur egun ere estuki mantentzen direnak. Diasporaren eraginez, AEBtan 50.000 euskaldun jatorriko bizilagunak dira, beste iturri batzuek 100.000 pertsonatan zehazten dituztenak. Hara eta bestera joanak, hala ere artzain lanetarako joandako Idaho dute erdigune, Boise hiriburuarekin batera. Eta euskaldunak “preziatuak” direla azaldu zuen Littlek. Bere esperientzia propiotik zioen hau. Inaxio Arrieta izan zen gobernadoreak besarkatu zuenetako bat, 30 bat pertsonako talde zabal batekoa, “denak Idahorekin lotura zutenak, han jaioak eta bueltan etorritakoak”. Bere kasuan, eta bere anaia biren kasuan, “Littlen etxaldean egiten zuten lan, eskurik esku berarekin eta bere familiarekin”. Arrieta bertara joanikoa da, 1999 urtean. “Anaiak han izan ditut”, bertan familia osatu zutenak. “Txikiena han dabil eta oraindik Littlekin harreman estua du. 40 urte eman ditu berarekin”, azaltzen zuen. “Jakin badakit zenbat apreziatzen dituen euskaldunak, gure kasuaz erreparatzea besterik ez dago”, zioenez.

Idahorekin lotura duten euskaldunek “ilusioz” jaso zuten Littlen bisita Gernika-Lumoko Batzar Etxean. Eta gobernadoreak ere euskal historiaren zati den eraikina bisitatzeko aukera izan zuen, ahaldun nagusia eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentearen laguntzarekin. Ohorezko liburuan sinatu ostean, diasporatik sortetxera bueltatutakoekin aritu zen solasean. “Euskaldunak lagun” dituela esan zuen behin eta berriz, Idahok eta Euskadik duten elkarrekiko loturari gorazarre eginez.