BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartzen duen nazioarteko ikertalde batek neandertalen DNA nuklearra erauzi du Siberiako bi haitzulotako eta Atapuerca mendilerroko Haitzulo Nagusian dagoen Estatuen Galeriako sedimentuetatik abiatuta.

Science aldizkari entzutetsuak eman du aurkikuntzaren berri. Espainiako ikerketa-taldearen buru Juan Luis Arsuaga da, Burgosko Giza Eboluzioaren Museoko zuzendari zientifikoa.

Estatuen Galeria da Atapuercako mendilerroko Haitzulo Nagusiko galeria ezezagunena. Duela milioi bat urtetik gora tantaz tanta sortutako estalagmita handi batzuek eman diote izena galeriari. Kareharrizko egitura horiei hitz egiteko gaitasuna egotzi izan zitzaien, eta antzinako kroniketan ageri dira, profeziak egiten zituztelakoan. Sampayo eta Zuaznávar ingeniarien Descripción de la Cueva llamada de Atapuerca lanean (1868), "estatuen" grabatuak ageri dira.

Galeria hori kanpoaldearekin lotuta zegoen neandertalen garaian, baina, gero, galeriaren ahoa bete egin zen eta barrunbea isolatuta geratu; horrenbestez, H. sapiensak Atapuercara iritsi zirenean, ezin izan zuten barrura sartu, ez eta zutabe zaharrak ikusi ere. Toki horretara, gaur egun, Haitzulo Nagusiaren barnetik heltzen da.

Azkenik, neandertalak bizi izan ziren tokiaren gainean zoru estalagmitikoa sortu zen, alegia, kaltzita-geruza lodi bat, aztarnategia betiko zigilatu zuena.

2008tik Estatuen Galerian egiten ari diren indusketetan, neandertalek kontsumitutako animalien aztarnak eta neandertalen tresna litikoak berreskuratu dira, bai eta zalantzarik gabe Neandertalgo gizaki batena den oineko falange bat ere.

Erabat isolatuta egon denez, Estatuen Galeriako aztarnategiko sedimentuek hezetasun- eta tenperatura-kondizio konstanteak izan dituzte, eta ez dute agente naturalek eragindako inolako aldaketarik edo gizaki modernoaren esku-hartzerik sufritu; ondorioz, aztarnategi bikaina da induskatzeko.

Atapuercako lantaldeak zenbait urte daramatza Matthias Meyerrekin lankidetzan —Meyer Max Planck Institutuko Antropologia Ebolutiboko ikertzaile seniorra da, zeina Svante Pääbo-k (Asturiasko Printzesa sariduna) zuzentzen baitu Leipzigen—. Lankidetza luze horri esker emaitza ikusgarriak lortu dituzte Hezurren Leize-zuloko aztarnategian (Haitzulo Nagusian dago hori ere). Gizakien DNA mitokondrial eta DNA nuklear zaharrenak Hezurren Leize-zuloko fosiletatik atera dira.

DNA mitokondriala mitokondrietan aurkitzen da, zelulan energia ekoizten duten organuluetan. Errazagoa da mitonkondrietako DNA osoa sekuentziatzea nukleoko DNA sekuentziatzea baino; izan ere, mitokondria asko daude gorputzeko zelula bakoitzean, eta haien DNAren luzera 16.000 base-parekoa baino ez da (DNAren sekuentziako "letrak"). DNA nuklearra, bestalde, kromosometan dago. Zelularen nukleoan baino ez dago, eta askoz ere luzeagoa da: 3.200 milioi base-pare dauzka. DNA mitokondriala amagandik baino ez da transmititzen, eta DNA nuklearra, berriz, amagandik eta aitagandik transmititzen da. Horren ondorioz, DNA nuklearrak askoz informazio gehiago ematzen du mitokondrialak baino; baina, aldi berean, askoz ere zailagoa (eta garestiagoa) da nukleoko DNA sekuentziatzea.

Azken aldian, DNA sedimentuetatik bertatik lortzeko aukera aztertzen aritu da Matthias Meyerrek zuzendutako taldea, alegia, laginak giza hezurretatik hartu beharrik izan gabe, aztarnategi gehienetan ez baitago hezurrik. Aurretik argitaratutako artikulu batean, frogatu zen DNA mitokondriala berreskura zitekeela sedimentuetatik, baina nukleoko DNArekin lortzea falta zen.

