Síguenos en redes sociales:

Musika

Gau girorako doinuak entzuten

DJ Guate-k hirukote gaztea osatzen dute Irene Espinosak, Amaiur Sillerok eta June Sanchezek. ‘Batbatean’ musika jakialdian izanen dira maiatzaren 16an, Gasteizen

Gau girorako doinuak entzutenDJ GUATE-K

Helburua argirik gabe hasi ziren, baina poliki-poliki bidea egiten ari da DJ Guate-k hirukotea. Irene Espinosak, Amaiur Sillerok eta June Sanchezek osatzen dute taldea. Kuadrillakoak dira, eta duela gutxi arte ez zuten harreman handirik DJen munduarekin. 2023ko azaroan sortu zuten taldea. Espinosak esan du azken urtetan nolabaiteko loraldia egon dela DJen artean: “Azken urteetan egon dira pilo bat gu bezala apur bat brometan hasi direnak, eta gero serio jarri direnak”.

Hasieratik ez dute asko definitu zein norabide hartu nahi duten, eta zein helburu dituzten. Alabaina, kontent dira, espektatibak bete dituztelako. Leku askotan aritu dira, eta “oso eskertuta” daude hasieran bultzada bat eman dieten espazioekin. Batez ere, gaztetxeekin eta Gasteizko Jimmy Jazz aretoarekin. Otxandioko gaztetxean (Bizkaia) izan zuten lehenengo boloa, Espinosa gazte asanbladan dagoelako. “Nahiko guai egon zen”, esan du. Sanchezek ilusioz erantzun dio: “Nahiko guai? Super ona izan zen. Hasieran, arazo teknikoak izan genituen, baina gero berez etorri zen”.

Ostean, Jimmy Jazz aretokoekin mintzatu ziren, eta ordutik, asko dira bertan egin dituzten emanaldiak. Horrez gain, ekipoa erabiltzeko ikastaroak egin dituzte aretoan. Ilusioz beteta daude maiatzaren 16an Batbatean jaialdian izanen direlako. Jimmy Jazz aretoak jarri du martxan Arabako, eta orokorrean Euskal Herri osoko, gazteak elkartzeko. Jaialdia egiten den lehenengo aldia da, eta Sillerorentzat “berezia” da: “Sarrera erosia nuen pintxatuko genuela jakin aurretik. Batbatean’ jaialdian pintxatzea ezinezko helburu bezala ikusten genuen”. Espinosak gaineratu du jaialdia proposamen “berri” eta “ezberdina” denez, ilusioa egiten diela eurekin oroitu izana.

Askotariko musika jartzen dute, baina beti euren gustuen araberakoa. Ez dute estilo argi bat markatu nahi izan, eta aretoko jendearen gogoen arabera estiloz aldatzen dute. “Otogoieneko jaietan [Araba] egon ginenean pertsona guztiak nagusiak ziren. Orduan, 80. hamarkadako kantak jarri genituen”, esan du Sanchezek. Ostegunetan aldiz, Jimmy Jazzen musika jartzen dutenean, ikasle asko daudenez, euskal musika eta reggaetoi gehiago jar-tzen dute.

Proposamenak onartzen dituzte, baina salbuespen batzuekin. “Normalean ez badugu kanta bat onartzen, izaten da abeslariaren bizi-tzan edo abestietan konnotazio matxistaren bat duelako edo giroarekin zerikusirik ez duten kantak eskatzen dizkigutelako”, nabarmendu du Espinosak.

Hiru edo lau kanta dituzte boloak amaitzeko; esate baterako, Flying Free. Aldiz, hasteko, gehiago erreparatzen diote giroari. Hau da, aurretik rock kontzertu bat egon bada, rock kanta batekin hasten dira. “Hasierakoa ez dugu asko pentsatzen igual ez dagoelako jende asko. Orduan, gehiago betetzeko reggaetoia izaten da”, esan du Sanchezek. Espinosak gehitu du hasierako kantak jartzen dituztenean euren bolara egoten direla, eta jendea sartzen hasten denean, emanaldia hasi dela ikusten dutela. 

Nahiz eta batzuetan lagunak behean dantzatzen ikusten dituztenean eurekin egon nahi duten, “oso gustuko” dute oholtzan egotea, “festa pribatu” baten egotearen modukoa delako. “Batez ere jai handietan ikusten dudanean jendea pilatuta eta horren ondo pasatzen ari direla pila bat gustatzen zait oholtzan egotea. Azkenean gu gaude gure munduan eta gure espazioarekin. Nahiko ondo pasatzen dut, nahiz eta batzuetan neka-tzen garen”, aitortu du Espinosak.

ESPERIENTZIATIK IKASTEN

Hirukotea sortu zutenean, ez zuten inongo esperientziarik, baina gutxinaka ikasten ari dira. Kontatu dute emanaldi batetik bestera mahaia hobeto erabiltzen ikasi nahi dutela, eta euren musika eta nahasketak hobetu nahi dituztela. Bidean zenbait erronka ere izan dituzte; esate baterako, ezezagunak zirenean, kosta egiten zitzaien musika jartzeko lekuak topatzea. “Hasieran ez ginenez ezagunak, taberna batzuetara joan izan gara, baina ezin izan dugu pintxatu, ez zekitelako zer egiten genuen. Ezagunak izan arte nahiko zaila da”, esan du Sanchezek.

Horrez gain, hirukotearen arabera, “zailena” da publikoak zein musika estilo behar duen jakitea, eta leku batetik bestera joan-etorriak egitea. Bolo batzuetan, gutxitan izan bada ere, antolatzaileentzat edota aretoko langileen-tzat jo izan dutela kontatu dute. Sillerok onartu du ere, kosta egiten zaizkiela horrelakoak: “Animo askorekin kudeatzen dugu. Daudenei ez joateko eskatzen diegu. Geratzen badira hamar pertsona bi orduz, guretzat pintxada ona izan da”. Azkenik, nabermendu dute oso eskertuta daudela egiten ari diren bidearekin.