Asteazken guztiak izaten dira bereziak Ordizian, asteroko azoka dela eta. Bertan, jende ugari elkartzen da bertako produktuak erosi eta ekoizleekin aurrez aurre hitz egitera. Atzokoan, baina, beste osagai bat gehitu zitzaion festari: odolkia.

Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak Ordiziako Udalarekin batera antolatu du aurten ere Gipuzkoako Odolki Lehiaketaren XXI. edizioa. Goizean goizetik produktu berezigarri honen usaina izan zen nagusi herrigunean. Ez, baina, partaideak bertara eraman zituztelako odolkiak eta espresuki prestatutako sukalde txiki batean jarri zituztelako egosten lehiaketara aurteztu zirenak, baizik eta Jakintza ikastolako ikasleak odolki pintxoak prestatzen ari zirelako, ateratako diruaren ikasbidaia ordaintzeko asmoz.

Hala, plazan ohiko azokak betiko dinamikarekin jarraitzen zuen bitartean Udaletxe azpiko aterpe ingurura ere hasi zen jendea inguratzen goizak aurrera egin ahala.

17 harategik parte hartu dute aurtengo lehiaketan, eta iazko moduan, Beasaingo Olano Harategiak eskuratu du lehen postua, dagokion txapela, garaikurra eta diploma jasoz. Bigarren gelditu zen Beasaingo Muruazpi Harategia, lehen aldiz aurkezten zena, eta hala mintzatu zen bertako Laurendi Iztuetak: “Guretzako oso garrantzitsua da halako odolkigile handi baten ostean gelditzea. Lehen aldia da aurkezten garena, Juaniren Zubeldia harategia hartu eta haren errezetarekin egin dugu; berak ere lagundu digu”. Hirugarrena Ezkio-Itsasoko Jesus Mari Debarentzako izan zen.

“Oso pozik nago, dudarik gabe”, azaldu zuen Joxema Olanok. Irribarrea galdu gabe azaldu zen, Beasaindik Ordiziara, irabazle izan zela esateko deitu ziotenean. Irailean hasten da odolki denboraldia, eta Ordiziako Euskal Jaien egun handiko bezperan egiten da lehen lehiaketa. Bertan lehen postua eskuratu zuten Olanotarrek; ondoren etorri zen Beasaingo txapelketa, orain aste gutxi ospatua, eta bertan ere urrezko garaikurra lortu zuten. Hirugarren lehiaketa Tolosakoa izan da, eta hor, bigarren gelditu ziren. Atzokoarekin, aurkeztu diren lau lehiaketetatik hirutan lortu dute lehenengo postua; eta azkeneko hitzordua igandean izango dute, Ormaiztegin. “Maila oso txukunean gabiltza”.

Beasaingo Odolki Lehiaketaren bueltan halako zurrumurru bat zabaldu zen, Olanotarrek beti txapelketa irabazten zutelako aitzakiarekin batzuk argudiatzen zuten epaimahaiak ez zuela garbi joka-tzen. Horren harira, adituak aldatu egin dira, baina, berriz ere lehenengo gelditu dira. “Uste dut garbi erakusten ari garela egiten ditugun odolkiak gustokoak direla, eta ez dago besterik”.

Non dago, ordea, beasaindarren sekretua? “Bertako produktuak erabiltzean, eta goxotasunez egitean. Oregano eta cayena pixka bat bota-tzen diegu, baina ia ez dira antzematen”, azaldu zuen Olanok, jendearen zorion mezuak jasotzen zituen bitartean. Garaikurra jaso bitartean, batek aipatu zion horrenbeste sarirekin ez zuela lekurik izango, eta hala erantzun zion beasaindarrak: “Beti dago lekua bat gehiagoren-tzat”.

Ordizian ospatzen den Gipuzkoako Odolki Lehiaketa irabaztea “garrantzitsua” dela ere onartu zuen: “Hemen elkartzen gara Gipuzkoako harakinak, eta lehenengoak izatea inportantea da. Hala ere, guretzako Beasaingo lehiaketa beti izango da berezia”.

maila “baxuagoa” Odolki onena zein den erabaki zuen epaimahaia gastronomia eta beste arlo batzutako adituez osatua egon zen, eta haien erabakia izan zen Olanori ematea lehen postua. Besteak beste, Zaldibiako Lazkaoetxe jatetxeko Eneko Azurmendi eta Goierri Telebistako Nuria Perez aritu ziren dastaketa lanetan.

Perezentzako lehen aldia zen halako dastaketa batean parte hartzen, baina goiz ederra pasa zuela onartu zuen: “Esperien-tzia polita da. Askotan badirudi, begiratuta soilik, antzekoak izango direla guztiak, baina dastatzen hasita segituan nabaritzen dira aldaketak”.

Azurmendik, ordea, badu esperientzia eta hala azaldu zuen: “Nik uste iazkoan baina maila baxuagoa izango dela aurten, nahiz eta lehen hiru sarituek maila bikaina erakutsi duten”.