Tenperatura funtsezkoa da DNAren molekula kontserba dadin: zenbat eta tenperatura altuagoa izan, molekula gehiago degradatzen da. Horrenbestez, zenbat eta iparralderago egon aztarnategia, orduan eta kontserbazio hobea izango du. Siberia da antzinako DNA berreskuratzeko toki ideala, baina Estatuen Galeriak, dituen ezaugarri bereziengatik, aukera paregabea ematen zuen latitude epeletan dagoen eskualde bateko sedimentutik DNA erauzteko.

Science aldizkariak argitaratzen duen artikuluan, zeinaren buru baita Benjamin Vernot (Matthias Meyerren taldekoa), jakitera ematen da DNA mitokondriala eta DNA nuklearra lortu direla Siberiako Altai mendietako bi aztarnategitan (Denisova eta Chagyrscaya haitzuloetan), bai eta Haitzulo Nagusiko Estatuen Galerian ere. Zalantzarik gabe, argitalpen hau historikotzat jo daiteke, parez pare zabaltzen baitie atea etorkizuneko hainbat ikerketari. Dagoeneko ez da beharrezkoa giza fosilik historiaurreko haitzulo bateko biztanleak identifikatzeko.

Jakina, beti ere kontserbazio-kondizioak Estatuen Galeriakoak bezain onak badira, eta beti ere indusketa kontu handiz egiten bada, kondizio horiek alda ez daitezen. Hain zuzen ere, aukera hori buruan izanik induskatu da Estatuen Galeria azken urteotan; beraz, uko egin zaio galeriaren sarrera garbitu eta kanpoaldearekin komunikatzeari. Indusketa-estrategia horrek, alegia, aztarnategira haitzuloaren barnetik ibilbide luze bat eginez sartu behar izateak, eragin du lana askoz ere konplexuagoa izatea, baina Scienceko artikuluak frogatu du ahaleginak merezi izan duela. 2020an, halaber, sarrerako "buxaduraren" beste aldean geratu zen aztarnategiaren zatia ere hasi ziren ikertzen, gaur egun mendilerroaren hegala dagoen tokian, eta oso emaitza garrantzitsuak ari dira ateratzen.

Zer kontatzen du Estatuen Galeriako neandertalen DNAk? Hasteko, sedimentuetatik gizabanako batzuen DNA nuklearra eta DNA mitokondriala lortu dira. Antzinakoena den gizabanakoaren DNA antzinako jatorriko gizonezko neandertal batena da. Gutxi gora-behera, 110.000 urte ditu, baina haren leinua lehenago sortua zen, duela 130.000 urte inguru. "Erradiazio" horretarako kalkulatutako data (erradiazio deitzen zaio teknikoki arbaso komun batetik bereizten diren lerroen multzo bati) bat dator bi glaziazioren arteko azken beroaldiaren hasierarekin. Litekeena da erradiazioak eta klima-hobekuntzak zerikusia izatea nolabait; izan ere, ingurumen-aldaketa handiek aldaketa ekologiko handiak eragiten dituzte, zeinak aldi berean espezie askoren eboluzioari eragiten baitiote.

Milaka urte geroago, genetikoki desberdinak diren neandertal batzuk aurkitu dituzte Estatuen Galerian, bigarren erradiazio batekoak. Antzinakoen ondoren etorri ziren neandertal berri horietatik gutxienez lau emakumezkoren DNA identifikatu dute sekuentzia estratigrafikoan zehar. Neandertal modernoenek 80.000 urte inguru dituzte. Ordurako klima aldatu zen, azken ziklo glaziarra hasia baitzen dagoeneko. Klimaren eta giza eboluzioaren arteko erlazioa oso iradokitzailea da berriz ere.

Azken glaziazioko neandertalei "klasiko" deitzen zaie, modu informalean. Gehien ikasi direnak dira, eta bereizgarri nabarmenenak dituztenak. Gainera, bada neandertal "klasikoen" ezaugarri oso garrantzitsu bat: giza eboluzio osoko garunik handienak izan zituzten, gureak baino handiagoak.

Ikerketa honetan, Euskal Herriko Unibertsitatearen aldetik, UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko Arantza Aranburu eta Asier Gómez-Olivencia ikertzaileek hartu dute parte.