BILBO. Bilboko Udal Txistulari Bandak kontzertu berri bat eskainiko du urian. Hurrengo asteazkenean izango da, otsailaren 5ean, Euskalduna Jauregiko 0D Aretoan. Bertan, Idoia Kareagak, Garikoitz Mendizabalek, Asier Garcíak eta Gorka Zabaletak erritmo tradizionaletan oinarritutako doinuak joko dituzte.

Kontzertuan zehar, doinuek irudien laguntza izango dute, publikoa giro desberdinetara eramaten lagunduko dutenak. Musikarien esanetan, proposamen beroa eta gozoa izango da, Txistulari Banda Euskalduna Jauregian 2019-2020 denboraldiaren baitan eskaintzen ari den programazioan kokatzen dena.

Ikuskizuna 19:30etan hasiko da eta dozena bat abesti baino gehiago interpretatuko dira. Horien artean, aipatzekoa dira "Molinatxo", "Reverencia", "Zaharra", "Zortzikoa eta Dantza", Jose Ignazio Ansorenaren "Loriak Udan", Luis Urteagaren "Gure Abestiak", Isidro Ansorenaren "Ana Mari", Bonifacio Cubasen "Zortziko eta fandanguillo", Demetrio Iriarteren "Alai", Aitor Furundarenaren "Bahía Blanca" edota Jose Olaizolaren "Sorgineta", besteak beste.

Sarrerak zenbakituak izango dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan (2 euro), www.euskalduna.eus webgunean (3 euro) eta Kutxabank-en zerbitzu anitzeko kutxazainetan (3 euro) erosi ahal izango dira.

Txistu Bandaren hurrengo hitzordua, otsailaren 19an izango da, berriro ere Euskalduna Jauregian. Arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Iñar Sastre pianistaren eta Leire Berasaluze eta Kristina Aranzabe abeslarien laguntzaz, Kantaldia ezagunarekin kantatzera gonbidatuko dituzte ikus-entzuleak. Kontzertu berezi honetan, publikoaren parte-hartzea funtsezkoa da, helburua ikusleek euskal kantutegiko pieza ezagunak kantatzea baita.

BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: "Bilboko Udal Txistu Banda" (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin "Harizko Txistua"(2006); "Hala ere" (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; "Bihurrikeritan" (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; "Kantari Gabonetan" (2010) Leioako Kantika Koralarekin; "Plazan" (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin "Gogoeta" eta azkena, "X Urte, hamaika lagun" (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.