Netflix ikus-entzunezkoen sareko plataformari edukiak euskaraz emititu ditzala eskatzeko sinadurak biltzen ari da Netflix Euskaraz kolektiboa www.change.org webgunean.

Ekimenaren arduradunek azaldu dutenez, Netflix munduko Internet bidezko telebista hornitzailerik handiena da gaur egun, eta 2012 eta 2016 artean iritsi zen estatu espainiarrera eta frantsesera, "euskara eta plataforma honen kontsumitzaile potentzial diren 800.000 euskal hiztunak kontuan hartu gabe iritsi ere".

Hasieratik, Netflix gazteleraz eta ingelesez osaturiko serie eta filmen katalogo batekin atera zen Estatu espainiarreko ikus-entzunezko merkatura, eta era bertsuan merkatu frantsesera ere, serie eta filmak frantsesez eta ingelesez eskainita.

Beste hizkuntza gutxitu batzuetako norbanako, kolektibo eta eragileek Netfix-i euren hizkuntzan eskaintzeko egindako eskaerei enpresatik emandako erantzuna izan da "benetan eskaria balego eskainiko lituzketela edukiak hizkuntza gutxituan".

Hortaz, www.change.org webgunean biltzen ari diren atxikimenduaren bidez, ekimenaren sustatzaileek Netflix-i adierazi nahi diote "euskal hiztunok plataformako ikus-entzunezko eduki denak euskaraz jaso nahi ditugula".