Síguenos en redes sociales:

Telesaila

Porrot egindako belaunaldiari barrez

Prekaritateak bultzatuta oraindik ere gurasoekin bizi eta beren kabuz ibiltzeko gai ez diren helduengan du fokua jarrita udazkenean kaleratuko den ‘Amarekin goxo-goxo’ telesailak, baina baita horien gurasoengan ere, bizitza osoa guraso izatera kondenatuak. Leire Albinarratek sortu eta idatzi du istorioa eta Ane Nafarratek eta Lander Otaolak zuzendu

Porrot egindako belaunaldiari barrezTXEMARI ORTIZ DE LUNA

Umoretik helduko dio Amarekin goxo-goxo telesailak bi belaunaldiren porrotari eta haren ondorioei. Batetik, helduaroan bete-betean egonagatik gurasoekin bizi-tzen jarraitzen duten gazte eta ez hain gazteak daude, beren kabuz apenas ezer egiteko gai ez direnak. Bestetik, horien gurasoak ditugu, bizitza osoa guraso izatera kondenatuak, beren autonomia eta independentzia ezin berreskuraturik.

Egoera horren ondorioetan jarri nahi izan du fokua Leire Albinarrate Fernández (Gasteiz, 1989) ekoizle eta gidoilariak, eta horregatik ida-tzi du gertuko esperientzia pertsonaletik asko duen istorioa: “Jendarte guztia kontziente da gure belaunaldiak izan dituen bizitzeko arazoez, dela laneko prekaritatea, direla etxebizitza eskuratzeko zailtasunak... Nik ere oso ondo ezagutzen dut hori guztia, nik neuk bizi izan dudalako eta lagunek bizi izan dutelako. Egoera horren ondorioen inguruan hitz egin nahi nuen: ezin izan gara etxetik joan 35 urte izan arte, horrek zer eragin du gure pertsonalitatean eta gure gurasoengan?”.

Eta hala, galdera horri tiraka, 35 urte betetzear eta oraindik ere etxean sartuta duen alabaz nazkatu eta alde egiten duen amaren istorioa kontatzen du Amarekin goxo-goxo-k. Haizearen amak abandonatu egingo du eta bere kasa bizitzen ikasi beharko du. Ama nonahi ikusten duen bitartean, Haizeak gazte gehienen galdera berari egin behar dio aurre... emantzipatzeko gai izango al da?.

Proiektua Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak bultzatutako 2deo SERIEAK programari esker garatu dute, telesailen sortzaileen lanak tutoretzan hartzeko ekimena. Urtero idazketa prozesuan dauden hiru proiektu hautatu eta gidoilari zein ekoizleei aholkularitza indibiduala eskain-tzen diete. 2025ean, Leire Albinarrateren lanarekin batera, Nitya Lopezen Sukar eta Iñigo Alkortaren Larrua idazteko akonpainamendua eskaini zuen Tabakalerak.

Gainera, Amarekin goxo-goxo piezak EiTBren partaidetza ere izan du ekoizpenean, euskarazko fikziozko serieak bultzatzeko martxan jarritako Formatu Txikiak, Talentu Berriak ekimenaren laguntza ere jaso du. Albinarratek idatzitako serieaz aparte, Aloka(h)iru, Izaki pixka bat gardenak eta Estu lanak bultzatu dituzte, eta denak dira udazkenean Primeran plataforman aurkeztekoak.

Primeran plataforman udazkenean egongo da ikusgai, baina oraindik data zehatzik ez dago estreinaldirako.

GAURKOTASUNEZ GAINEZKA

Albinarrateren ustetan, proiektua EiTBk garatzeko hautatua izateko arrazoietako bat gaurkotasunarekin duen lotura estua da. Egungo egoerari erabat itsatsitako gaia dela deritzo, eta millennial belaunaldia bete-betean jotzeaz gain, horien gurasoak eta, oro har, publiko zabala interpelatzen duela: “Jende gazteari horrelako umore pixka bat beltza interesatuko zaio, baina baita beste belaunaldietako gurasoei ere, komedia gustuko baldin badute. Ikusiko dute eta barre egin esanez, egia da, munstroak hazi ditugu”.

Gaur egun maila oso altuko ikus-entzunezko ekoizpen andana dagoela jakitun da, baina proiektuaren bultzatzailea sinetsita dago serieak txikia izanagatik baduela pertsonalitatea: “Momentu ona da telesaila egiteko, egitekotan orain izan behar da”.

Oro har, euskal komedia gero eta osasuntsuago dagoela uste du Albinarratek eta pozgarritzat jotzen du EiTBk komediak bultzatzea. “Horrelako telesailak bultzatu behar dira eta garrantzitsua da gazteei aukerak ematea, bestela gidoilarientzat ez dago hainbesteko aukerarik, eta horrelako programak aprobetxatu behar dira, oso garrantzitsua delako euskarazko komedia existitzea”.

Primeran plataformak eskaintzen dituen aukerak ere goraipatu ditu, norberari une bakoitzean ikusi nahi duena ikusteko aukera ematen diolako. Horregatik uste du “oso momentu egokia” dela mota ezberdinetako proiektuak bultzatzeko: “Nik uste gero eta ahots berri gehiagori komedia egiteko aukera ematen badiegu, komedia mota desberdin gehiago ikusi ahalko ditugula eta hori publikoarentzat ere ona da, aukera gehiago izango dituztelako”.

