BILBO. Industria Ingeniaritzako hirugarren mailako ikasle batek eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako tituludun bik merkataritzako edo aisialdiko lokalen edukiera kontrolatzeko eta, horrela, osasun krisiak ezarritako segurtasun neurriak betetzea errazteko aplikazioa sortu dute.

Menu erraz baten bitartez eta klik gutxi batzuetan, YetPlan app-ak (yetplan.com), adibidez, taberna baten okupazio-maila ezagutzeko eta terrazan mahai batez gozatzeko erreserba egiteko aukera ematen die erabiltzaileei, eta, aldi berean, negozioaren kudeatzaileari espazioa kudeatzeko doako tresna ematen dio.

"Konfinamendu honetan, Eskolan genuen prestakuntzak laguntzeko zeozer egiteko aukera ematen zigula ikusi dugu. Gure ustez, konfinamenduaren ondoren ezarriko diren edukiera mugak kudeatzea oso zaila izango da lokalentzat, baina, gainera, erabiltzaileentzat ere eragozpena izango dira. Beste herri bateko establezimendu batera joateko planak egiten badituzu, hobe izango da arreta emango dizuten ala ez aldez aurretik jakitea, iristean, buelta eman behar ez izateko", azaldu du Laura Dávila aplikazioaren ikasle sortzaileak, Eskolako ingeniari tituludun diren Lucas de Lecearekin eta Javier Viañarekin batera.

Hiru ekintzaile horiek Kroaziako beste ingeniari gazte batzuekin harremanetan jarri ziren, haiek antzeko soluzioak garatuak zituztelako, horrela, ideiaren garapena bizkortzeko eta ideia hori lehenbailehen ostalarien, merkatarien, elkarte profesionalen edo administrazio publikoen esku jartzeko; izan ere, aplikazioa hondartzetara, igerilekuetara, museoetara edo aire zabaleko ekitaldietara doazen bisitarien kopurua kontrolatzeko ere erabil daiteke". Getxoko Udalak YetPlanari buruzko interesa erakutsi du, Udalak kudeatutako espazio publikoetan erabiltzeko, eta beste udalerri batzuekin ere harremanetan gaude, zelan funtzionatzen duen jakin dezaten", adierazi du Dávilak.

ERABILERA ERRAZA ETA DOAKOA

Aplikazioa doakoa da, eta oso funtzionamendu erraza du. Alde batetik, lokala erregistratu nahi duten establezimenduek jendearentzako ordutegia, zenbat mahai dituzten eta bakoitzean zenbat bezero eseri daitezkeen adierazi beharko dute, edukiera kontrolatzeko araudiaren arabera. Bestetik, jendeak erreserba egin ahal izango du, interesatzen zaion lekua (barrualdea, jangela edo terraza), zer ordutan joan gura duen eta zenbat pertsona joango diren zehaztuta. Modu automatikoan, sistemak datuak erregistratuko ditu, eta establezimendura iristerakoan erakutsi beharreko egiaztagiria erakutsiko du. Erreserba ezeztatzeko aukera ere ematen du, ideiaz aldatzen bada edo ezustekoren bat sortzen bada. "Gure asmoa arintze prozesuari ahalik eta segurtasun handienarekin aurre egin ahal izatea da, eta horretarako denok arduratsuak izan behar dugu eta gure jokabidea zaindu behar dugu. Atera eta jendearekin bildu behar gara, baina guk behar bezala jokatzen ez badugu ostalaria edo merkataria zigortua izan daitekeela ahaztu barik", azpimarratu du Davilak.

YetPlanek gailu bilatzailea ere badu. Gailu bilatzaile horrek, erregistratutako zein lokaletara joan gura den berehala lokalizatzeaz gain, jardueren eta udalerrien arabera bilatzeko aukera ematen du, eta, horrela, plan ugari antolatzea ahalbidetzen du, betiere, lokal, espazio edo instalazioaren okupazioaren eta edukieraren arabera benetako aukera dagoen ala ez aldez aurretik jakinda, eta erreserba itxiz.