BILBO. Lehendakariak Share Programa aurkeztuko du Vatikanoan abuztuaren 27 eta 28an. Share Proposamenak planteatzen du konpromiso bat hartzea migrazioaren erronkari aurre egiteko. Iñigo Urkulluk Francisco aita santuaren audientzia orokorrean parte hartuko du. Horrez gain, Vatikanoko estatu-idazkariarekin, Pietro Parolin kardenalarekin, ere elkartu ahal izango da.

Kardenalarekin 2017ko urtarrilean ere elkartu zen Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planeko jarduera-ardatz nagusiak aztertzeko. Estatu-idazkaria Aita Santuaren laguntzaile nagusia da Elizaren gobernuan, bai eta Egoitza Santuko jarduera diplomatikoaren eta politikaren arduradun nagusia ere.

Lehendakaria buru izango duen ordezkaritza osatuko dute Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak eta Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernándezek.

Share Proposamena

Share Proposamenaren edukiak planteatzen du konpromiso bat hartzea migrazioaren erronkari erantzuteko. Zehazki, proposatzen du mekanismo zehatz bat adostea errealitate zailenen aurrean erantzukizunaren banaketa partekatzeko. Ahalegina banatzeko formula hiru parametrotan oinarritzen da: zerga bidezko diru-sarrerak (edo batez besteko errenta eskuragarria, edo BPG), % 50eko eraginarekin; biztanleria, % 30eko eraginarekin; eta langabezia-indizea,% 20rekin.

Share Proposamenaren aplikazioa zeharka proiekta daiteke, hiru gai-esparrutan gutxienez: errefuxiatuak eta asilo-eskatzaileak, migratzaile ekonomikoak larrialdiko, zaurgarritasuneko edo aglomerazioko testuingurutan, eta bidaiderik gabe migratzen duten adingabeak edo gazteak. Eta hori guztia Europako politika antolatua eta koordinatua sustatzeko hiru lurralde-esparrutan: EB barruko estatuen artean, Estatu bateko Herrialde edo Autonomia Erkidegoen artean, eta Autonomia Erkidego edo Herrialde bakoitzaren barruan udalerrien eta eskualdeen artean.

Share Proposamena lehendabizi Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen, iazko irailaren 19an. Ordutik, zenbait lan-bilera egin dira Espainiako Estatuan eta Europako eskualdeekin, eta orain arte Kanarietako, Nafarroako, Kataluniako, Melillako, Euskal Hirigune Elkargoko, Atticako, Akitania Berriko eta Euskadiko gobernuek parte hartu dute.

Share Proposamena Europako agintariei ere aurkeztu zien lehendakariak, eta bere edukiak nolabait ere osatu eta areagotu egiten ditu aurretik sustatutako ekimenak, besteak beste, korridore humanitarioen proposamena, babes komunitarioari buruzko proiektu pilotua eta pasoko errefuxiatuen edo migratzaileen harrera, Acnur, Cear-Euskadi, Gurutze Gorria, Caritas, Servicio Jesuita al Refugiado eta beste hainbat gizarte-erakunderekin eta Euskadiko eta Espainiako Estatuko erakundeekin elkarlanean garatzen direnak