Bada urteko sasoi batzuk non bidaiak ohikoagoak diren: uda, aste santua, gabonetan… Normalean, laneko edo ikasketetako oporraldia iristen denean bidaiatzeko aukera hori heltzen da aldi berean.

Hala ere, badago gero eta gehiago praktikatzen den bidaiatzeko formatu bat: asteburu pasa. Datuen arabera, horrelako bidaiak planteatzen ditugunean, ia gehienok gure bigarren etxebizitzara joaten gara. Hau da, ia guztiok herrira mugitzen gara asteburua pasatzera. Hala ere, badaude asteburuak disfrutatzeko hainbat modu. 

Euskaditik eta Nafarroatik, asteburuaz disfrutatzeko, iparraldeko zonaldea aukeratzen dugu. Zergatik? Argi dago, distantziagatik eta erraztasunagatik.

Kotxez joan ahal gara, eta horrek, asteburuan zehar autonomia eskaintzen digu: erabaki dugun helmugatik erraz mugitu ahal gara leku batetik bestera, eta ez gara zonalde txiki batera mugatu behar. Gure herrira joaten ez garenean, Kantabriako herritxoak eta Asturiaseko zonaldea dira gure gustukoenak. 

Asturiasen zonalde bat nagusitu da azkenengo boladan: Cangas de Onis. Hau eta inguruko herriek hainbat pertsonen erakartasuna lortu dute, eta ez da gutxirako: Europako Picos-ak bisitatu ditzakegu, eta hori gutxi balitz, Cangas de Onis ingurune natural oso atsegina da, non beste hainbat leku bisitatu ahal diren, besteak beste, Sella ibaia.

Hori gutxi balitz, Cangas de Onis-en herriko zubi erromatarra bisita daiteke, Asturias osoko sinboloa bilakatu dena. Ondare Historiko Artistikoa izendatu zuten zubia, eta Erdi Aroko eraikina da. XIX. mendera arte, Asturias eta Kantabria lotzen zituen harrizko pasabide bakarra izan zen.

Cangas de Onis, ia nahi gabe, edozein bidaiariri ongi etorria emateko lekua bihurtu da: bakarrik edo bikoteka, lagunekin, lasaitasunaren bila edo abenturak bizitzera, ingurune naturalaz gozatu nahi duen edonor, bere gorputza proban jarriz edo isiltasunean lasai pasatu nahian… Mila modu daude Cangas de Onis bisitatzeko eta denak egokiak dira.

Ez da oharkabean pasatzen gastronomia, eta batez ere, prezioa. Cangas de Onisek hainbat ezaugarri positibo ditu, eta badirudi asteburuko paradisu bihurtzen dela errutina hausteko gogoa duen edonorentzat.

Nola heldu?

Aipatu den bezala, Cangas de Onis-era joateko modu egokiena kotxez da. Hortik mugitzeko eta inguruko leku interesgarri guztiak bisitatzeko lagunkoia izango da. Bilbotik 226 kilometro daude, kotxez 2 ordu eta erdi. A-8 errepidea hartuta, bidaia ez da zaila. Donostiatik joango bagara, ordu bat gehitu behar diogu bidaiari eta A-8 errepidea hartu baino lehen, ezaguna egingo zaigun AP-8 errepidetik gidatu beharko dugu. Gasteizetik hiru ordutan iritsiko gara, eta azkenik, Iruñeatik, 4 ordutan bidaia egingo dugu.

Aipatu bezala, errepidea erreza da, eta bidaia ez da luzeegia egiten. Hala ere, geldialdiak egitea komenigarria denez, errepidean hainbat toki aurkituko ditugu deskantsatzeko, zerbait jateko, eta kafe bat hartzeko gidatzen jarraitu baino lehen.

Non egin lo?

Gomendio bat: asteburua kanpoan pasatzeko erabakia hartu baduzu, ez zaitez gehiegi larritu etxe egoki bat aurkitzeaz. Zergatik? Cangas de Onisen mila plan egingo dituzulako eta mila leku bisitatuko dituzulako. Bilatu leku apropos bat deskantsatzeko.

Zonaldean ohikoak dira landetxeak, eta landa-turismoak ere gorakada berezia izan du. Horregatik, bikoteka bidaiatzen badugu, zonaldetik aurkituko dituzun etxetxo txikiak gomendagarriak dira. Ingurune naturalaz gozatu ahal izango duzu, oso ondo hornituta egoten dira eta gustura egoteko gutxieneko zerbitzua guztiak dituzte. Gainera, etxe askok jacuzzi bezalako zerbitzuak dituzte, bistaz gozatzeko terraza erosoa, edota gosaria izaten dute.

Etxe hauen puntu positiboa arreta da: iristen zarenean jasotzen zaituzte, eta edozein unetan jar zaitezke harremanetan jaso zaituen pertsonarekin, zerbait behar baduzu ere.

Hala ere, beste modu batzuk daude Cangas bisitatu ahal izateko: herriko erdigunea disfrutatu nahi baduzu, eta gutxieneko baliabide guztiak gertu nahi badituzu, herrian bertan aurkitu ahal dituzu hainbat apartamentu.

Cangas de Onisek, ingurune naturalaz gain, giro ederra dauka herrian. Gainera, aipatu dugun bezala, zonalde bat edo bestea erabakita, kotxea zure lagunik onena izango da: leku batetik bestera mugitzeko, erabili beharko duzu.

Badakizu zenbat plan egin ahal dituzun Cangas de Onisetik hurbil?

