zarautz - Euskal Jai egun handiarekin emango zaio amaiera borobila gaur Euskal Asteari, eta 8.00etan hasiko da Goiztiarrak taldea kaleetako giroa berotzen. Ondoren trikitilariak, txistulariak, dultzaineroak eta Iturengo joaldunak aterako dira. Meza nagusiaren ondoren, pilota partidak, herri kirolak eta bertsolariak izango dira Frontoi Txikian.
Bitarte horretan, gazte eta heldu kaleetan zehar ibiliko dira baserritarrez jantzita. Eta 12.00etan helduko da egunaren hitzordu nagusia: Alprojaren antzezlana. Aurtengoan Sustraiak antzezlana eskainiko dute, eta ziur jende ugari bilduko dela Munoa plazan. Eguerditik aurrera ere dantza egiteko aukera izango da; izan ere, erromeriak eta kalejirak izango dira Musika Plazan eta Iñurritzan, baita txosnagunean ere.
Xabier Txurrukak, Zarauzko alkateak, jaia euskaraz bizi eta ospatzera animatu nahi ditu herritarrak, eta, batez ere, gainontzeko bizilagunen bizikidetza eta aniztasuna errespetatzea eskatzen du: “Goza dezagun, gure nortasunaren bereizgarri beti izan diren alaitasun sanoarekin eta benetako elkartasunarekin”. - A.R.