Alain Rousset Akitania Berria eskualdeko presidente hautatu zuten atzo, bosgarren aldiz jarraian. 70 urteko sozialistak hauteskundeak irabazi berri ditu eta Bordelen dagoen asanblean 183 eserlekuetatik 101 dauzka. Atzo, 109 boto eskuratu zituen. Presidente ordeen artean Sandrine Derville angeluarra eta Charline Claveau okzitanieraren erakunde publikoaren presidentea daude, besteak beste. 26 aulkirekin, eskuin muturra Akitania Berria eskualdeko bigarren indarra da. Edwige Diaz presidentegaiak 28 boto lortu zituen atzoko bozketan eta beste 46 kontseilarik txuri bozkatu zuten, tartean ekologistek, aurten ez baitute aliantzarik erdietsi sozialistekin. Bertan daude Ipar Euskal Herriko zenbait ordezkari: Andde Sainte Marie euskaltzalea, Frédérique Espagnac senatari socialista eta Mathieu Bergé Baionako ezkerreko zinegotzia. Akitania Berriak garapen ekonomikoa, formakuntza profesionala eta garraioak kudeatzen ditu.

Lapurdi, Nafarroa Behera, Zuberoa eta Biarnoa lo-tzen dituen departamenduan ere orain arteko presidenteak karguan segituko du, Jean Jacques Lasserre 77 urteko zentrista hautatu baitute berriz kontseiluko presidente. Badira lau hamarkada politikan ari dela, hogei urtez lehen lerroan eta orain Pauen egindako lehen bileran berriz izendatu dute Hendaiatik Piriniotara doan lurraldea kudeatzeko datozen zazpi urteetan.

Inobazioa, gazteria eta legebiltzarkideekin legedia aldatzea zergak igo-tzeko eta etxebizitzaren inguruko espekulazioa geldiarazteko dira bere lehentasun nagusiak. Paueko hemizikloan dauden 54 hautetsien artean, 24 Euskal Herrikoak dira eta seik euskara menperatzen dute. Hautetsien artean aurpegi berriak daude, Joseba Erremundeguy baionarra adibidez. “Kanpaina garaian hitz eman genuen bezala gure hirietako proiektuak defendituko ditugu eta hurbiltasuna landuko dugu herritarrei harrera eginez maiz maiz” adierazi du euskaltzaleak.

Departamenduko kontseilura itzuli den egunean ezker abertzaleak aitortza eta eskumen gehiago eskatu zituen Ipar Euskal Herriarentzat. Iker Elizalde Hendaiako kantonamenduko EH Baiko kontseilari berriak adierazi zuen Iparraldeak lurralde elkargo berezia aldarrikatzen zuela eta hori lortzeko negoziaketak hasi behar direla Euskal Hirigune Elkargoa indar-tzeko eskumen gehiagorekin.