Zientzia

Pirinioetako glaziarrek lodiera eta azalera galtzen ari dira etengabe

01.10.2021 | 18:49
Eñaut Izagirre Estibaritz eta Ibai Ieltxu Rico Lozano.

Pirinioetako glaziarren lodiera eta azalera gero eta txikiagoa dela ondorioztatu egin du Euskal Herriko Unibertsitateko bi ikertzaileren partaidetza izan duen nazioarteko ikerketa batek. Azterlan horren arabera, glaziar batzuetan izotzaren lodiera batez beste 10 metro inguru murriztu egin da azken hamar urteetan. Baina hori gutxi balitz, badira 20 metro baino gehiagoko murrizketa jasan duten puntuak.

Pirinioetako Ekologia Institutua (IPE-CSIC) buru duen nazioarteko azterlan batean, 2011tik 2020ra Pirinioetako 24 glaziarretatik 17tan izandako azalera eta lodiera aldaketak aztertu dira. Lanaren emaitzak Geophysical Research Letters aldizkarian argitaratu dira, 'Toward an ice-free mountain range: demise of Pyrenean glaciers during 2011-2020' izenburupean, eta erakusten dutenez, glaziarren fusio tasan ez da azeleraziorik antzeman; aitzitik, 1980ko hamarkadatik hona izotz galeren erritmoa berdintsua da.

Ikerketa partzialki diruz lagundua izan da, OPCC ADAPYR (Interreg-POCTEFA) proiektuen eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren Hidroibernieve proiektuaren bidez, eta Espainiako eta Frantziako hainbat ikerketa zentrotako ikertzaileek parte hartu dute; besteak beste, Tolosako CESBIO eta LEGOS zentroetakoek, glaziologiako MORAINE elkartekoek, Zaragozako Unibertsitatekoek, Valladolideko Unibertsitatekoek eta Euskal Herriko Unibertsitatekoek. Zehazki, UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Eñaut Izagirre Estibaritzek eta Ibai Ieltxu Rico Lozanok parte hartu dute lan horretan; biak ala biak Eusko Jaurlaritzaren Prozesu Hidro/Ingurumenekoen ikertalde finkatuko (IT1029-16) kideak.

Aztertutako epean, glaziarren azalera % 23,2 murriztu da; lodiera, berriz, batez beste 6,3 metro, baina puntu batzuetan 20 metro baino gehiagokoa izan da. Anetoko glaziarrean ikusitako aldaketak dira horren erakusle; izan ere, kalkuluen arabera, azalera % 24,3 murriztu da eta, lodiera, batez beste 8,5 metro. Gainera, zenbait lekutan, 21 metro baino gehiagoko lodiera galerak erregistratu dira. Gehien kaltetutako izotz masen artean, honako hauek daude: Ossoue glaziarra, Vignemale mendigunean kokatua (% 25,7ko azalera murrizketa izan du eta batez beste 10 metroko lodiera galera) eta Taillon glaziarra, (batez beste 11,6 metroko lodiera galera izan du, baina erdialdean 23 metrotik gorakoa).

Zientzialariek azaldu dutenez, nahiz eta glaziarrak dauden lekuetan toki batetik bestera baldintza klimatikoak ez diren asko aldatzen, Pirinio osoan klima antzera aldatu baita, izotzaren eboluzioa heterogeneoa izan da epe horretan. "Pirinioetako glaziar txikienak, 10 hektareatik beherako azalerakoak –adibidez, Barrancs, Maladeta mendigunean, eta Llardana, Posets mendigunean–, tokiko topografiaren mende daude. Azalera galeren eta lodiera galeren arteko kontrasteagatik ondorioztatzen da hori. Baina glaziar handienak nagusiki eskualde menditsu horretako baldintza klimatikoen eraginpean daude, beraz, hedadura handieneko masek –Aneto, Maladeta, Ossoue eta Monte Perdido, kasu–, antzeko bilakaera dute eta azalera eta lodiera galera baliokideak dituzte", azaldu dute ikertzaileek.

Ildo horretan, azterlanaren egileek azpimarratu dutenez, oso garrantzitsua da ikusitako galerak xehetasunez erakutsiko dituzten kartografiak izatea, glaziarrak monitorizatzeko eta gero eta gehiago eremu babestuetara mugatuta egoteko arrazoiak ulertzeko (eguzki erradiazio txikiagoko eta elur metaketa handiagoko eremuak). Iragartzen dutenez, "gune horietan, glaziarrek degradazio motelagoa izan dezakete, baina, kasu guztietan, pixkanaka bereizgarri duten dinamika desagertu egingo da".

Aipatzekoa da Pirinioetako glaziarrak Europako hegoaldeko handienak direla, eta klima aldaketak haien biziraupena arriskuan jartzen duela. Horregatik, lan horretan lortutako emaitzek galera nabarmena erakusten ari diren Europako iparralderagoko beste mendikate batzuetan (Alpeak, adibidez) gerta daitekeenaren aurrerapen bat dira.

IRUDI BIDEZKO TEKNIKA HOBETUAK

Glaziarren azalera aldaketak sentsore optikoak dituzten hainbat satelitek hartutako bereizmen handiko irudien bidez kalkulatu dira; lodiera aldaketak, berriz, drone hegaldiekin sortutako 3D azalerak (2020. urtea) eta airez garraiatutako LiDAR sentsore batekin lortutakoak (2011. urtea) alderatuz zehaztu dira. Metodologia horren erabilerak potentzial handia du, baina aplikazioa konplexua da, monitorizatutako eremuek hegaldiari eta sarbideari dagokienez dituzten ezaugarriengatik. IPE-CSICeko ikertzaile Jesús Revueltok azaldu duenez, "behaketa kanpainak xehetasun handiz prestatu behar dira: hegaldi eremua diseinatu behar da, eguraldiaren iragarpena berrikusi eta talde osoa koordinatu".

Beste alde batetik, UPV/EHUko ikertzaile Eñaut Izagirrek tresna berri horiek azterlanean izan duten garrantzia azpimarratu du; izan ere, "droneen behaketen zehaztasunari eta bereizmen handiari esker, mendilerro osoko glaziarren azaleraren egungo egoera zehaztasun handiz finkatu ahal izan dugu". Orain argitaratu den lanaren egileen arabera, droneen eta LiDAR-aren bidezko hegaldi tekniken konbinazioari esker, glaziarren azalera aldaketak 0,4 metrotik beherako ziurgabetasunarekin kuantifikatu ahal izan dira.

noticias de deia