Ipar Euskal Herriko 250 000 boz emaile inguruk Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoko 158 herriko etxeak eta Euskal Hirigune Elkargoa osoki berrituko dituzte gaur higiene neurri zorrotzen artean. Koronabirusaren izurritea dela eta, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak adierazi du azken mendeko osasun krisi larriena jasaten dutela baina hauteskundeak ez ditu atzeratu nahi izan. Frantziako estatuan ehun lagun baino gehiagok ezin dute elkarren ondoan egon joan den ostiraletik baina gaur noiz nahi hamarnaka lagun elkartuko dira milaka bozka bulegotan.

Beren artean boz emaileek metro bateko tartea atxiki beharko dute Hervé Jonathan Frantziako gobernuak Baionan duen ordezkariaren hitzetan. Bozkatu baino lehen eta ondoren eskuak garbitu ahal izanen dira ura edo gelarekin. Bestalde bozkatzeko kabinak hormei begira jarri eta oihalak kenduko dituzte balizko kutsadura mugatu ahal izateko. Bozka bulegoak behin baino gehiagotan garbitu eta zakar ontziak maiz hustuko dituzte. Izenpetu behar diren agiriak sina-tzeko herritar bakoitzak etxetik boligrafoa eraman dezan eskatu du gobernu ordezkariak. Egoera berezi eta neurri zorrotzengatik abstentzioa igoko dela beldur dira zenbait hautetsi eta hautagai. "Neurriak hartu ditugu arriskua mugatzeko eta bozkatzeko ohiturak ez gehiegi alda-tzeko jendea beldurtu ez dadin" azaldu du Peio Etxeleku Kanboko zinego-tzi jeltzaleak.

Osasun arduradunek ez dute zehaztu nor, nongoak ez eta nola kutsatu diren Ipar Euskal Herrian koronabirusa jasaten duten sei lagunak. Frantziako adituek gogoratzen dute kasuen %80 ez direla larriak eta %98tan pazienteak senda-tzen direla Bordelen duela zenbait aste kutsatu zen lehen gizona bezala. Zahar egoitza eta Mauleko erietxean bisitariak ez dituzte gehiago onartzen hilzorian dauden gaixoentzat izan ezik.

Baionako Merkataritza Ganberak egindako ikerkateren arabera Iparraldeko enpresen erdiak krisiaren eragina pairatzen du jadanik eta ia denek kezka handia dute etorkizunarentzat. Bestalde bihartik 13 milioi gaztek ezin izanen dute eskolara joan Frantziako estatuan eta Iparraldean ere ikastegi eta haurtzaindegiek ez dituzte ateak zabalduko. Agintariek ez dute zehaztu neurria noiz arte egonen den indarrean. Elkargoak ikasleen garraioa bertan behera utziko du eta bere esku dauden hamar haurtzaindegiak eta aisialdi guneak hetsiko ditu.

Joan den ostiralean Jean René Etchegaray Baionako alkate eta zentro-eskuineko hautagaiak bere kanpaina bertan behera utzi zuen baionarrez arduratzeko. Bezperan ekitaldi jende-tsuan parte hartu zuen Lauga aretoan eta bertara joan zirenei besarkada eta muxuekin agurtu zien. Jean Grenet Baionako alkate ohiak bere sostengua erakutsi zion Etchegarayri esaldi hau botaz "minbizia daukat eta hemen ez egoteko gomendatu didate baina mutiko handia naiz eta badakit zer egin behar dudan". Diputatu ohiaren hitzaldiak barre algara eragin zuen publikoan. Baionako karriketan normaltasuna zegoen atzo eta jendea ohi bezala zebilen Italia edo Espainiako estatuan gertatzen denari kasu handirik egin gabe. Supermerkatuetan ordea ohi baino erosketa gehiago egin zuten milaka jendek pastak eta komuneko papera eramanez batik bat. "Ez dugu beldurrik baina datozen egunak etxean eman behar baditugu hobe behar den guztia orain hartzea" zioten gehienek. Gaur bozkatzera joanen diren ez dago batere argi.

Izurrite orokorraren arriskuaren aurrean datozen egunetan, bart Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak mugimenduak eta "beharrezkoak" ez diren jarduera guztiak mugatzea eskatu zien herritarrei, hala nola, jatetxe, taberna edo kulturguneetara joatea. Gaueko hamabiak ezkero janari, tabako, erregai saltegiek eta farmaziek bakarrik zabaldu ditzakete ateak Bidasoa ibaiaren iparraldean.

Jérôme Salomon osasun zuzendari orokorrak adierazi zuen Frantziako estatua izurritearen hirugarren graduan dagoela atzotik birusa lurralde osoan hedatzen ari delako. 106 kasurekin Kortsika dago gehien hunkituak diren lurraldeen artean eta bart bertako presidente Gilles Simeonik hauteskundeak bertan behera uztea eskatu zien Parisko agintariei.