¡52 igande dauzka urte batek, baina bada igande guztien artean igandeena. Gure eguna, jeltzaleok inoiz ahazten ez dugun igandea: Alderdi Eguna. Hori, irailaren azkena da, gaur. Gogoan dut oraindik, umetan, autoan Salburuarako bidean, landan zabaltzen zen patata tortillaren usaina eta aititeren zirrara, berriz ere, zelai haiek zapaltzean. Lehen txakolina (Ortuellako txosnan, ahal zela), malkoei ezin eutsi Euzko Abendaren ereserkia milaka eta milaka euskal alderdikide eta alderdizaleren ahotan entzutean... Gure jendea, gure etxea, gure Aberria eta gure alderdia.

Lerro hauetan EGI mentatzea derrigorrezko egiten zait. Nola ahaztu nire lehen kanpaldia? 16 urte nituela lehen aldiz Forondara lo egitera joan nintzen. Benetan berezia da lehenengo kanpaldia! Etxean zauden sentsazioari eusten diozu, ehunka EGIkiderekin partekatzen duzun sentimendua delako. Aurten, askok, lehen aldiz biziko dute esperientzia hau, baina inork ez ditu ahaztuko bere EGIkide garaiko egonaldiak, algarak, besarkadak, egunak… eta gauak.

Oker dago Alderdi Eguna Europako ekitaldi politiko jendetsuenetako bat besterik ez dela uste duena; hori baino askoz gehiago da. Alderdi Eguna bizipenak, oroitzapenak eta emozioak dira. Sentsazio horiek ez zaituzte inoiz abandonatzen eta familia handi baten parte zarela gogorarazten dizute. Izan ere, Alderdi Eguna familia da.

Horregatik da hain berezia aurtengo leloa: ‘Batzen gaituen eguna’. Hori da Alderdi Eguna! Batera egotea beharrezko dugulako; batera, indartsuagoak garelako; batera, herri eta gizarte honen etorkizunari aurre egiteko prest egongo garelako. Eta lelo honek burura ekartzen dit EAJren historian iparrorratz izan dugun beste bat: ‘Batasuna eta Indarra’. 1977an EAJ-PNVk Iruñean ospatu zuen bere lehenengo Batzar Nagusiaren leloa. Batzar nagusi hartatik 20 urte igaro ziren ni jaio arte baina esaldi horrekin hazi eta hezi naiz; esaldi horrek ez du bere indarra galtzen. EAJ-PNVk bere lehen taupadak eman zituenetik, erbestean edo legez kanpo egonda ere, Alderdia Herri honen eraikuntzaren bidetik ibili da, egunero lanean etorkizunari besoak irekita, baina iragana eta gure aurrekoak ahaztu barik. Horien guztien lanari esker, askatasun osoz egon gaitezke gaur hemen, Forondako zelaietan. Katea eten ez dela esaten dugunean, horretaz ari gara.

Josune Ariztondo eta Bea Berlanga EAJ-PNV

Batera eta indarrez, orain arte egin dugun bezala; momentu onetan eta momentu txarretan, familiek egiten duten bezala, aurrera eginez, eskutik elkar harturik. Eta, goiburu horren esanahia ondoen non erakusten den? Alderdi Egunean, jakina! Urte hauetan guztietan Aralar, Aixerrota, Itziar, Salburua edo Foronda, besteak beste, alderdikidez eta alderdizalez bete dira gure batasuna eta indarra munduari zabaltzeko; batasuna, berez, indarra delako. Nola izango ginateke indartsu batasunik gabe?

Aurten ere, batzen gaituen egunean, zelaira itzuliko gara. Elkarrekin egongo gara Forondan, gaudenok, jakina; baina baita joan zirenak ere, Alderdi Egunean inoiz baino biziago gogoratzen ditugulako (musu bana zerura, aitite eta amamarentzat). Lehenengo aldiz landak zapalduko dituzten guztiei, Alderdiaren izenean, ongi etorririk beroena. Egia da aldarrikapen eguna badela, baina festarako eta algararako eguna ere bai. Horretan datza gure Alderdi Eguna. Horregatik elkartzen gara bertan Euskadiko (zein beste herrialdeetatik) bazter guztietatik gatozen ehunka jeltzale, abertzale eta alderdizale, pozarren eta ilusio handiz zer garen eta nor garen ospatzeko.

Gaur guztiok gara protagonista, zeudenak, gaudenak eta datozenak, baina barneko eta erakundeetako ordezkariez gain, aipamen berezia merezi dute Antolakuntza taldean dauden boluntario guztiak, Uri Buru Batzarretako alderdikideak eta txosnetan buru belarri lanean dabiltzan pertsonak; horiek gabe Alderdi Eguna ezinezkoa izango litzateke. Mila esker, bihotzez.

Iraileko azken igandeak pilak kargatzeko balio digu. Gaurko egunak Alderdiari eta alderdikide guztioi balio digu indarberritzeko eta gure lanean tinko jarraitzeko. Tamalez, aurtengoa ere bukatuko da eta bihar, astelehena, gure eginkizunetara bueltatuko gara; bakoitza berera. Baina Alderdi Egunean bizi izandakoak, irribarrea eta poztasuna sortaraziko digu. Lagunak, dantza, aldarrikapena, familia, festa… eta beste hamaika mila sentimendu dira Alderdi Eguna, baina honek utzi dituen oroitzapenak gure artxibo pertsonalean gordeko ditugu, urtero bezala. Hurrengo urtera arte itxaron beharko dugu Forondan berriro elkartzeko, baina elkar ikusteko eta besarkatzeko aukera gehiago izango ditugu urtean zehar. Beraz, adiorik ez, agian gero arte bat, batzen gaituena askoz gehiago delako, indartsuago egiten gaituena askoz gehiago delako. Ongi etorriak izan zaiteztela denok.