Bastidan ligaxkako azken jardunaldia jokatuta, Udako Laboral Kutxa Udako Torneoa bere azken txanpan sartu da eta Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan 19.30 ordutan erabakiko da zein bi bikotek jokatuko duten, abuztuaren 27an Zumaian, lehen edizio bikain honen finala. Orain arte ikusitakoaren arabera, kirol aldetik lehen mailako jaialdi bat espero da eta poztekoa da, era berean, Hondarribia bezalako herri bat ere emakumeen esku pilotaren zirkuitu honetara batu izana, biharkoa izango da gainera Jostaldi bezalako pilotaleku garrantzitsu batean jokatuko den emakumezkoen eskuzko lehen jaialdia.

Bastidan azken orduan sailkapenean izandako aldaketen ondorioz, lehen finalerdia Leire Garai-Itxaso Erasunek eta Maddalen Etxegarai-Enara Gamindek jokatuko dute, hau da, lehen fasea bigarren eta hirugarren postuan amaitu zuten bikoteek. Batzuek zein besteek behetik gora egin dute torneo honetan eta Enara Gamindek zeresan handia izango du partidaren nondik norakoan. Laukizkoa atzean erraz nagusitu eta zuloak irekitzeko gai bada, asko izango dute irabazia.

Eta zer esan bigarren finalerdiaz. Amaia Aldai- Andrea Capellan eta Olatz Arrizabalaga-Uxue Oses partida lasai asko izan zitekeen finaleko partida, baina Gernikakoa eta oñatiarra ligaxkako azken partidan sailkapeneko azken postura erori ziren Arabar Errioxan eta goi mailako bikote bati egin beharko diote aurre finalean egon nahi badute. Bi aurrelari bizkaitarren arteko demak beti dira bereziak, azkenaldian Amaia Aldai ari da nagusitzen, baina Arrizabalaga lehiakorra da oso eta ziur ikuskizunak mereziko duela.