BILBO. Euspot 2019, euskarazko iragarkien lehiaketa, sariak datorren ostegunean banatuko dira Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan. Antolatzalileak 98 lan jaso ditu aurten, iaz baino 25 gehiago. Lehiaketak 2.550 euro banatuko ditu saritan, bost kategoria ezberdinetan: Iragarkirik onena (1.000 euro), Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarkirik onena (500 euro), Publikoaren saria (500 euro), Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro) eta BHklip saria (250 euro).

Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena umoregileek gidatuko dute ekitaldia.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten ere Euskal Herriko leku askotatik jaso dituzte iagarkiak, besteak beste, Hernani, Tutera, Sopela, Bilbo, Zarautz, Oñati, Gasteiz, Aramaio, Donostia, Aretxabaleta, Fontellas, Eskoriatza, Eibar, Durango, Ordizia, Hondarribia, Zaldibia, Ondarroa, Tolosa, Arrasate, Urretxu, Zumarraga, Andoain edota Bergaratik.

Aurkeztutako lanen artean, 18 urtetik beherakoek eginiko 62 lan eta 18 urtetik gorakoek eginiko 36 lan aurkeztu dira. Parte hartze kopuruan eta kalitatean "igoera nabarmena" izan dela nabarmendu dute, iaz baino 25 iragarki gehiago jaso baitira. Igoera horren arrazoia hainbat ikastetxetan propio lehiaketarako egindako lanketa berezia izan da.

JARDUERA FISIKOA

Euspot lehiaketak jarduera fisikoaren inguruan hausnarketa egin nahi izan du aurtengo edizioan, eta iragarkiek nabarmendu behar zuten jarduera fisikoak eskaintzen dituen onura fisikoak, psikologikoak eta sozialak.

"Gizarte aktiboago bat sustatzea da helburua. Egunean zehar egiten ditugun jarduera fisikoekin onura berberak lor genitzake. Egunerokotasunean aktibo izateak osasun hobea izaten eta hobeto sentitzen laguntzen digu. Pertsona inaktiboak aktibo bihurtu nahi ditugu jarduera fisikoa areagotuz eta sedentarismoa baztertuz", azaldu dute.

Aurtengo edizioan indartsu ekin diote antolatzaileek "harrobi lanari", ikus-entzunezko publizitatearen gaineko saioak eskainiz ikastetxeetan eta ikus-entzunezko eskola espezializatuetan. Edizio honetan ahalegin berezia egin da formakuntzan eta sustapenean, eta 11 saio izan dira Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Formakuntza saioen helburua izan da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea.

Azkenik, antolatzaileek jakinarazi dute Publikoaren sarirako 2.000 bototik gora jaso dituztela bost egunetan. Bestalde, aurten Facebook eta Instagram sare sozialetan egin den zozketa gogoratu dute: GoPro Hero akzio kamera bat zozkatu da, 1.200 pertsona baino gehiagok parte hartu dute eta irabazlea Maider Donoso izan da.