BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko Espektroskopia Taldea izarrarteko espazioan azukreak bilatzen ari da. Taldeak azukreen espektro errotazionalak egiteko zailtasuna gainditu du, zeina azukreak lurruntzeko zailtasunean datzan. Beste ikerketa-talde batzuekin lankidetzan, eritrulosaren egitura molekular hiperzehatza determinatzea lortu du, eta azukre horren seinale espektroskopikoak bilatu ditu espazioan.

Izarren arteko ingurunean karbohidratoak egoteak zerikusia izan lezake Lurrean bizia sortu izanarekin. Bizitzaren jatorriaren gaiak jakin-mina sortu die gizakiei mendez mende, eta astrokimikaren eta astrobiologiaren ikerketa-arlo zabalduenetako bat da orain. Izarrarteko espazioan 200 molekula baino gehiago detektatzeak adierazten du molekula prebiotikoak badaudela espazioan. Hori dela eta, funtsezkoa da izarren arteko espazioan azukreak edo funtsezko beste molekula batzuk detektatzea —hala nola ezagutzen diren bizi-mota guztietarako ezinbestekoak diren aminoazidoak, base nitrogenatuak edo azido koipetsuak—, bizitzarekin zerikusia duten molekula organiko konplexuagoak sortzeko erreakzioak eta bideak modelatu ahal izateko. "Halako biomolekulak detektatzeak argi pixka bat eman diezaioke bizitzaren hasierako prozesuari. Oraingoz ez da azukrerik aurkitu, haien aitzindariren bat edo beste baino ez", azaldu du Emilio J. Cocinero UPV/EHUko Espektroskopia Taldeko ikertzaile nagusiak.

"Espazioan molekulak bilatzeko, espektroskopia errotazionala erabiltzen da. Teknika horri esker, bakandutako molekula bakar baten egitura doitasun handiz zehaztu daiteke. Esan liteke molekula horren hatz-marka ematen digula. Espektroskopia errotazionala da molekula horiek izarren arteko espazioan bilatzeko aurretiko urratsa —dio Cocinerok—. Espazioa seinalez beteta dago, espazioa osatzen duten molekula guztien seinaleak baitaude. Beraz, ezinezkoa da seinale?«?molekula erlazioa ezartzea, laborategian molekula bakoitza aurrez karakterizatu ez bada. Azkenik, irrati-astronomoek laborategian aurrez karakterizatutako seinale horiek bilatzen dituzte, izarren arteko inguruneko eskualdeetan, irrati-teleskopioak erabiliz".

AZUKREAK KARAMELU BIHURTZEN ZIREN

Espektroskopia errotazionala bereizmen handiko teknika bat da, eta gas-faseko laginak erabiltzen ditu. "Azukreak solidoak dira, eta arazoa da, berotu eta gas-fasera pasatzean, karamelua sortzen dela; beraz, azukrea ez zen lurruntzen, deskonposatu eta eraldatu egiten zen, molekula txikiagoak sortzen baitziren", azaldu du ikertzaileak. Hala ere, ikerketa-taldeak lortu du "lurruntze-teknika bat garatzea, azukre hori gas-egoerara pasatzeko deskonposizio-prozesua saihestuz. Azukrea, kasu honetan eritrulosa, trinkotzaile batekin nahasi, prentsatu eta lehortu egin zen. Azkenik, horrela lortutako barra solidoa lurrundu egin zen laser ultramore ultralaster batekin, eta, horri esker, gas-faseko eritrulosa molekulak lortu ziren", azaldu du. Prozedura hori orokorra da. "Beste azukre batzuk aztertzeko metodologia esperimental bat garatu dugu", gehitu du ikertzaileak, zeina Biofisika Institutuan (UPV/EHU, CSIC) ere aritzen baita. Gainera, ikerlanean, azukrearen, eritrulosaren, egitura hiperzehatza zehaztu zuten.

UPV/EHUko Kimika Fisikoa Saileko Espektroskopia Taldearen laborategian bereizmen handiko tresnak diseinatu eta fabrikatzen dituzte, eta bereziki azukreen azterketa dute ardatz. "Aminoazidoen detekzioarekin alderatuta, adibidez, azukreen detekzioak hogei bat urteko atzerapena darama; ia alboratuta egon dira. Berez, izarrarteko ingurunean detektatu izan dira azukreen molekula aitzindari batzuk, bi edo hiru karbono-unitatekoak. Eritrulosa hurrengo pausoa izango litzateke, lau karbono-unitate baititu. Azken urteotan, asko handitu da espazioko molekulen detekzio-kopurua; detekzio hori esponentzialki hazi da, irrati-teleskopioen detekzio-mailak nabarmen hobetu baitira. Gainera, badakigu zenbat eta handiagoa izan molekula, orduan eta zailagoa dela atzematea. Baina garrantzitsua da detektatzen diren molekulen tamaina eta irrati-teleskopioen sentikortasun-maila handituz joatea; horri esker, lehen izaki bizidun horiek nola sortu diren jakiteko informazio gehiago eskuratu ahal izango da", esan du.

Cocinero pozik dago astronomoekin lankidetzan aritzeko bidea ireki dutelako, haiekin batera lan egin baitute, datu esperimental berriekin eritrulosa izarrarteko inguruneko hiru eskualdetan bilatzeko edo detektatzeko. Oraingoz, bilaketak emaitza negatiboa izan du hiru eskualde horietan: "Ez da eritrulosa-seinalerik aurkitu izarrarteko ingurunean, baina ez da harritzekoa izango urte batzuen buruan emaitza positiboa lortzea, irrati-teleskopioen detekzio-mailak hobetzen direnean. Guk lortutako datuak baliagarriak izango dira etorkizunean izarrarteko espazioko beste eskualde batzuetan bilaketak eta detekzioak egiteko".