BILBO. Ingurunet sistema berria martxan dago, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak jakinarazi duenez. Hori esker, ingurumen kudeaketari buruzko informazio eta tramitazioak egin ditzake.

Tresna abian jartzearekin batera, Ingurumen Sailburuordetzak jardunaldi informatiboa antolatu du eta enpresa eta udaletako 300 ordezkari baino gehiago gonbidatu ditu. Hitzordua asteazkenean izango da, apirilaren 10ean, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzako auditoriumean. Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak tresnaren ezaugarri, erabilgarritasun eta berritasun nagusien berri emango du.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, bere ingurumen alorrak espediente kopuru handia tramitatzen du, eta kopuru hori hazten doa urtez urte, hein handi batean, alorrean eskumena duten administrazio ezberdinek ezarritako araudi eta kontrolak gehitu egin baitira, bereziki Europar Batasunetik igorri diren zuzentarauen ondorioz. Azken lau urteotan, Ingurumen Sailburuordetzak egindako komunikazio eta izapideak %68 hazi dira: 2015eko 6.063 kasutik 2018ko 10.182 kasura.

Haien garrantziagatik, ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren espedienteen izapideak nabarmendu dira, ia hirukoiztu egin baitira (193tik 527ra), bai eta airearen kalitatearekin lotutakoak (2018an 480 eta 2015ean 86) eta lurzoruaren kalitateari buruzkoak ere (2015ean 1.147 eta 2018an 1.720). Ildo horretan, Plan eta Proiektuak Ebaluatzeko Dekretu berri bat garatzen ari da, bai eta lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeko legea garatuko duen Lurzoruen Dekretua ere.

Bestalde, Ingurunet tresnaren helburu nagusienetako bat da herritarrek, enpresek eta udalek euskal herri administrazioarekin egin beharreko ingurumen kudeaketa guztiak sinplifikatu eta bizkortzea, ahal den heinean, gaur egun ez baita hori gertatzen.

LAU MODULU

Sistema berria datozen egunotan jarriko da abian, eta lau modulu izango ditu. Jarduera sailkatuak moduluaren bidez, Euskadiko udal guztiek aukera izango dute ingurumen erakunde autonomikoari neurri zuzentzaileen txostena eskatzeko, ondoren jarduera sailkatuaren udal baimenak igortzeko.

Halaber, Natura Ondarea moduluarekin, edozein pertsona fisiko zein juridikok, publiko edo pribatuk, Red Natura 2000 ekimenaren baitako espazioei buruzko eragin txostenak eskatu ahal izango ditu, proposatzen diren jardueren arabera.

Gainera, Kutsaduraren prebentzio eta zuzenketa bateratua moduluaren bidez, araubide hori bete beharreko enpresa guztiek baimen bateratu berri guztiak izapidetzeko aukera izango dute, ingurumen erakundeak ezarritako prebentzio eta zuzenketa neurrien arabera jarduerari hasiera emateko.

Azkenik, Etiketa ekologikoa moduluan, edozein pertsona fisiko edo juridikok, publiko edo pribatuk, ingurumen ondorio txikiagoa egiaztatzen duen produktu edo zerbitzuari dagokion etiketa ekologikoa eskatu ahal izango du.

Ingurunet tresna eskuragarri dituen prozeduren katalogoa eguneratzen joango da, pixkanaka, gaur egun lks sistemaren bidez izapidetzen diren moduluak behin betiko "itzaltzeko". Halaber, laster gehituko da ingurumen ebaluaziorako eta kutsatutako lurzoruen ebaluaziorako araudiaren ondoriozko ingurumen baimen bateratuak eta prozedurak aldatzearen ondoriozko izapideak egiteko aukera. Tresna abian jarri eta garatzeari esker, ingurumen kudeaketari buruzko prozedura administratibo guztiak elektronikoki tramitatu beharko dira.