BILBO. Bihar, ekainak 24, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan, Areatzako kioskoak Bilboko Udal Musika Bandaren itzulerako ikuskizuna hartuko du. Ekainaren 9an bandaren 125. urteurrena ospatzeko Azkuna Zentroan ekitaldi pribatu bat eskaini zuen arren, hau izango da publikoari irekitako lehenengo kontzertua, koronabirusaren krisialdia hasi zenetik.

Bilboko Udalak udarako prestatutako aisialdiari eta kulturari lotutako 150 jarduera baino gehiago biltzen dituen #BilbaoUda2020 programaren barruan kokatzen den musika-jarduera izango da. Egungo egoerak gehien kaltetu dituen lanbide-sektoreetan COVID-19ren ondorioak arintzeko programa, alegia.

José R. Pascual Vilaplana zuzendari titularraren zuzendaritzapean, bandako 40 musikari inguruk, Amilcare Ponchielliren "Sinfonia per Banda", Camille Saint-Saënzen "Orient et Occident", Gustav Holsten "First Suite in e flat for Military Band", James C. Williamsen "Symphonic Suite" eta J. Vicente Egearen "Variaciones Agur Jaunak" lanak interpretatuko dituzte.

Kontzerturako, jendearentzako aulkiak jarriko dira, derrigorrezko segurtasun-distantzia mantenduz, eta maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, betiere segurtasun-distantzia hori bermatu ezin bada.

ZUZENDARIA: J. RAFAEL PASCUAL-VILAPLANA

Alcoy eta Valentziako kontserbatorioetan ikasi zuen. Bandako zuzendaritza ikasi zuen Jan Cober eta Eugene Corporon maisuekin. Orkestrako zuzendaritza ikasi zuen Vienan Karl Österreicher eta Hans Graf-ekin. Zuzendari gonbidatua izan da zenbait talde sinfonikotan eta bandetan Alemanian, Argentinan, Belgikan, Kolonbian, Kuban, Eslovenian, Frantzian, Italian, Holandan, Portugalen, Errumanian, Suitzan, Uruguain eta AEBn: Kubako Banda Nazionala, Holandako Gazteen Banda Nazionala, Holandako Errege Marinako Banda, Esloveniako SAF Wind Orchestra, Valléseko O.S., Murtziako O.S., Gaztela eta Leongo O.S., Bilboko O.S., Kanaria Handiko O.F., Bukaresteko O.S., Suitzako Aulos W.B., Alacanteko Udal Banda, Bartzelonako Udal Banda, Madrileko Udal Banda, Palma Mallorcako Udal Banda, Gasteizeko Udal Banda, Tenerifeko Santa Cruzeko Udal Banda, Oviedoko Goi-mailako Kontserbatorioko Banda eta Orkestra, Kanarietako Goi-mailako Kontserbatorioko Banda, Musikeneko Banda€ Hainbat bakarlarirekin egin du lan: Sergei Nakariakov, Pacho Flores, Asier Polo, José Franch-Ballester, Elisabete Matos, Estrella Morente, Manuel Blanco, Claudi Arimany eta abar.

Estatuko eta atzerriko bandek (AEB, Kolonbia, Israel, Korea, Italia, Frantzia, Suitza€) bere konposizioak interpretatzen eta grabatzen dituzte eta Espainiako jaialdiek eta bakarlari ospetsuek (Luis González, Spanish Brass L.M.) sarritan egiten dizkiote enkarguak. Hogeita bost CD erregistratu ditu bandako musika-zuzendari modura. Lehen saria irabazi zuen Kerkradeko WMCko eta Birminghameko EBBAko Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketetan (Holanda, 1997, eta Ingalaterra, 2000). 2004an Valentziako Komunitateko Elkarte Musikalen Federazioaren EUTERPE saria eskuratu zuen Bandako Zuzendaritza eta Jairako Musika Konposizioa kategorietan. 2010ean Gaztela-Mantxako Musika Jaialdiak ematen duen "Ignacio Morales Nieva" Musikako Sari Nazionala jaso zuen. 2015etik zuzendari titularra da Bilboko Udal Bandan eta 2018tik Bartzelonako Udal Bandako titularretako bat da. Oportoko Banda Sinfoniko Portugaldarraren zuzendari gonbidatu nagusia da 2012tik aurrera.