KATALUNIAKO herritarren ordezkarien borondatea ez da nahikoa… Zapaterok katalanei emandako hitza jan ostean, Espainiako Parlamentuan Espainiako herritarren ordezkarien eta Kataluniakoen arteko akordioa askiez da… Berez katalanen arteko akordioa mozten zuen Espainiako Parlamentuko paktu hori katalanek gehiengo handiz erreferendum batean berrestea, beste horrenbeste. Espainiako bi alderdi nagusiek, haien neurrira, nahierara eta interesen arabera, itxuratu eta izendatu duten Konstituzio Auzitegiak herri-borondatearen gainetik zein azpitik eman du iritzia, epaia. Horrenbestez, Espainiako alderdi nagusiek aurrez aurre egiteko gauza izan ez direna, herritarren sostengua lortzeko kapaz izan ez direna, atzeko atetik, lagun hurkoari erantzukizuna botaz egin dute. Alabaina, Konstituzionalak egindako irakurketa Estatuko bi alderdi nagusiek funtsean eta aspalditik partekatzen duten iritzia da.

Nork zioen askotarikoen arteko akordioa, gehiengo zabalak pilatutako adostasunak nahikoak zirela herri-borondateak bidea egiten joateko? Ebidentziak Espainiaren egiazko aurpegia erakutsi du beste behin ere. Espainiak barnebiltzen duen aniztasunak muga argiak ditu: epaian hainbat alditan azpimarratutako zatitu ezinezko Espainia beraren batasuna, hain zuzen. Horiek horrela, hizkuntza nola nazio-identitate askotarikoak zaindu eta sustatu beharreko altxor gisa hartu ordez, mehatxu antzean, ezabatu beharreko elementu bereizgarri gisa hartzen ditu Espainiak.

Halako gertaeren aurrean izango da Europara begira eta Espainiari bizkarra emateko gogoz egongo dena. Halaber, egongo da fronte politikak tarteko Estatua makurrarazi dezakeela uste izango duenik ere. Lehenbiziko aukerak, Espainiak azpian hartutako nazio historikoek Europan esku sartze handiagoa ez badute Espainiak nahi ez duelako arrazoia albo batera uzten du; ez dago, beraz, egoeraren abstrakziorik egiterik. Bigarren aukerak, aldiz, Estatuarekin aurrez aurre jardun nahi du; alabaina, fronte politika horrek nazio historikoen gizarteak zatitzea suposa dezake, aldarrikapenei indarra eman ordez, kenduz, gizarteak ehuntzen eta egituratzen lagundu ordez borondateak sakabanatuz.

Estatuarekin konfrontazio demokratikoa egituratu eta indartu behar da nazio-identitate zeinuak indartu eta hedatuko badira. Gizarte modernoek dituzten erronkei erantzuteko asmoz, gizarte kohesionatuagoa, berdinkideagoa, eguneratuagoa, parte hartzaileagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko xedez, beti ere. Horrek, nazio-egitasmo ireki, moderno eta erakargarrien inguruabarrean indarrak biltzea eskatzen du. Utopia eta aldi berean egingarritasuna eta eragingarritasuna uztartuko dituen egitasmoa, gizartearen behar eta sentimenduei begira egongo dena, gizartetik hurreko suertatuko dena, eraldatzeko ekarpena egiteko gauza dena. Izan ere, Katalunian, Euskadin edota Galizian abertzaletasun historikoa indartsu dagoen neurrian, orduan… eta orduan bakarrik, baldintza are hobeak suertatuko dira Espainian, ez besterik, jokatzen duten alderdien jokabidea partez baldintzatzeko, tokian tokiko herritarren bizi-baldintzak are hobeak izan daitezen ekarpenak eginez, herrigintzak aurrera egin dezan ahalbidetuz.