Beruna kendu
Enegarren zalaparta piztu da Espainian, Europako zuzentaraua Espainiako araubidera ekarri eta espetxealdiko urteak murrizteko xedez, lege-erreforma dela eta. Halakoetan, komeni da gogora ekartzea zuzentarauak xedatzen duela pertsona batek delitu beragatik hainbat estatutan ezarritako zigorrak ezin direla metatu. Halaxe suertatu da Espainian, sasoia zenean, PP alderdiak gobernatzen zuela, araubidean eginiko aldaketaren ondorioz. Gauzak horrela, hainbatetan gertatu da preso batek estatu batean ezarritako espetxe-zigorra betetzean eta Espainiara bueltan bidaltzean, berriz epaitu dutela. Horren ondorioz, dena delako preso horrek, auzi beragatik, birritan bete behar izan du espetxe-zigorra, batean betetakoa bestean kontuan hartu behar bada ere, Europan indarrean dagoen araubideari jarraituz.
Urteak dira Europan jokabide horren legezkotasuna auzitan egon dena. Horiek horrela, halako gehiegikeriak bideratzeko, hainbat ekimen bideratu dira eta estatuko ia alderdi guztiak azaldu dira Europako erakundeetan halakoen kontra. Azpimarratzekoa da, EAJ alderdia izan dela auzi horri lotutako gaia onbideratzen gogotik saiatu dena, hala Espainian nola Europan. Gainera, esan beharra dago gaiak ez diela talde terroristako kideei bakar-bakarrik eragiten, espetxe-zigorra ezarrita duten guztiei baizik; beraz, Espainiako Kongresuan bideratzen ari dena ez da ezer berezia, Europako araubidea Espainiako legeriara ekartzea delako, beste hainbat gairekin gertatzen den antzera. Delitu berari buruz ari gara eta, hortaz, horrek ez du eragozten estatu bakoitzean delitu desberdinengatik ezarritako espetxealdia bete behar izatea, ez eta delituak zigorrik gabe uztea ere.
Nekeza da pentsatzea gertatzen ari dena proposamena ez irakurtzeagatik jazotzen ari dela, eta esango nuke itxurak egin nahi direla, biktimak erabili nahi direla eta gaia Gobernuari eraso egiteko erabiltzen ari dela. Mundu guztiak badaki kontuak ez daukala irtenbiderik eta ez dagoela beste irtenbiderik Europako araubidea Espainiakoan txertatzea baino.
Biktimen erreparoak ulertzen ditut, bai eta eragin diezaiekeen mina ere, areago biktimak nolanahi erabiltzen direla ikusten dudanean. Espetxe-zigorra pairatu duten gehienek eta haien ahaide politikoek eginiko ibilbideari, ez eta eragindako sufrimenduari buruz egiazko autokritikarik azaltzeko kapaz ez izateak ere ez du laguntzen. Urrats horrek zinez lagunduko bailiguke konfiantzazko giroa sortzen, zauriak sendatzen, bai eta bizikidetza demokratikorako oinarriak iltzatzen ere. Nago desira horrek ibilbide laburra daukala, hau da, gauzak gaizki egin direla eta oinarrizko printzipio moral eta etikoak hautsi direla barruratzen da ala ez! Akaso, tamalez, zeregin hori ere belaunaldi berrien bizkar laga beharko dugu, zama hori ez badagokie ere. Dena dela, bizi osorako espetxe-zigorrean sinesten ez badugu, barruratu behar dugu krimenik ankerrenen erantzuleek atzera edo aurrera kartzeletatik atera beharko direla, horrek eragin ditzakeen deserosotasun eta min guztiak gorabehera.