Bulnes herria bisitatu

Denok ezagutzen dugu Cares Ibilbidea. Buruan sartu beharreko herriaren izena Poncebo da. Cangas de Onisetik 40 minutu daude kotxez. Pocenbosen hasi ahalko zara ibilbide famatu hau egiten. Mila gomendio aurkitu ahalko dituzu ibilbide hau egiteko, baina Cares baino fama gutxiago duen bat ere badago. Poncebosetik hasten den Bulnes herrira heltzeko ibilbidea erraza da, ordu batean egin ahal dena.

Ibai batek zeharkatzen du Bulnes herriak. Andoni López Virués

Familia osoa egiteko ibilbide bat da, eta nahiz eta harrizko ibilbide irregularra izan, ezin da konparatu mendi bat igotzeko aktibitatearekin. Hori bai, bilatu oinetako egokiak, jantzi urtaroaren arabera, eta eraman ura; izan ere, Poceboseko aparkalekua alde batera uzten duzunetik, ez duzu egarria arintzeko baliabiderik aurkituko.

Bulneseko herrirako igoera mendi baten hegalak bezala deskriba daitekeen bide batetik egingo duzu. Bidea, mendiaren erorketaren ondoan egingo dugu, baina ez dago arazorik, lasai ibiltzeko leku nahikoa baitugu. Esan dugun bezala, bide osoa igotzen emango dugu, baina ez da igoera nabarmena; beraz, bidexketara ohituta ez dagoen pertsona batek ere goza dezake ibilbideaz.

Nola planifikatu irteera?

Ibilbidea eta bistak izugarriak dira. Txangoa egiteko modu egoki bat hurrengoa da: 9.00retan esnatu, Cangas de Onisetik 10.00etan abiatzea, eta 11.00ak aldera ibilbideari ekin. 12.30etan gutxi gorabehera Bulnes herrira iritsiko gara, eta aurkituko dugun paisaia zoragarria izango da: inguru naturala, edonolako kutsaduratik salbu dagoena.

Errekatxo batek zeharkatzen du herria eta bitan banatzen du, eta eraikuntza guztiak oso baxuak dira. Ibilbidea amaitutakoan, establezimendu gutxi batzuk aurkitu ahalko dituzu. Horien artean, deigarriena, ibaiaren alboan dagoena da: egurrezkoa etxetxo bat ematen du, terraza txiki batekin, eta bertan eseri eta ibaiaren fluxuak sortzen duen soinuaz eta herriaren altueragatik sortzen diren bistaz gozatu ahalko duzu.

Asturiasen eta sagardoaren artean apurtu ezinezko harreman bat dago, eta taberna honetan deigarriena edari hau hozteko modua da: ibaian bertan sartzen dituzte sagardo kutxak eta ibaiko harrietara lotzen dituzte. Bat eskatzen baduzu, zuzenean ibaitik atera eta mahaian zerbitzatzen dizute.

Eta Bulnes ez bada?

Beste hainbat plan egin ahal dituzu, baina ezagunagoak izango dira, eta iristeko modua ez da hain erraza izango. Covadongako lakuak oso famatuak dira, eta normala da, izugarrizko ingurune naturala baita. 

Hala ere, Bulnesera joateko baino prestatze-lan gehiago egin beharko duzu. Autoentzat sarbidea mugatuta dago, eta autobus bat hartubeharko duzu. Prezioa igotzeaz gain, ordutegiak, txandak eta ilarak kontuan hartu beharko dituzu.

Gulpiyuri hondartza ikusi beharreko beste leku bat da. Andoni López Virués

Herrian bertan

Bulnesera irteera egin badugu, konturatuko gara oinez ez ezik, funikularrean igo ahal garela. Berdina egin ahal dugu jaisteko. Hala ere, prezioak ez dira merkeak.

Presarik gabe planteatzen badugu irteera hau, arratsaldeko 17.00etan berriz Cangas de Onisen egon ahal gara, eta arratsalde osoa daukagu herriko hainbat leku bisitatzeko. 

Alde Zaharra polita da eta giro ederra aurkituko dugu arratsaldez zein gauez. Arratsaldez zonaldetik buelta bat emateko aprobetxatu ahal duzu. Terrazaz beteriko leku bat da eta gainera, hainbat dendatxo daude. Gehienek artisau-produktuak eskaintzen dituzte, eta merezi dute. Sagardoa, gazta, famatuak diren sobaos… Norbaiti opari bat eraman nahi badiogu, Alde Zaharrean aurkituko dugu.

Gaua iritsita, gomendagarria da zonaldeko jatetxeren batean afaltzea. Alde Zaharrean La Sinfonería taberna aurkituko duzu. Ez da oso handia, eta ez dago begi-bistan, baina aurkitzen baduzu, probatu eskaintzen duten cachopoa. Herrikoek esaten duten bezala, zonaldeko onena da.

Alde Zaharretik haratago, ere hainbat leku aurkituko dituzu: Casa Riera deituriko parkea, Santa Cruz eliza edota La Asunción eliza.

Bueltatzeko momentua

Igandearekin batera, etxera bueltatzeko momentua helduko da. Zalantzarik gabe, zure asteburua ahalik eta gehien luzatu nahiko duzu. Eguraldiak uzten badu, igandean plazan antolatzen den azokaz gozatu ahal izango duzu. 

Plan ezin hobea da zure asteburuko azken orduak luzatzeko, gazta mota ugari probatzeko eta gehien gustatu zaizuna zurekin eramateko (edo gehien gustatu zaizkizunak, seguru asko hainbat aurkituko dituzulako). Gainera, han, produktuak saltzen dituzten artisauek sagardo-botilak (2 eurotara) edo hestebeteak ere eskainiko dituzte.