BILBO. Ertzaintzaren buruak, Josu Bujanda intendenteak, egin die ongietorri ekitaldira gonbidatutako agintariei, eta Gipuzkoako lurralde buruak, Mikel Trekuk, 1999ko ekainaren 24an inauguratu zen hariztiaren historia azaldu du.

Urte horretan ertzain talde batek hamabost haritz landatu zituen, ikurrina baten ardatzen moduan antolatuta, Ertzaintzaren Oiartzungo egoitzan. Hamabost haritz horiek Gipuzkoan dauden ertzain-etxeak irudikatzen dituzte, eta hariztiaren erdian dagoena Gernikako Arbolaren kimu bat da. Urteurrenarekin bat eginez, hariztia hartzen duen gunea berritu da, eta, besteak beste, parterrea egokitu da orain dela 19 urte landatu ziren haritzen artean Gernikako Arbolaren kimua argi-joko baten bidez nabarmentzeko. Horrez gainera, galtzada-harriz osatutako zorua jarri da, bai eta granito-harriz egindako egitura bat ere euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dauden bi oroigarriren oinarri gisa.

Horietako batean honakoa gogoratzen da: “Gernikako Arbolaren kimua Euskal Herriaren bake-gogoaren eta askatasunen ikurra da. 1937an biztanleria zibilaren aurkako lehenengo bonbardaketa masiboaren agertokia izan zen, eta Pablo Picassoren ‘Gernika’ lanaren inspirazio-iturria”.

Beste plakan, berriz, hau gogoratzen da: “Ertzain talde batek landatu zuen harizti hau Oiartzungo Haritzmendi baserri zaharraren lursailetan, erdian Gernikako Arbolaren kimu bat zela. 1999ko ekainaren 24an inauguratu zen, eta hamabost haritzak ikurrina baten ardatzen moduan antolatuta daude”. Plakak Segurtasuneko sailburuak eta Bizkaiko Batzar Nagusien lehendakariak jarri dituzte agerian.

“Ospatzeko eta hasiera hark bidelagun izan zuen konpromisoa berresteko eguna da. Basoa haz dadila. Gune berritu honetan zuhaitzak haz daitezela eta gure autogobernuaren ikurra den Gernikako Arbola babes dezatela. Ertzain-etxe guztiek eta bakoitzak, herritarrei arreta emateko zentroek eta Ertzaintzaren Gipuzkoako lurralde-egoitza honek berak lagundu dezatela Ertzaintzaren erakundea eta proiektua sendotzen; gure herritarren eskubideak eta askatasunak, Euskadin ongizatea, elkartasuna eta guztion ongia eratzen laguntzen dugun guztion elkarbizitza eta bakea bermatzen dituen polizia autonomo, integral gisa”, adierazi du Segurtasuneko sailburuak omenaldi-ekintzan.

Bideo baten bidez ekarri dira gogora orain dela 20 urte Oiartzungo egoitzan hariztia landatzeko ekimena hartu zuten eta gaur, Ertzaintzako Boskoteak jo duen Gernikako Arbola kantaren soinuan murgilduta, aitorpen-ekitaldia galdu nahi izan ez duten ertzainak.

Gune berrituaren inaugurazioan izan dira Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Ana Agirre, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Segurtasun Saileko zuzendariak, Ertzaintzaren buruak eta 1999an Gernikako Arbolaren kimua hartzen duen hariztiaren landaketaren lekuko izan ziren hainbat ertzain.