JULENE ARANBURU MENTORE

Esan bezala, 2deo SERIEAK programa gidoiaren fasean dauden telesailak bultzatzeko ekimena da. Aurten hautatutako proiektuek Julene Aranburu gidoilariaren mentoretza jasotzeko aukera izan dute. Gidoilari gisa ibilbide luzea du Aranbaruk, eta EiTBko hainbat saio mitikotan aritu da, hala nola Vaya Semanita, Euskolegas, Goazen! eta Irabazi arte!.

Leire Albinarratek azpimarratu du tutoretza saioek ekarpen handia egin ziotela gidoia idazteko orduan. Izan ere, proiektua Tabakaleran aurkeztu zuenean trama ugaridun istorio bat zuen buruan, pertsonaia eta azpitrama gehiegirekin. Aranbururekin partekatutako saioek narrazioa lurreratzen lagundu zioten, pertsonaia nagusi bat aukeratu eta lanketa narratibo guztia haren inguruan egiteko. “Bakarrik zaudenean munduak garatzen hasten zara eta hori ez da beti onena, komenigarriena pertsonaiekin hastea da”, azaldu du.

Gainera, Amarekin goxo-goxo komediazko istorioa denez, eta Aranburu genero horretan espezializatutako gidoilaria denez, umorezko txantxak eta keinuak kontrastatzeko ere baliagarri izan zitzaion: “Komedia idaztean oso ondo dago ideiak partekatu ahal izatea, guztiok ez dugulako uste gauza bera barregarria denik”.

Aitziber Garmendiak haragiztatuko du Haizea protagonistaren papera, eta Iñake Irastorzak haren amarena.

LANTALDE ZABAL ETA ANITZA

Proiektuaren ekoizle eragileen artean, Albinarratez gain, Roberto San Sebastián, David Pérez Sañudo eta Beatriz López-Nogales ere badaude. Monndo, Sequenza eta Bale Beltzak ekoiztetxeek ekoiztu dute EITBren partaidetzarekin, eta Lander Otaola eta Ane Nafarrate aritu dira zuzendari lanetan. Biak komedia zaleak eta genero horretan esperientziadunak dira, eta proiektuari ideia berriak emango zizkiotelakoan osatu zuen taldea Albinarratek. Otaolak, batetik, komedia lan ugari egin ditu aktore gisa, eta Nafarrate zuzendari gaztea da, “ideia fresko eta berriekin”. “Iruditu zitzaidan bien artean oso ondo zuzenduko zutela telesaila eta horrela izan da, oso pozik nago”, gaineratu du.

Teknikari-taldea ere gaztea da: Soledad Santelices izan da produkzio-zuzendari, Kenneth Oribe argazki-zuzendari, Karla Biondoni jantzien zuzendari, Naiara Garay arte-zuzendari, Fernando Martín soinu-buru, Bianka Szamosi makillajearen eta ile-apainketaren buru, eta Soinu-banda Beatriz López-Nogalesek sortu du.

Albinarraterentzat lehen aldia izan da horren talde zabalarekin lanean, eta ezin gusturago aritu da: “Oso pozik gelditu naiz, mota desberdinetako jendea batu dugu eta horrek seriea nahiko berezi egiten du. Telesail bezala badu pertsonalitatea, ez da beste produktu bat soilik, atentzio handia jarri dugu zerbait berezia sortzen saiatzen”.

Halaber, aktore taldea ere, zabala bezain anitza da. Aitziber Garmendiak haragiztatuko du Haizea protagonistaren papera, eta Iñake Irastorzak haren amarena. Horiez gain, Jon Plazaola, Sambou Diaby, Itziar Lazkano, Koldo Olabarri, Urko Olazabal, Lander Otaola, Asier Hormaza, Aitor Borobia eta Goize Blanco, izango dira Haizearen lagun eta senideen paperak beteko dituztenak, besteak beste.

Grabaketa fasea bukatuta, muntaketan murgilduta dabil orain lantaldea.

HASI ETA BUKA PROIEKTUA JARRAITZEKO AUKERA

Gidoilari gisa ibilbide luze eta arrakastatsua du Leire Albinarratek, bai serieetan (Perverso eta Ángela), bai film luzeetan (El molino) eta baita ez-fikziozko proiektuetan ere (La Mala Vida en Madrid). Telebistarako hainbat thriller idatzi ditu, hori baita, bere hitzetan, “merkatuak gehien eskatzen duena”. Nolanahi ere, bere “pasioa” beti izan da komedia, nahiz eta egun komediazko proiektuak saltzea “oso zaila” dela uste duen.

Hori dela eta, bereziki eskertuta dago Amarekin goxo-goxo-k jaso duen bultzadagatik, ikusgarritasuna eman diotelako berarentzat hain pertsonala den proiektuari. Gainera, sorkuntza prozesua hasieratik bukaeraraino jarraitu ahal izan du, gidoilaria izateaz gain ekoizlea ere izan delako. Horrek aukera eman dio une oro proiektuaren ondoan egon eta erabakiak hartzeko, eta oso eskertuta dago horregatik. 

Film luze edo labur baten gidoiarekin alderatuta, serie batenak badu berezitasun eta zailtasun nagusi bat, hots, kapitulu bakoi-tzean pelikula txiki bat kontatzeko beharra. Amarekin goxo-goxo telesailak 20 minutu inguruko lau atal dituenez, denak jarraian ikusteko aproposa izan daiteke, eta horrela pelikula baten egitura ere har lezake.

Orain muntaketarekin amaitzen ari dira eta udarako musika eta soinu muntaketa amaituko dutela uste du Albinarratek. Primeran plataforman udazkenean egongo da ikusgai, baina oraindik data zehatzik ez dago estreinaldirako. Bitartean, martxoan kaleratu berri duten Argi Gorriak thriller kutsuko telesail komikoaz gozatzeko aukera dute generoaren zaleek.