EHUren ikerketa

Euskal Herriko Unibertsitateak glutena aurkitu du "glutenik gabea" etiketa duten garagardoetan

21.06.2021 | 20:10

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertalde batek glutena aurkitu egin du "glutenik gabea" etiketa duten garagardo batzuetan.

Garagardoa da munduan gehien kontsumitzen den edari alkoholduna eta ostalaritzan kontsumitzeko edari gustukoena. Baina, glutena duten zerealekin egiten denez, glutenik gabeko dieta egin behar duten pertsonentzat arriskutsua da. Horregatik, oso garrantzitsua da elikagaien gluten kopurua ikusteko analisi metodo baliozkotuak erabiltzea kontsumitzaile zeliakoak babestearren.

Zeliakoaren egunaren harira, aste berean, Foods aldizkariak 'Gluten Assessment in Beers: Comparison by Different Commercial ELISA Kits and Evaluation of NIR Analysis as a Complementary Technique' artikulua argitaratu du, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Glutena Aztertzeko Laborategiko zenbait kidek Kataluniako Zeliakoen Elkartearekin elkarlanean egina. Lan horretan, 100dik gora garagardo aztertu dira, bai glutenik gabeak bai glutena dutenak, hainbat modutan landutakoak (artisaua Vs industriala, ale Vs lager, garia Vs garagarra€), gaur egungo metodo analitikoek glutena detektatu eta kuantifikatzeko balio duten egiaztatzeko.

Ikerketaren alderdi berritzailea honako hau da: elikagaien industrian nutrizio parametro batzuk azkar kuantifikatzeko erabiltzen den NIR teknika (Infragorri Hurbileko Espektroskopia) barne hartu dela, garagardoen glutena modu osagarrian zehaztu eta kuantifikatzeko erabilgarria den ebaluatzeko. "Lortutako emaitzek erakusten dutenez, kit-aren aukeraketa erabakigarria da merkaturatutako glutenik gabeko garagardoen glutena zehazki kuantifikatzea bermatzeko. Egin ditugun saiakuntzetan ikusi dugunez, ELISA Lehiakorra R5 metodoa da egokiena, manipulazio industrialeko zenbait prozesu igarota izan arren proteina detektatzen duelako", zehaztu du Edurne Simón Magrok, UPV/EHUko Glutena Aztertzeko Laborategiko zuzendari eta Gluten3S ikerketa taldeko arduradunak.

Azterlanean egindako analisien arabera, "glutenik gabea" etiketa duten garagardoen % 7k legez onartutako muga (20 mg/kg) baino gluten kopuru handiagoa zuten, beraz, etiketa horietaz fidatzen diren pertsonen osasunerako arriskutsuak dira. Glutena duten ohiko garagardoen kasuan, azterlanak erakutsi zuenez, artisau garagardoek eta lager motakoek industrialek eta ale motakoek baino gluten kopuru handiagoa zuten, hurrenez hurren.

Horrenbestez, erabilitako analisi metodoei dagokienez, azterlaneko datuek ez dute babesten NIR analisia proposatzea garagardoen glutena kuantifikatzeko edo glutenik gabeko laginak diskriminatzeko sentsore gisa. Horregatik, oraingoz, garagardotegiek ezin dute NIR analisia erabili kontrola lanketa prozesu osora zabaltzeko. Aitzitik, orain argitaratu den lanean ondorioztatzen denez, ELISA Lehiakorra R5 kit-a da ikerkuntzan garagardoaren gluten maila baxuak diskriminatzeko erabiltzen den metodo immunologiko sentikorrena.

noticias de deia