Euskal Herriko Unibertsitateko Ornodunen Paleontologiako ikertaldeak duela 37 milioi urteko sasizaldi espezie ezezagunak deskribatu egin ditu. Antza, sasizaldi horiek Araban dagoen Zanbranako paisaia subtropikalean bizi ziren.

Espezie horien hortzen ezaugarri atipikoek pentsarazten dute eremu iberiarrean ingurumen baldintzak desberdinak zirela Europako erdialdekoekin alderatuta.

Gaur egun, ugaztun hipomorfoen (edo ekuoideoak) barruan genero bakar bat (Equus) eta zaldi, asto eta zebra espezie gutxi batzuk baino ez daude, baina Eozenoan (duela 56-33,9 milioi urte bitarte) aniztasun handiagoa zegoen. Paleoteridoak izan ziren Europan gehien hedatutako taldeetako bat -garai hartan Europa artxipelago bat zen-. Montmartreko (Paris) harrobietan topaturiko fosiletatik abiatuta, George Cuvier naturalista frantses ospetsuak 1804an deskribatutako Palaeotherium generotik datorkie izena.

Duela gutxi, Journal of Vermiolate Paleontology nazioarteko aldizkariak artikulu bat argitaratu du Leire Perales-Gogenolak zuzendutako ikerketa bati buruz, non Zanbranako (Araba) paisaia subtropikalean duela 37 milioi urte bizi ziren ugaztun paleoteridoen bi espezie deskribatzen diren, orain arte ezagutzen ez zirenak. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Paleontologiako ikertaldeko kolaboratzaileekin batera, Leptolophus Cuestai eta Leptolophus franzeni espezie berriak deskribatu dituzte, Miguel Ángel Cuesta eta Jens Lorenz Franzen paleontologoen omenez izendatu dituzte hala (lehendabizikoa Palentzian sortua, eta bigarrena, berriz, Bremengoa; biak ere Europako Eozenoan adituak).

Europako artxipelagoan, paleoteridoen (edo sasizaldien) dozena erdi genero baino gehiago zeuden, erdiak baino gehiago endemikoak Iberiar uhartean, eta Eozenotik Oligozenorako trantsizioan izaniko krisi klimatiko-biologikoan (Stehlinen Grande Coupure edo Eten Handia ere esaten zaio) desagertu ziren. Gorputzaren itxura aintzakotzat harturik, paleoteridoak egungo zaldien antzekoak ziren, baina txikiagoak. "Imajinatzen duzue fox terrierraren, dogo alemaniarraren eta asto baten neurriko hiru behatzeko zaldiak Arabako paisaia subtropikal batean? Sasizaldi horietako asko Zanbranako aztarnategian deskribatu dira -zehaztu du Ainara Badiola doktore eta ikertaldeko kideak-. Adibidez, Pachynolophus zambranensis eta Iberolophus arabensis espezieak kokagune paleontologiko horretantxe definitu ziren lehenbizikoz".

Aurkitu berriak diren bi espezieok areagotu egiten dute paleoteridoen faunen erregistro fosila eta biodibertsitatea, eta hortz ezaugarri ezohikoak dituzte Eozenoko ekuoideoetarako. "Atzeko haginek koroa oso altua dute, eta zementuzko geruza lodi batez estalita daude. Hortz mota hori beste paleoterido iberiar batzuetan ere ageri da, eta litekeena da eremu iberiarraren eta Europa erdialdearen arteko ingurune-baldintzen diferentziaren adierazgarri izatea: Iberia aldean baldintza idorragoak edo baso ez hain itxiak, eta eremu irekiagoak izatea", azaldu du Perales-Gogenolak.

Europan, baso intertropikalak galduz joan ziren Eozeno amaieran, eta bide eman zieten landare komunitate epelagoei, eremu irekiagoei. Zaldi modernoak edo ekidoak gerora agertu ziren Europan, Miozenoan (23-5,3 milioi urte). Haien hortzek koroa oso garaiak dituzte, eta egokiturik daude silize askoko landaredian bazkatzeko (larreak). Zanbranako (Araba) goi Eozenoko aztarnategiko Leptolophus cuestai espezie berriaren atzeko haginek ere ohi baino koroa altuagoak dituzte, Europako lehen ekidoetako batzuen antzekoak.

Interes paleobiologikoaz gainera, Zanbranako ugaztunen askotariko fosilek -primateak, karraskariak, martsupialak, haragijaleak, artiodaktiloak eta perisodaktiloak- informazio berria ematen digute Europan eta gure inguruan denbora geologikoan izaniko klima eta ingurumen aldaketei buruz.

Gaur egun, UPV/EHUko Ornodunen Paleontologiako ikertaldea paleoteridoen material gehiago deskribatzen ari da, eta litekeena da perisodaktilo ekuoideoen artean ezohiko hortz ezaugarriak dituzten genero eta espezie berriak deskribatzea.