Azken urte hauetan bizitzen ari garen errealitateak erakutsi digu gaur egun ditugun arazo nagusiak sakonak eta globalak direla. Errealitate honen aurrean datuetan oinarritutako hausnarketa objektiboa zabaltzen saiatu naiz beti. Zuhurtziaz, gardentasunez eta apaltasun osoz. Hori da gizarteari zor dioguna. Aldiz, globalizazioarekin batera populismoaren eta demagogiaren hedapena ere ezagutzen ari gara, baita gure herrian ere.
Arazoak ez ditut inoiz ukatu, baina pertzepzio interesatuetan oinarritutako errealitatea zabaltzen dutenen jarrera indar osoz salatzen dut. Populismoen estrategia ezaguna da mundu osoan. Gizartearen parte batek entzun nahi duena adierazten dute bozgorailu bat jartzen zaien bakoitzean.
Gurean honakoa diote: zerbitzu publikoak gainbeheran daudela, sektore publikoan lan baldintzak okerrera doazela, administrazioak mugarik gabeko diru-zaku bat duela edo zerbitzu publikoen pribatizazioak etengabekoak direla, besteak beste. Populismoek ez dute inolako datu objektiborik eskaintzen, ez dute inolako iturririk aipatzen.
Jarrera eta joera arduragabe hau arriskutsua da oso. Gure ongizatea kolokan jarri dezake. Ez genuke jendea interes propioak defendatzeko erabili behar. Ez da zilegizkoa jendea engainatzea.
Alde batetik, erakundeek ez dugu mugarik gabeko baliabiderik. Bestetik, Administrazio guztiak, hasi udalerri txikienetik Eusko Jaurlaritza arte, herritar guztien aurrezkiak modurik eraginkorrenean kudeatzen saiatzen gara. Hala da, Euskadin eredu bat dugu, eta bere argi-ilun guztiekin, eredu horrek bere eraginkortasuna erakutsi du. Bereziki, momentu zailenetan.
Oinarrizko printzipio batzuk nahitaez bete behar ditugu: ezin dira zerbitzu guztiak publiko egin, hori jasanezina izango litzateke gure ekonomiarako. Ezin da dena administrazio publikoaren esku utzi. Hori bideraezina da. Erraza da esatea, “zerbitzu hau publiko bihurtu behar da. Pertsona hauek guztiak funtzionario publiko egin behar dira”. Erraza da hori esatea, baina ezinezkoa egitea. Galdera da: nola jasango du gure ekonomiak hori guztia urte gutxiren buruan?
Populismoei ondorio horiek guztiak berdin zaizkie. Populismoek epe laburrera bakarrik begiratzen diote. Beraien interes propioa defendatzen dute eta interes orokorra bailitzan mozorrotzen dute.
Jardun publikoan ardura dugunok oreka mantendu behar dugu. Epe laburrera eta etorkizunera begiratu behar dugu, gastuak eta diru sarrerak orekatu behar ditugu. Ezin da diru publiko guztia –herritarron aurrezkiak– funtzionarioen nominak ordaintzeko bakarrik erabili. Ez da hori, behintzat, gure eredua. Gure baliabideak mugatuak direla onartzen dugu eta, hori kontuan hartuta, gure zerbitzu publikoak eta langile publikoen lan baldintzak egunero hobetzen saiatzen gara. Hori bai, gizarte bezala aurrera egiteko aurreztea, inbertsioak egitea eta enpresa mundua babestea ezinbestekoa dela argi utziz. Horretan sinisten dugu.
Herritar guztion aurrezkia den altxor publikoa handitzen jarraitzeko enpresak, kooperatibak edo langile autonomoak behar beharrezkoak ditugu. Aberastasuna eta enplegua sortzen duten enpresak behar-beharrezkoak ditugu. Guk eredu hau defendatzen dugu eta hori egiten jarraituko dugu. Izan ere, lankidetza publiko-pribatuak gure ongizatea ekarri digu. Egun duguna sortzen lagundu digu.
Arazoak eta zailtasunak ditugula begi bistan dago. Baina horrekin batera, Euskadi azken hamar urte hauetan asko hazi dela ere egia da. Testuinguru oso zail batean lortu dugu. Krisien zurrunbilo amaigabe honetan aurrera egin dugu. Guztion artean, auzolanean. Datu objektiboek erakusten dute hori, ez pertzepzio interesatuek. Aztertu ditzagun datuak banan-banan.
Euskadiko Barne Produktu Gordina 64.900 milioi eurokoa zen duela hamar urte eta gaur egun 86.200 milioikoa da. Horrek esan nahi du hamar urtean % 30eko igoera izan duela. Duela hamar urte, langabezia-tasa % 16,6koa zen, eta gaur egun % 7,4koa da. Milioi bat pertsona inguru ari dira lanean eta kotizatzen; hau da, duela hamar urte baino 125.000 pertsona gehiago.
Duela hamar urte, pertsona bakoitzeko osasungintzako gastua 2.700 eurokoa zen eta gaur, 3.500 eurokoa da. Duela hamar urte, gizarte-babesean pertsona bakoitzeko egindako gastua 7.900 eurokoa zen, eta gaur egun 9.900 eurokoa da. Europako batezbestekoaren gainetik gaude bi arlo hauetan.
Hezkuntzaren eremuan, gehien inbertitzen duen erkidegoa gara, 1.426 euro ikasleko, Estatuko batezbestekoaren gainetik. Han 1.029 euro dira. Euskadin, hirugarren mailako ikasketak dituzten pertsonak % 61etik % 65era igo dira hamar urtean, Europako batezbestekoaren gainetik.
Berrikuntzan egindako inbertsioak etengabe egin du gora gure herrian, eta Barne Produktu Gordinaren % 2,11ra iritsi da. Horrek Europarekiko konbergentziara hurbiltzen gaitu. Industria eta zerbitzu aurreratuak Barne Produktu Gordinaren % 40,8 izatera iritsi dira eta esportazioak %57 hazi dira azken hamar urte hauetan.
Hau da gure herriaren ereduaren emaitza, ez erakunde batena edo besteena. Hau da zailtasunen aurrean eskaini dugun erantzuna. Dena den, hainbestetan esan duguna errepikatuz: “ez gaude konforme”. Hobetu beharra dugu. Hobetzen jarraitu behar dugu. Hori ere bada gure ereduaren ezaugarri bat.
Populismoek ez dituzte datuak erabiltzen, ez dute etengabeko hobekuntza defendatzen. Beraiek erantzun azkarrak eta errazak eskaintzen dituzte eta, horretarako, irudi katastrofista bat zabaldu behar dute. Errealitatearen indarra erabili behar dugu populismoari aurre egiteko. Zailtasunak onartu, bai, baina behar beharrezkoa dugu gizarteari egia esatea zilegitasuna ez galtzeko. Hori da populismoari eta demagogiari aurre egiteko biderik eraginkorrena.