Batzuek badiote arduragabea dela Espainian hauteskunde orokorrak aurrera daitezen eskatzen ibiltzea. Hain zuzen ere, deia eginez gero, litekeena da PP eta Vox alderdien artean gobernua osatzea, horrek dakarrena aintzat hartuta. Beste kontu bat da, deia atzeratuz gero, urte bat barru egin behar diren hauteskundeen emaitza ez ote den egun aurreikusten dena baino are okerragoa izango. Inguruabar horretan, agintaldia ahalik eta gehien agortzeko borondatea edukiz gero, ikusi beharko da inbestidura ahalbidetu zutenen artean aukerarik dagoen ibilbide-orririk adosteko, azken boladako estrategiarekin segitzerik ez dagoelako: ez dago aurrekonturik, Espainiako Kongresuan aurkezten diren proposamen ugarik ez dute aurrerabiderik, eta, gainera, ustelkeria-kasuak gero eta ugariagoak eta larriagoak dira. Azken horri doakionez, epaile, hedabide zein alderdi batzuen bultzada tartean dagoela azpimarratzea ez da aski, ustelkeria- kasuek erantzun irmoa, gardentasuna eta erantzukizunak zuritzea eskatzen dutelako.

Arduragabea da agonia luzatzea, alderdi batzuen interes partikularrak tarteko direla. Izan ere, batzuen aburuz, zenbat eta egoera zailagoa izan, zenbat eta herritarrak nazkatuago egon, emaitzak are hobeak izango lirateke, besteak beste, abstentzioa ugaritu daitekeelako eta, egoera horretan, haien boto-emaile fidelek pisu are handiagoa ematea ekar dezakeelako. Horixe da, nire ustez, EH Bilduren jarreraren atzealdean ere antzeman daitekeena, ez baitago, bestela, Madrilen erakusten duen otzantasuna ulertzerik! Eta honen atzealdean ez dago Espainiako gobernagarritasunaren kontua, hemen izango diren udal, foru eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan ahalik indartsuen azaltzea baizik. Horrexegatik, beren boto-emaileen artean kontraesanak areagotuko eta kontrakotasunak azalduko diren beldurrez, EH Bilduk izkina egiten dio kudeaketaren alorrean erabaki sendoak hartzeari. Irizpide nagusia agintaldia agortzea da, ezer egin gabe… baina agortzea, bai eta norabide horretan, bere barnean diren zenbait gertaera isilean igaroaraztea eta estaltzea ere.

Espainian ilunak dira nagusi. Ezkerreko alderdiak ez dira gauza izaten ari gizartean sorrarazi duten frustrazioaz jabetzeko, ematen ari diren irudi negargarriaz konturatzeko, ez eta egoerari buelta emateko ere, shock egoeran daude-eta. Etengabe, etor daitekeena erabili izan dute argudio nagusi gisa, inbestidurako alderdiak inbututik pasa daitezen behartzeko, baina hari hori oso mehea da eta, edozein mementotan, eten daiteke, etor daitekeenaren beldurra ezin bilaka daitekeelako jardun politikoaren ardatz nagusi. PPk ere lanak ditu, boterea albait lasterren eskuratu nahi du, buruzagiaren aitzindaritza kolokan egon daitekeelako, ustelkeria kasuek bere jarduna islatzen dutelako, ezin era nabariagoan, eta, irensten gero eta zailagoak izan daitezkeen baldintzak jartzeko moduan egon daitekeen eskuin muturreko alderdi xenofobo eta ustel baten markaketa ahuldu nahi duelako.