BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasle batek, Unai Otamendi, koronabirusaren pandemiaren hedapena aurresateko programa informatiko bat sortu eta garatu egin du.

Otamendiren Gradu Amaierako Lanaren (Portaera sozialaren eragina epidemien hedapenean; Simulazio epidemiologikoak burutzeko programaren diseinu eta inplementazioa) helburua izan da neurri ezberdinak inplementatu eta eraginak aztertzeko balio duen programa informatiko bat garatzea. Ohorezko matrikula lortu du berriki lan horregatik.

“Metodoaren funtsa ikerketa soziologikoetan eta enplegu eta demografia datuetan oinarrituz simulazio eremu bat eraikitzea izango litzateke, errealitatean oinarritutako SIMS-en bideo joko bat izango balitz bezala. Eremu hau unibertsitate, herri edo probintzia bat izan daiteke, nire kasuan Oñatin oinarritu naiz. Azkenik, kutsatze eredu bat inplementatuz, gaixotasun baten hedapena aztertu daiteke, pertsonen portaeran eragiten duten neurriek dituzten eraginak konprobatuz”, azaldu du Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Elektronikoko Graduko ikasle Unai Otamendik.

Programaren fidagarritasuna probatzeko 2020ko ekainaren 19tik abenduaren 12ra bitartean Estatuan eta Euskadiko Autonomia Erkidegoan ezarri ziren neurriak inplementatu dira (maskaren derrigorrezko erabilera; eskolen irekiera; kultura, kirol eta ostalaritza lokalek %60-ko edukiera…), eta simulazioko emaitzak tarte horretan Oñatin emandako kasu detektatuekin alderatu dira, emaitza onak lortuz (hurrengo irudia).

Programak eskaintzen dituen beste aukera batzuk aztertzeko, maskaren erabilera, distantziamendu eta arakatze metodo ezberdinak inplementatu eta probatu ditu Otamendik, metodo hauek dituzten eraginak konprobatuz.

ARAKATZE METODO ZORROTZAGOAK

Hala, maskararen erabilerak eta distantziamendu neurri desberdinak “funtsezkoak” izan direla konprobatu du, inplementatu dituen simulazioetan kurba epidemiologikoa leuntzea eta kasu kopurua nabarmen murriztea lortu baita. Bestalde, testatze eta arakatze metodo zorrotzagoek izango luketen eragina ere aztertu du ikasleak.

“Test kopurua handituz gaixotasunaren hedapen abiadura nabarmen moteldu eta kasu gutxiago emango liratekeela konprobatu daiteke. Eta arakatze metodo zorrotzagoekin kutsatze kopuru osoa txikiagotu daitekeela konprobatu dugu. Hala, simulazioetan 4.195 kasutik 673ra jaistea lortu dugu, hau da, kasu kopurua sei aldiz baino gehiago murriztu zitekeela ikusi dugu”, jakinarazi du.

Gradu Amaierako Lanean diseinatu den gizabanakoetan oinarritutako eredu epidemiologiko hau, Oñati simulatzeko erabili den bezala, eremu ezberdinak simulatzeko erabil daiteke. Hala, lanean jarraitutako prozedura bera jarraituz, lantoki edo unibertsitate bezalako eremuetatik beste herri hiri edo eskualdeetara, hain zuzen. Gainera, epidemien aurkako neurri efektiboagoak diseinatzeko edo pandemia batek izan dezakeen eboluzioaren aurreikuspen bat egiten lagun dezake.

“Lan hau egiteko diseinatu ditugun teoria eta prozedura berriak dira, eta hainbat puntu hobetu daitezke, hala ere, etorkizunera begira ate asko zabaltzen dituzte. Covid-19ak sortutako pandemian, eta baita etorkizunean izan ditzakegun gaixotasunentzat ere, arakatze estrategia, segurtasun neurri eta txertatze estrategiak planifikatzeko balio diguten programak garatzeko oinarri gisa har daiteke lan hau”.