BILBO - Euskal Herritik edozenbat borrokalari joango dira ekainean Espainiko txapelketa jokatzera, baina Aratz Garmendia eta Laura Gilen kasua berezia da, kirol esparrutik haratago baitoa beraien arteko harremana. Aratz eta Laura borrokalariak dira eta, horrezaz gain, bikote.

Aratzek 32 urte ditu eta birritan izan da Euskal Herriko txapeldun K-1 diziplinan, eta gaur egun denetarik egiten du, dela muay thai, dela full contact, MMA edo kick boxing. Judo irakaslea ere bada, eta, zelan ez, Lauraren entrenatzailea. "Oso ondo konpontzen gara, nik beti animatu izan dut borrokatzera, berezko izugarria duelako, eta egin dituen kirol guztietan neska abila eta gogorra dela erakutsi du", dio Gilen mutil-lagunak. Gainera, Euskadiko txapeldun berria da Laura Gil, izan zuen borroka bakarra erraz irabazi baitzuen. "Bai, garbi, arin eta ondo irabazi zuen, eta nik uste Estatuko txapeldun izateko aukera asko dituela. Nik baino gehiago bai, behintzat", dio erdi serio erdi txantxetan Garmendiak.

Laurak 31 urte ditu eta egunero entrenatzen du, 20 urtekoaren ilusio eta grinarekin. Horrela azaltzen du bere entrenatzaileak ere: "Ez du nagirik izaten, fina da horretan".

Ekainaren 6, 7 eta 8an jokatuko da Estatu mailako txapelketa, eta EuskoBox taldearen izenean aurkeztuko da Bizkaiko bikotea (beraiekin batera, talde bereko Haritz de la Calle ere arituko da, baina beste kategoria batean). "Aurtengo Espainiako txapelketa garrantzitsua da guretzat, urrian Bilbon jokatuko baita Europako txapelketa. Hor egotea itzela litzateke, eta horretarako prestatzen ari gara, buru-belarri", agertzen du Garmendiak, aspaldian MMAn zaildutako mutila gihartsuak. "Maiatzaren 24an daukat borroka, Lasesarren, borroka gogorra, ona, Jesus Fuentesen aurka, eta gero Estatuko lehia. Motibatuta nago eta lagun ona daukat alboan, anima-tzeko: nire neska!", azpimarratzen du barreari eutsi ezinda bizkaitar borrokalariak. - I. M. E.