BILBO."Ondo Jan" proiektua, Bilboko Unamuno BHIkoa, STEAMxHealth erronkaren hamar irabazleen artean dago. Guztira, 500 proiektu baino gehiagok parte hartu dute LaCaixa fundazioak proposatutako erronkan. Aurkeztutako proiektuak DBH 3. eta 4. mailako ikasleek, batxilergokoek eta gradu erdiko lanbide heziketakoek egin dituzte.

Horien helburua haien komunitateko kultura zientifikoa indartzea da, ikerketa partehartzailea duen txapelketa baten bitarteZ

Aurtengo gaia hau izan da: “Nutrizioa: elikadura adimentsua”. 10 irabazleetariko bat Bilboko proiektu bat izan da, Unamuno BHIko 1. Batxilergoko 5 ikaslek osatutako taldearena; hori horrela, Euskal Herriko talde ordezkari bakarrak izan dira.

“Ondo Jan” izeneko proiektuak zera proposatzen du: mugikorrentzako aplikazio bat sortzea, eskolan jaten dutenaren arabera menu osasuntsua eskainiz. Proiektuaren sortzaileak Asier Angulo, Janire Aparicio, Unai Fernandez, Sara Mosquera eta Rebeca Tejerina izan dira.

Proiektua aurrera eramateko, hainbat inkesta egin dituzte ikastetxean, Paloma Quintana nutrizionistaren (nutricionconQ) laguntza izan dute eta asteroko menua osatzeko mugikorrentzako beta aplikazio bat sortu dute; hezkuntza komunitateari laguntzeko erabilgarria izango dena.

Beñat Erezuma izan da proiektua gainbegiratzen ibili den irakaslea eta zera dio “oso harro nago ikasleak egindakoarekin; esfortzu eta ilusio askoren ondoren, saria heldu da”.

Unamuno BHIko 5 ikasleek CosmoCaixa bootcamp-ean parte hartuko dute Bartzelonan uztailaren 1tik 5era. Bertan ikerlarien hitzaldiak, tailer praktikoak eta lanketa kooperatiboaren bidez haien proiektua hobetu ahal izango dute.

Aste hortan aukeratutako hiru proiektu ere sarituko dituzte, Massachusetts Institute of Technology-an (MIT) aste beteko heziketa programa bat egiteko.