BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateak 9 eta 12 urte bitarteko adin txikikoen errealitate digitala aztertu egin du, gai horri buruzko ikuspegi ezberdinak kontuan hartuz. Jaiotzetik Interneta erabili duen ia lehenengo generazioa da, eta horregatik garrantzitsua da kontrolatzea zer erabilera eman ohi dioten, arriskuak detektatu eta ekiditu ahal izateko.

Argi dago Internet egunerokotasunaren bizkarrezur bilakatu dela eta munduko sarerik handienaren abantailak ugariak direla, baina erabilera desegokiek eta egoera gatazkatsuek adin txikikoen nortasuna eta osasuna arrisku larrian jarri ditzakete. "Gaur egun, klik sinple batek galdera askoren erantzuna ekar dezake, baina sarri informazioa kontrolik gabe zabaltzen denez, klik sinple berak bizitza hankaz gora jar dezake eta, horren aurrean, adin txikikoak erabiltzaile ahulenak dira", adierazi du Rakel Gamito Gomez UPV/EHUko Didaktika eta Eskola Antolakuntza saileko ikertzaileak.

Hortaz, lan honen helburu nagusia izan da 9-12 urteko Lehen Hezkuntzako ikasleen Interneten erabilera ohiturak aztertzea eta erabilera arduratsuari buruzko kontzientzia piztea ikasleengan. Halaber, proposamen didaktiko bat landu da eta formakuntza egokirako zenbait gidalerro garatu dira irakasleentzako zein familientzako. Izan ere, eskola zein familia adin txikikoen Interneten erabilera seguru eta kritikoa lantzeko funtsezko eragileak dira.

Emaitzak argiak dira. "Lehen Hezkuntzako ikasleen artean Interneten eta batez ere mugikorren erabilera orokorra da", dio Gamito Gomezek. "Batez ere aisialdirako erabiltzen dute —azpimarratu du— eta aisialdi horretan izaten dituzte egoera gatazkatsuak: ziberbulling-a, ezezagunekin kontaktua, eduki ezegokiak€". Ikertzaileak nabarmendu duenez, "adin txikikoak ez dira sareko arriskuez kontziente. Adibidez, teoria-mailan arriskutsua dela adierazi arren, euren erabilera-ohiturei buruz hitz egiterakoan, ez dituzte arriskutsutzat ulertzen ezezagunekin kontaktua izatea edota datu pribatuk sare sozialen bitartez zabaltzea bezalako praktikak".

Helduek, irakasleek zein familiek, adin txikikoen errealitate digitalari buruz duten ezagutza, berriz, partziala dela ondorioztatu du UPV/EHUko ikertzaileak. "Jakin badakite erabiltzen dutela baina ez dituzte ezagutzen bizi dituzten egoera gatazkatsuak". Horrenbestez, Interneten erabilera arduratsuari buruzko kontzientzia piztearen beharra komunitate osora zabaltzen da. Gaur egun, esaterako, hezkuntza-sistemaren barruan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. zikloko helburu eta edukietan soilik egiten zaie erreferentzia zuzena Interneten arriskuei, pribatutasunari eta nortasun digitalari. "Lan honetan, ordea, Interneten erabilera arduratsua Lehen Hezkuntzako geletan lantzeko proposamen didaktiko bat diseinatu dugu. Hiru saio eta zenbait dinamikaz osatzen da eta ikasleek oso modu positiboan balioztatu dute", dio Rakel Gamito UPV/EHUko ikertzaileak. Horretarako, ezinbestekoa da irakasleen formakuntza.

"Familiak, berriz, aholku eta laguntzaren bitartez adin txikikoen erabilera-ohitura seguru eta arduratsuak eraiki behar ditu. Alegia, seme-alaben ondoan egon, zertan ari diren ikusi, interesa erakutsi eta, batez ere, ulertu eremu horretan ere bidelagun izan behar dela familia txiki-txikitatik", nabarmendu du Gamitok.

"Gaur egun, online egotearen beharra egunerokotasunaren errealitatea da, eta zalantzarik gabe, testuinguru digital berriaren protagonista nagusietako bat adin txikikoak dira. Asko dugu oraindik ere gai horretan sakontzeko eta adin txikikoei ikasteko aukera emateko", dio Rakel Gamito UPV/EHUko ikertzaileak.