BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko ingeniaritza nuklearreko katedraduna den Margarita Herranzek material kutsatuen kudeaketa hobetzeko proiektua zuzendu egin du. Herranz Europako H2020ko Insider proiektuko lantaldeetako baten buru da.

Azken urteetan, zentral eta instalazio nuklearrak eraisteko fase batean sartu gara, Europan batez ere. 2015ean, mundu osoko instalazio nuklearretako 156 erreaktore zeuden geldirik edo eraisteko fasean; bestalde, 2050erako aurreikusita dago munduan gaur egun dagoen 400 GW-eko ahalmen nuklearraren erdia baino gehiago, eraisteko, itxi behar izatea. "Europan, hondakin erradioaktiboak ugaritu egingo ditu horrek, eta, aldiz, gaur egungo biltegiratze-instalazioek edukiera mugatua daukate. Oso garrantzitsua da kudeaketa hori optimizatzea", adierazi du UPV/EHUko katedradun Margarita Herranzek.

Insider Europako H2020 proiektuan —ia bost milioi euroko finantziazioa du, lau urterako—, instalazio nuklearrak eraistean sortzen diren hondakin erradioaktiboen ekoizpena optimizatzeko estrategiarik onena definitzen ari dira, eta hondakinak ezaugarritzeko eta metodologia hobetzeko estrategia du ardatz (batez ere, ingurune mugatuetan). Halaber, instalazio nuklear eta erradioaktiboak eraisteko irtenbide berriak eta hobeak proposatzea du xede, barnean hartuta energia elektrikoa ekoizteko zentralak eta haien ingurunearen erremediazioa, baita istripu-osteko egoerak ere.

NEURKETAK IN SITU INGURUNE MUGATUETAN

"Halako instalazioak eraistea oso prozesu garestia da, hondakinek toki asko hartzen dute eta, gainera, jendeari ez zaio gustatzen mota horretako biltegiak inguruan edukitzea. Eta, gainera, instalazio nuklear asko eraisteaz ari bagara, oso garrantzitsua da definitzea zentral nuklear batean zer jo behar den hondakin erradioaktibotzat eta zer ez; izan ere, hondakin horien kudeaketaren kostua asko handitzen da hondakinen aktibitate-mailaren arabera, eta zentral nuklear bat eraistean tonaka eta tonaka hondakin atera daitezke", azaldu du UPV/EHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Saileko ikertzaileak. Orain arte egin diren eraispenek zorrotz bete badituzte ere indarrean dauden arauak, "hondakin nuklear eta erradioaktibotzat jo den guztiaren zati handi bat benetan ez da halakoa —adierazi du—. Alderdi horretan, zuhurregi jokatzen ari da".

Neurketak in situ antolatu eta egiteaz eta ondoren emaitzak aztertzeaz arduratzen den lantaldearen buru da Margarita Herranz, eta hark adierazi duenez "funtsezkoa da horma, tabike, makina, blindaje metaliko eta abarretan in situ egiten diren erradioaktibitate-neurketak optimizatzea, bideraezina baita haiek guztiak laborategi batera eramatea". Azpimarratu behar da neurketa zailak direla; "izan ere, bilatu behar da zer ekipamendu dagoen egokituta ingurune bakoitzean dagoen atmosferaren arabera erabiltzeko (erradiazioa, tenperatura, presioa, hezetasuna eta abar) eta emaitza onak lortzeko". Testuinguru horretan, "definitu dugu instalazio nuklear eta erradioaktiboetan neurketak in situ egiteko zer ingurune murriztu aurkitzen diren, ingurunearen baldintza horiek nola eragingo dioten ekipamendu-motari eta nola eragin diezaieketen lortuko diren emaitzei eta emaitzen ebaluazioari", zehaztu du. Halaber, instalazio nuklear/erradioaktibo batek dituen atalak eta haietan aurkitu daitezkeen arazoak deskribatzen ari dira, bai eta atal horietan erabili beharreko tresneria-moten gomendioak lantzen ere.

Herranzek adierazi du proiektu honek lagundu egiten duela "eraiste-prozesuak optimizatzen eta prozesu eta sistema horien pertzepzio publikoa hobetzen. Alegia, erakutsi nahi da kontrolatu egiten direla eta horretan dihardugula. Teknologia ugari dago helburu honen zerbitzura. Helburu soziala du, funtsean". INSIDER europar proiektuarekin lotuta, hainbat artikulu zientifiko argitaratzen ari dira, zeintzuen bidez ezagutzera ematen baita Insider proiektuaren webgunean eskura dagoen gida metodologiko zabal bat. EBko politika hobetzea du xede proiektuak: "Espero dugu, azken batean, lan honek eragina izatea nazioarteko araudiaren osaeran", ondorioztatu du ikertzaileak.