NORA eta Arantzazu haur-tzarotik dira lagunak; Parisen lan egiten dute duela lau urtetik eta beren hizkun-tza maite dute. Horiek izan ziren Bihotza Paris euskal esentzia duen marka bat sortzeko funtsezko elementuak. "Biok marketin alorrean lanean ibili gara eta Arantzazuk baita moda jasangarriaren inguruan lan egiten du", argitu zuen Nora Vivancok.

Parisen bizi diren bi bilbotar hauek marka bat sortu dute munduan zehar euskara bultzatzeko asmoarekin. "Egun batean pentsatu genuen: zergatik ez dugu euskara munduan bultzatzeko arropa marka bat aurrera ateratzen?", galdetzen du Arantzazu Gonzalezek.

Nahiz eta Frantziako hiriburua Euskaditik gertu egon, Pariseko biztanleek oso gutxi ezagutzen dituzte euskara eta euskal ohiturak. "Parisera heldu ginenean ezjakintasun hori harritu ginduen, batez ere Frantzia eta Euskal Herria oso hurbil daudelako baina nahiz eta horrela izan ez dakite gure kulturaz eta gure hizkuntzaz askorik".

Horregatik, Norak eta Arantzazuk pentsatu zuten marka bat ateratzea eta jantzi bakoitzari euskal izen esanguratsu bat jartzea. Helburua? Gure hizkuntzak dituen hainbat izen bitxi mundura zabaltzea. "Lau kamiseta dauzkagu. (Bihotz, musutruk, laztana eta sorgin), hitzak aldatzen dira kamisetan eta baita sudaderatan ere; txapeldun eta maitemin hi-tzak aukeratu ditugu arropan jartzeko. Gure hizkuntza Europako zaharrenetarikoa da, oso aberatsa da gainera. Eta horregatik argi genuen bion artean zerbait sortu behar genuela", azpimarratzen dute bi lagunek. Arropa marka hau sortzeko prozesua jolas bat bezalakoa izan da haientzat. "Hizkuntzarekin jolasten dugu", diote. Horretarako, bilbotar hauek azaldu dutenez teoria etimologikoak lantzen dituzte horrekin jendearengan jakin-mina pizteko nahian. "Gure marka didaktikoa da. Euskal idazleekin harremanetan gaude hizkuntzaren inguruko zalantzak eta aholkuak eskatzeko. Gainera Esti Irakoarekin harremanetan gaude eta berak ere aholkuak ematen dizkugu... Ez ditugu gauzak asma-tzen". Baina, beste arrazoi batzuk ere izan dira made in Euskadi enpresa merkaturatzeko. Parisen lau urte eman ondoren, bi bizkaitar horiek konturatu ziren gero eta gutxiago hitz egiten zutela euskaraz eta ama hizkuntza galtzeko beldurra sartu zitzaien. "Lauro ikastolan ikasi dugu biok, eta ez geunden gure hizkun-tza galtzeko prest. Gure artean euskaraz hitz egiten dugu baina Parisen erabiltzen dugun hizkuntza franseza edo ingelesa da", azpimarratzen dituzte.

Arantzazu eta Norak sei hilabete daramatzate Bihotz Paris markarekin lanean eta espero zuten baino arrakasta haundiagoa lortu dute. "Oso pozik gaude. Hasiera baten proiektu txiki baten moduan hasi ginen baina apurka apurka dena handitzen joan da", azaldu dute.

Hasieran instagramen bidez aurkeztu zuten beren proiektua eta konturatu ziren hainbat jende beraiekin kontaktuan jartzen hasi zela. "Baliabide gutxi baina ilusio handiarekin marka aurrera jarri genuen. Baina jarraitzaileek web orrialde bat eskatzen ziguten". Momentuz, jende askok erosi dizkigu kamisetak, ez bakarrik Euskal Herritik, Belgikatik, Alemaniatik... Etorkizunera begira Bihotz Paris arropa markarekin denda fisiko bat zabaltzea nahiko lukete. "Ilusioa ez dugu galdu behar. Marka Euskadira hurbiltzea gustatuko litzaiguke".