Barrenak astintzen zaizkit aniztasunari kolpeekin, mehatxuekin, bazterkeriarekin edota gutxiespen adierazpenekin erantzuten edo, batzuek uste dutenez, aurre egin nahi zaionean. Zer ikasi da sareen bidez, etxeko giroan edota lagunartean norbaitek uste izateko eskubidea duela emakume bat arbuiatzeko, kolpatzeko, beheratzeko edota bortxatzeko… Zer sentitzen dute sexu bereko bikotekideak ikusiz gero, iraintzeko modukoak direla edota jipoitzeko arrazoiak badaudela barruratuta dutenak? Gehienetan, taldean, multzoan elikatzen dira aurreiritziak, frustrazioak ostentzen eta krudelkeria partekatzen. Nago, halakoak ikusten ditugun bakoitzean ezin dugula beste aldera begiratu, gurekin zer ikusirik ez balu bezala. Inor ez da jaiotzen halako ezaugarriak barruratuta, denborak eta bizipenek ahalbidetzen dute halakoak egiten dituztenak gure artean izan daitezen.
Hainbatek, familiek belaunaldi berriak hezteko daukaten erantzukizuna arindu eta hezkuntza-sisteman jarriko dute arreta. Hezkuntzak asko egin dezake, bereziki, eskolak bitartekoak baditu eta, sasoi egokian, dagoen aniztasunari egokitasunez eta profesionaltasunez erantzuten badio, baina ez da ahalguztiduna. Belaunaldi berriek bestelako igurtziak baitituzte haien jokabideak zelanbait moldatzen dituztenak, gurasoen, nagusien, hedabideen zein eremu digitaletik eratorritakoak. Ahalegin erkidea behar da guztion aldetik gizatasuna ezerezean lagatzen dituzten jokabideei aurre egiteko… eta eredugarritasuna.
Gaur eguneko sestra politikoak denetik dauka, eredugarritasuna izan ezik. Esloganak eta titularrak dira bilatzen direnak; jada, ez dago adostasunak bilbatzeko gogorik eta dinamikarik. Eztabaida politikoa apur bat segitzea baino ez da behar alarma guztiak pizteko, hori da hori, berba arina, hurkoa beheratzen saiatzea, egiazkoak ez direnen bitartez desberdin pentsatzen dutenak abailtzen ahalegintzea eta abar, eta, gero, herritar geroz eta gehiagok politikari bizkarra erakusten diotela esango dugu, politikan sinesten ez dutenen pozerako, populismoaren lurra umotuz.
Uste dut lehentasunez heldu beharko geniokeela gaiari, balioetan hezteak daukan garrantziari, hain zuzen… Horrek, besteak beste, gizataldeen izaera komunitarioan aurrera egitea dakarrelako, oihanaren legeari, indartsuenaren arragoari aurre egiteko sendabelarrik indartsuena delako. Izan ere, elkarren arrimuan, babesean eta errespetuan heztea eta haztea da kontua, kosta ahala kosta zaindu behar dena.