Bilbo - Eusko Jaurlaritzak "argi berdea" eman zion atzo Euskadiko VTC zerbitzuaren baldintzak arautzen dituen dekretuari. Ezartzen dituen mugen artean, aipagarria da zerbi-tzua gutxienez 30 minutu lehenago kontratatzera behartzen duela. Larunbatean indarrean sartuko den arau berriak eragin nabaria izan dezake urrian Euskadin ezarri zen Uber enpresarengan; izan ere, bere ezaugarri nabarmenetako bat zerbi-tzua kontratatzeko eskaintzen duen berehalakotasuna da. Hori dela eta, Estatu Batuetatik datorren multinazionalak dekretuaren aurkako helegitea aurkeztuko duela iragarri zuen atzo, "neurrigabea eta diskrimina-tzailea" izateagatik. Gainera, araudia kautelaz eteteko eskatuko dute.
Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan aurkeztu zuen dekretua Arantza Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak. Beharrezko izapide guztiak bete ondoren, araudiak Euskadiko askotariko administrazio mailen (udalena zein foru-aldundiena, batik bat) oniritzia jaso duela adierazi zuen, baita Euskadiko taxien eta VTC tradizionalen mahai sektorialen babesa. Lau artikulu-puntu dituen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da datorren ostiralean, abenduak 20, eta biharamunean, larunbatean, abenduak 21, sartuko da indarrean.
Dekretuaren arabera, zerbitzuak nahitaez aldez aurretik kontratatu beharko dira. Gainera, aldez aurreko kontratazioaren baldintzak zehazten dira. Horren arabera, alokairu eskaera egiten denetik zerbitzua eraginkorki erabiltzen hasi arte, gutxienez 30 minutu igaro beharko dira nahitaez. Bestetik, VTCak ezingo dira inolaz ere bide publikoetatik ibili bezeroen bila, ezta zerbitzurik gabe zain geratu ere bigarren ilaran edo hiri barruko lekuetan pertsona bidaiariak eskuratzeko, aipatu bezala gutxienez 30 minutu aurretik kontratatu edo eskatu ez bada. Horrez gain, baimendutako ibilgailuak ezingo dira interesatuentzat geolokalizatuta egon nahieran erabiltzeko. Izan ere, dekretuak zehazten duenez, ibilgailuok ez dira ikusgai egongo geolokalizazio-sistemetan edo beste aplikaziotan balizko erabiltzaileei kokapen zeha-tza emateko eta zuzeneko transakzio bat egiteko moduan, enpresari aldez aurretik eskaririk egin gabe. Horrela, enpresak bakarrik jakin behar du uneoro bere ibilgailuak non dauden.
Hartara, larunbat honetatik aurrera, Eusko Jaurlaritzak udalekin eta foru-aldundiekin koordinatuko ditu lurreko garraioa antolatzeko gaietan indarrean den araudia betetzeko ikuskaritza- eta kontrol-lanak; horrela, VTCen sektoreak araudi berriaren edukiak betetzen dituela bermatuko da. "Zaintza hiru administrazioen artean egingo da, modu erabat koordinatuan", adierazi zuen Tapiak.
Bestetik, araudi berria "erabat bermatzailea" dela azpimarratu zuen eta goraipatu egin zuen onartutako dekretua Taxiaren Mahaiaren eta VTCen lankidetzaren emaitza izatea. "Beste autonomia erkidego batzuetako liskar eta gatazken aurrean, bi negozio ereduek batera lan egin dute Euskadin aplikatu beharreko arau bat prestatzen, sektorearen jarduera ahalik eta modu eraginkor eta ordenatuenean arautzeko asmoz", azaldu zuen.
Uberreko bozeramaile baten esanetan, "zenbait euskal erakundek eta Espainiako gainerako erakundeek adierazi duten bezala, gutxieneko itxaronaldia neurrigabea eta diskriminatzailea da, VTCko bidaiarien eta gidarien aurka doa". Horregatik dekretuaren aurkako helegitea jartzeaz gain, kautelaz etetea eskatuko dutela argitu zuen. "Itxaroteko gutxieneko denbora Espainiako erkidego batzuetan bakarrik onartu da, eta betebehar hori dagoen herrialde bakarra da mundu osoan. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak berriki adierazi zuen Konstituzioaren aurkako neurria izan daitekeela. Gainera, bai MLBNk bai lehiaren beste agintaritza autonomiko ba-tzuek (EAEkoa barne) arauaren aurka egin dute, justifikatuta ez egoteaz gain lehiarentzat eta kontsumi-tzaileentzat kaltegarria delakoan".