BILBO. 40.000 lagun inguru bildu ditu Ikertzaileen Europako Gauak 2020ko edizio honetan. Bertan, 1.190 ikertzailek zientzia eta ikerketa hurbildu diete jendeari, antolatutako 400 jardueretan.

Unibertsitateen elkarlaneko proiektu honek —zeinaren inguruan bildu diren Oviedoko, Kantabriako, Gaztela-Mantxako, Extremadurako, Balear Uharteetako unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Euskal Herriko Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatearen laguntzarekin— ikaragarrizko arrakasta izan du. S-TEAM partzuergoak, Oviedoko Unibertsitatearen koordinazioaren pean, Ikertzaileen Europako Gaua antolatu du, hainbat jakintza arlotako —tartean giza eta gizarte zientzietako— ikertzaileen lan gogotsuari esker. Gau batean, 400 jardueratik gora eskaini dituzte on line, denak erakargarriak eta dinamikoak. Ikusleen harrera bikaina izan da, 40.000 lagunek baino gehiagok gozatu baitute, etxetik edo ikaslekuetatik, zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako eskaintza aberats horretaz. Hitzaldiak, jokoak, erronkak, bisita gidatuak, bakarrizketak, esperimentuak eta lehiaketak egokitu dituzte ikus-entzunezko moldera, dibulgazioa testuinguru askotara egokitu daitekeela frogatuz.

Proiektu honetan azpimarratzekoa da emakume ikertzaileen parte hartze handia, dibulgazioan genero berdintasuna sustatzea funtsezkoa baita S-TEAM proiektuarentzat, eta haren ildo estrategikoetako bat. Zehazki, Gauean parte hartu duten ikertzaileen erdiak baino gehiago emakumeak izan dira, % 53. Hartara, proiektuak laguntzen du emakumeak ikusgai egiten zientzian eta teknologian, eta aldi berean eredu eta erreferente femeninoak ematen dizkie neskatoei.

Gainera, jarduera batzuk elkarlanean egindakoak izan dira, proiektuaren batasuna eta kohesioa areagotuz horrela. Bestalde, unibertsitateetako kultura zientifikoko atalak ere —bitartekari lana egiten dutenak herritarrek ikertzaileen jakintza eta lana aitortu eta dezaten— inplikatu dira ekimenean.

ELKARLANEKO JARDUERAK

Parte hartu duten unibertsitateek elkarrekin egin dituzte jardueretako batzuk. Horietako bat izan da, adibidez, «Ciencia Nocturna» [zientzia gauez] izeneko irrati saioa, Europako zientziaren gau horren berri eman duena, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Román Escudero zientzia kazetariak gidaturik. Bestalde, Oviedoko Unibertsitateak «Aukeratu zeure abentura zientifikoa» izeneko rol jokoa idatzi eta programatu du. Ekimen interaktibo horretan, unibertsitateko ikasle batek karrera amaitu du eta ikerketara dedikatu nahi du. Bederatzi autonomia erkidegoetako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleentzat, berriz, Kantabriako Unibertsitateak «Zer dakizu Europaz?» izeneko kahoota koordinatu du, zuzenean jarraitu ahal izan zena Microsoft TEAMSen bidez.

Gainera, G-9ko unibertsitateek playlist bat sortu dute Spotifyn, ikertzaileek esperimentuak egitean, datuak analizatzean, irakurtzean edo idaztean lagun edo inspirazio iturri izaten duten musikarekin. Hauxe da.

Herritarrek hurbilagotik ezagutu ditzaten ikertzaileak, eta aintzat har dezaten haien lana eta gizarteari ematen diotena, bederatzi unibertsitateetako ikertzaileek blog bat egin dute, «Una noche soñe que quería ser... y hoy soy...» izenekoa [«gau batez amets egin nuen€ eta gaur egun€»], non irakurleek ezagutu dezaketen ikerketa eta dibulgazio zientifikoa uztartzen dituzten zientzialarien profil profesionala.