Duela 11.000 urte baino gehiago

Izotz Aroan zeuden txakur motak frogatu ditu ikerketa batek

02.11.2020 | 14:59
Aritza Villaluenga.

BILBO. Izotz Aroan, hau da, duela 11.000 urte baino gehiago, bizi ziren txakur motak aztertu egin ditu Francis Crick Institutuko, Oxfordeko Unibertsitateko eta Vienako Unibertsitateko hainbat zientzialarik eta 10 herrialde baino gehiagotako hainbat arkeologok egindako ikerketa batek. Bertan, Euskal Herriko Unibertsitateak ordezkaritza izan du baita ere, Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko eta Historiaurreari buruzko Ikerketa Talde Finkatuko kide Aritza Villaluengak parte hartu baitu.

Science aldizkariak argitaratutako 'Origins and Genetic legacy of Prehistoric dogs' azterketan jaso da ikerketa taldearen lana. Lan horretan, 27 txakurren antzinako DNA sekuentziatu zuten; txakur horietako batzuk duela 11.000 urtera arte bizi izan ziren, Europan, Ekialde Hurbilean eta Siberian. Jasotako datuen arabera, Historiako garai hartan, justu Izotz Aroaren ondoren eta beste edozein animalia etxekotu aurretik, jatorri genetiko ezberdineko gutxienez bost txakur mota zeuden.

Aurkikuntza horrek erakusten duenez, gaur egun munduko hainbat lekutako txakurren artean ikusten den dibertsitatea gizakiak oraindik ehiztari eta biltzaileak zirenean sortu zen. Crick's Ancient Genomics laborategiko buru Pontus Skoglunden arabera, "gaur egun kalean dabiltzan txakurren artean ikusten diren aldaeretako batzuk Izotz Aroan sortu ziren. Garai haren bukaeran, txakurrak jada oso zabalduta zeuden Ipar Hemisferio osoan".

Antzinako genomika aztertzeak hezurdurako materialetik DNA atera eta aztertzea dakar. Iraganerako leiho bat eskaintzen du eta, horri esker, ikertzaileek duela milaka urte gertatutako aldaketa ebolutiboak ezagutu ditzakete.

Ikerketa taldeak frogatu duenez, azken 10.000 urteetan lehenengo txakur mota horiek nahastu eta mugitu egin ziren eta horren ondorioz sortu ziren gaur egun ezagutzen ditugun txakurrak. Adibidez, Europako lehenengo txakurrak, hasieran, askotarikoak ziren eta bi populazio oso ezberdinetatik zetozela zirudien, bata, Ekialde Hurbileko txakurrekin lotua, bestea, berriz, Siberiako txakurrekin. Baina uneren batean dibertsitate hori galdu egin zen, izan ere, gaur ez dago halakorik Europako txakurren artean.

Crickeko Antzinako Genomikako laborategiko doktoratu osteko ikertzaile Anders Bergströmek dioenez, "lau edo bost mila urte baino gehiago atzera egiten badugu, Europan txakurrei dagokienez dibertsitate handia zegoela ikus dezakegu. Gaur egun ikusten ditugun Europako txakurrek formaren aldetik izugarrizko barietatea duten arren, genetikoki, existitu ohi zen dibertsitateko azpitalde oso estu batetik datoz".

BILAKAERA PARALELOA

Txakurrek historian zehar izan duten bilakaera gizakien, bizi ohituren eta migrazioen bilakaerarekin alderatu dute, era berean, ikertzaileek. Kasu askotan, aldaketa parekagarriak gertatu ziren, izan ere, gizakiek beraiekin eramango zituzten txakurrak mundu osoan migratzen zuten bitartean.

Baina beste kasu batzuetan, gizakien eta txakurren historiak ez daude lotuta. Adibidez, Europa goiztiarrean txakurren artean zegoen dibertsitatea galdu izana txakur arbaso bakarra zabaldu eta horrek beste populazioak ordezkatzearen ondorioa da. Gertaera dramatiko hori ez dago giza populazioetan islatuta, eta zehazteke dago zerk eragin zuen Europako txakurren arbaso aldaketa hori.

Oxfordeko Unibertsitateko Paleogenomika eta Bioarkeologiako Ikerketa Sareko zuzendari Greger Larsonen ustez, "txakurra gure animalia lagun zaharrena eta hurbilena da. Antzinako txakurren DNA erabiltzeak gure historia partekatua zein aspaldikoa den erakusten digu eta, azken beltzean, harreman sakon hura noiz eta non hasi zen ulertzen lagunduko digu".

Bestetik, Vienako Unibertsitateko taldeko buru Ron Pinhasik esan duenez, "antzinako DNAk gure arbasoen beraien azterketan iraultza ekarri duen bezala, orain txakurrekin eta etxeko beste animalia batzuekin gauza bera egiten hasi da. Gure lagun animalien azterketak beste geruza bat eransten dio giza historiaren inguruko gure ulermenari".

Nahiz eta azterketa honek txakur populazioen, gizakiekiko harremanen eta haien arteko harremanen historia goiztiarrari buruzko ezagutza berri garrantzitsuak eskaintzen dituen, oraindik galdera asko geratzen dira. Bereziki, txakurrak lehenengo aldiz non eta zein giza testuinguru kulturaletan etxekotu ziren jakiteko ahaleginetan ari dira oraindik ikerketa taldeak.

UPV/EHUREN EKARPENA

Aritza Villaluenga Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakasle atxikia da eta Historiaurreari buruzko Talde Finkatuko (IT-1223-19) kidea UPV/EHUko Arabako Campusean.

Villaluengak Gipuzkoako aztarnategi arkeologikoetan aurkitutako Goi Paleolitotik aurrerako kanidoen arrastoak identifikatuz lagundu du ikerketan. Guztira, 32 ale; horietatik azkenean bakarra zen txakur batena, gainerakoak, beharbada, otsoak izango ziren (Canis lupus) edo kuoiak (Cuon alpinus). "Lan honek txakurraren etxekotzearen (Canis familiaris) jatorria aztertu du –esan du–. Gai horri buruz asko eztabaidatu da eta lehenengo aldiz eskala globalean aztertu da, duela 10.000 urtetiko testuinguru arkeologikoetan Asian, Afrikan, Amerikan eta Europan aurkitutako animaliak barne hartuz".

Azterlanaren barruan sartu ahal izan den animalia bakarra Marizulo kobazulotik (Urnieta) dator. J.M. Barandiaranek induskatu zuen kobazulo hori, 1962 eta 1967 artean, eta, indusketa horretan aurkitutako hobian gizon gazte baten hezurdura zegoen, txakur baten eta ardi baten hezurduren ondoan. Animalia hori azterlan honen barruan sartu da eta 5.390±34 BP urte dituela ikusi da (C14 AMS datazioa), hau da, duela 6.173-6.287 urtekoa dela.

Genetikoki, txakur mota hori Neolitikokoa zen. Horiek Paleolitikoko lehenengo txakurrak ordezkatu zituzten eta, era berean, geroago Brontze Aroko txakurrek ordezkatu zituzten Neolitikokoak, hau da, gaur egungo Europako txakurren arbasoek, besteak beste, euskal artzain txakurrenek.