Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko lurzoruaren eta sedimentuen ingurjmen kalitatea aztertu egingo dute.

Euria egiten duenean, euri tantek hasten duten ibilbideak hainbat helmuga izan ditzake. Alde batetik, atmosferara itzul daitezke, prezipitazio aldian horien zati bat lurrera iritsi aurretik lurrundu egiten baita; beste alde batetik, hainbat gainazaletan gera daiteke eta horietan ere zati bat lurrundu eta atmosferara itzuli eta beste zati bat lurzorura iritsi eta iragazi egiten da. Zuzenean lurzorura iristen den ura da, hain zuzen, ziklo hidrologikoa behar bezala egiten duena; hau da, izaki bizidunentzako ur hornidura ahalbidetzen duen prozesua. Eta, une horretan, gizakiak uraren ziklo naturala aldatu eta tratatzeko, kanalizatzeko eta banatzeko azpiegiturak sortzen ditu, bere mesederako erabiltzeko. Baina, hiri eremuetan, zolatuetan, euri urak ezin du iragazi; horren ordez, drainatze saretik isurtzen da (jariatze ura), ibai sarera iristeraino.

"Esparru askotatik, hirien eraikuntza aldatzeko beharra aldarrikatzen da, eta, zehazki, uraren kudeaketarekin lotuta. Gaur egun, hirietako euri urak lurralde banaketarako eta diseinu arkitektoniko eta urbanorako funtsezko elementutzat hartu behar dira zalantzarik gabe. Era berean, ura hirien plangintzan eta diseinuan barne hartuta dagoela ziurtatu behar da, klima-aldaketarekiko erresistentzia handiagoa, bizigarritasuna eta eraginkortasuna eskaintzeko. Zehazki, Drainatze Jasangarriko Hiri Sistemen (DJHS) bidez lortzen da barne hartze hori; izan ere, sistema horiek, hirigintza garapenaren aurreko prozesu hidrologikoak lehengoratuz, euri ura iragaztea ahalbidetzen dute (lurzoruan eta akuiferoan)", adierazi du Maialen Del Río Ugartemendiak, zeinaren Gradu Amaierako Lanean drainatze jasangarriko sistema horien balioa azpimarratzen den.

Maialen del Ríok Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko lurzoruen eta sedimentuen ingurumen kalitatea aztertu du, metal astunen kutsadurari dagokionez. Konkretuki, bederatzi metal astun zehaztu dira (kobrea, nikela, zinka, kadmioa, kobaltoa, beruna, manganesoa, burdina eta kromoa), metal horiek jariatze ura kutsatu dezaketelako eta, hala, kate trofikora pasatu daitezkeelako. "Sedimentuak osasun baldintzen alterazioan eragina izan dezake. Horregatik, metal astunek sedimentu partikuletan dituzten eraginak denbora jakin batez baloratu behar dira, eta ezinbestean lurzoruetan eta sedimentuetan dagoen metal astunen kopuru osoa ezagutu behar da, horien ugaritasuna eta banaketa ezagutu ahal izateko".

Beraz, guztira, 9 lurzoru lagin eta 8 sedimentu lagin hartu ziren, Arkitektura Goi Eskola Teknikotik, Carlos Santamaría Zentrotik eta Kimika Fakultatetik gertuko 16 gunetan, 3 egunetan, 2020ko irailetik 2021ko ekainerako epean. Lagin horiek aztertutakoan, eta Lurzoruei buruzko 4/2015 Legean definitutako Ebaluazioko Balio Adierazleak erabiliz, "eremu kutsatu eta alteratu posibleak ez ezik, lurzoruen eta sedimentuen metal kontzentrazio naturala gainditzen duten lurzoruak eta sedimentuak ere identifikatu dira", esan du Maialen del Ríok. Hain zuzen, azterlan horren arabera, 2. lagina, Oñati plazan kokatutako Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren eremuari dagokiona, "argi eta garbi gehien alteratutako eremua da, baina agian duela urte asko toki horretan lantegi bat egon izanak eta bertan eraikina egiteko lurzorua betetzeko moduak eragin du. Hala ere, alterazio horrek ez du eraginik pertsonen osasunean".

Beste alde batetik, azterlanaren arabera, aztertutako eremu guztietan kobre, zink eta kromo kontzentrazio naturala gainditzen da, bai lurzoruan bai sedimentuetan; baina kontzentrazio handiena aipatutako 2. lagin horretakoa da. Era berean, 9. eta 11. eremuetan, Europa Plazari eta Joxe Mari Korta Zentroari dagozkionetan, nikel kontzentrazio handiagoa dago, "segur aski eremu horretako trafikoak eragina". Berunari dagokionez, lagin guztietan kontzentrazio txikia dagoela baieztatu da. Ondorioz, lortutako lagin guztiak aztertuta, "horien lurzorua alteratuta bai, baina kutsatuta ez dagoela ikusi da. Hala ere, azterlan hau atarikoa da eta, ondorio sendoetara iristeko, campuseko beste eremu askotan egin beharko lirateke azterketak", azpimarratu du azterlaneko egileak.