Síguenos en redes sociales:

Arkitektura

Txartel gorria

Kolorea indarra hartzen dabil arkitektura garaikidean. Zer helburu du? Joera berria ote da?

Txartel gorriaAnderea

Elkarrizketa batean normalean titularrek zeresana izaten dute eta gai ezberdinen inguruan hitz egiteko aitzakia bilakatzen dira. Azken asteetako elkarrizketa bik ere horretara naramate. Alde batetik, Kepa Matxainen Argia aldizkarikoa eta bestetik, Ibil Bedik Linbo programan emandakoa. Bietan kolore bizi-biziko galtzerdiak. Denbora bat da koloretako galtzerdiak gurean daudela. Modan daude. Zer helbururekin erabiltzen dira? Zer adierazi nahi da kolore bizi horiekin?

Arkitekturak betidanik izan du lotura estua materialekin, formarekin eta espazioaren antolaketarekin. Hala ere, azken hamarkadetan gero eta nabarmenagoa da beste elementu baten presentzia: kolorea. Zehazkiago, kolore bizi eta ausarten erabilera. Askotan modu estrategikoan txertatua, bestetan zentzu handirik gabe. Testuinguru horretan kokatzen da Bolik bidalitako The Unexpected Red Theory artikulua, arkitektura eta diseinu garaikidean gero eta oihartzun handiagoa duen ideia. Ez da teoria akademiko bat, baizik eta praktikan sortutako intuizio bat: espazio batean, aurreikusita ez dagoen gorri ukitu batek konposizio osoa indartu dezake. Ideia sinplea dirudi, baina bere atzean dagoen logika interesgarria da, harmonia klasikoaren aurkakoa delako.

Gurean ere badago joera hau: Bear arkitektoen Mallabiko espazio urbanoa, Eitzen arkitekturaren Hiribarren ostatuaren eraberritzea edota ELE arkitekturaren San Antonio ikastetxeko patioa. Euskal Herriko adibideek argi erakusten dute unibertsala izan daitekeela joera hau; hala ere, Luis Peña Gantxegik ere erabili izan zuen teknika hau.

Teoria horren arabera, espazio batean gorriaren presentzia txiki baina intentzional batek eragin bisual eta emozional handia sor dezake. Ez da beharrezkoa horma guztiak margotzea edo fatxada oso bat kolore horretara eramatea; kontrakoa baizik. Gakoa da gorriaren agerpena ustekabea izatea, espazio neutro edo monotono batean agertzen den puntu bizia balitz bezala. Horrela, begirada erakartzen du, erritmo bisuala sor-tzen du eta erabiltzailearen esperientzia aberasten du.

Izan ere, diseinuaren tradizioan oreka eta koherentzia bilatu izan dira: kolore-paleta bateratua, materialen arteko jarraitasuna eta elementuen arteko harmonia. Ustekabeko gorriak, ordea, beste norabide batean jartzen du fokua. Ez du esaten dena apurtu behar denik, baizik eta eten txiki bat sartzea nahikoa dela espazio osoa aktiba-tzeko. Eta eten hori gorriaren bidez gauzatzen da maiz.

Esan daiteke gakoa ez dela kolorea bera, baizik eta bere kokapena. Gorria ez da espazioarekin bat datorren elementu bat izan behar; alderantziz, pixka bat lekuz kanpo egon behar du. Pixka bat protagonista. Horrela, begirada berehala erakartzen du eta arreta-puntu bihurtzen da. Kolore gutxik dute gorriak bezalako pisu bisuala, txikia izan arren, espazio osoaren pertzepzioa baldintzatzeko gai da.

Horregatik, teoriaren funtzionamendua neurrian oinarritzen da. Gorria gehiegi erabiltzen denean, efektua desagertu egiten da, eta kolorea arrunta bihurtzen da. Aldiz, agerpen puntual eta inten-tzional batean, tentsioa sortzen du: espazioa ez da laua geratzen, baizik eta dinamikoa. Diseinua ez da soilik ikusten, baizik eta nabaritu egiten da.

Bestalde, teoriak nahitasunaren garrantzia azpimarratzen du. Ez da ausazko keinu bat; ez da “ondo geratzen delako” jartzen den kolorea. Aitzitik, nahita sortutako desoreka da, diseinuaren barruan erabaki kontziente gisa ulertzen dena. Horregatik, emaitza ez da dekoratiboa soilik, baizik eta konposiziozkoa: espazioaren egitura bera baldintzatzen du.

Laburbilduz, “ustekabeko gorriaren teoriak” planteatzen duen ideia nagusia ez da kolore bati buruzkoa, baizik eta jarrera bati buruzkoa. Diseinuan ez da beti harmonia bilatu behar; batzuetan, desorekak sor-tzen du interesik handiena. Eta horretan datza bere indarra: elementu txiki batek, leku egoki batean —edo agian desegokian— kokatuta, espazio oso baten irakurketa aldatzeko gaitasuna duelako. Hala ere, arkitektura garaikidearen erronka nagusietako bat ez da espazio ikusgarriak sortzea, baizik eta xehetasun txikien bidez pertsonen beharrei erantzutea.  

Ez dut uste soluzio unibertsal bat denik, ezta gaur egungo moda bat ere. Ez dut uste galdera denik ea kolore gorria erabili behar den, baizik eta koloreak nola eta zer helbururekin erabili behar diren. Uste dut edonola edo modagatik erabiltzen hasiak garela koloreak. Beraz, proiektu horiei txartel gorria.