Abesti bat: Carole King-en 'You’ve got a friend'. Gaztetan ia buruz ikasi nuenean baino are gehiagobalioesten dut, orain, kanta horrek aitortzen duen adiskide baten leialtasuna.

Musika talde bat: Talde bezala desagertutako Pretenders, Dire Straits edo Police aipatuko nituzke lehen kolpean, baina, kontu berriagoetara joanda, Sumrrá talde galiziarra gomendatuko nuke. Udan entzun eta ikusi nituen Gasteizko jazz jaialdian bigarren aldiz eta lehen aldian bezainbat gozatu nuen.

Liburu bat: Kostatu egiten zait bat aukeratzea. Uda-udazken honetan inoizko onen- onenetakoak iruditu zaizkidan bi irakurtzeko zortea izan dudanez, biak: Christa Wolf-en Casandra eta Stig Dagerman-en Otoño alemán. Gauden une historiko beltzean zein baino zein egokiago (eta latzago).

Antzezlan bat: 1936, Andrés Limak zuzendua; bere eta Albert Boronat, Juan Cavestany eta Juan Mayorga-ren testua; Blanca Portillo eta Guillermo Toledo bezalako antzezle handiek taularatua. Gerra Zibilaz. Hori ere oso egokia orainaz gogoeta egiteko.

Film/telesail bat: 'Ainda stou aquí (oraindik hemen nago)' film brasildarra. diktadura militarraren kalte izugarriez, emazte eta ama baten duintasunaz, leialtasunaz, ausardia miresgarriaz (Fernanda Torres aktorea, miresgarri). hau ere benetako gertakarietan oinarritua.

Kultur espazio bat: Gasteizko Arte Ederren Museoa, neurriagatik, inguruko lorategiagatik, eraikinagatik, joateko egin beharreko bideagatik, bakean eta lasai ikusteko.

Donostian jaio zen 1958an Lourdes Oñederra. Hizkuntzalaria da (Filologia Hispanikoan lizentziatua eta Euskal Filologian doktore). Gasteizko EHUko Filologia Fakultatean Fonologiako irakasle izan da. Katedradun eta Euskaltzain osoa da. Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro nobelari idatzitako epilogoaren egile da eta hainbat aldizkaritan kolaboratu du: Ere, Oh, Euzkadi!, Hika, Argia, Bake Hitzak, Erlea eta Galde. Euskaldunon Egunkarian zutabegile eta Diario de Noticias Alava-n artikulugile ere izan da. Eta emakumeari sugeak esan zion izan zen Lourdes Oñederraren lehen nobela. Sari Nazionalerako aukeratua izan zen eta hainbat sari jasorik dago Euskadi Saria baino lehen: Kritika Saria 1999, Beterriko Liburua 1999, Zilarrezko Euskadi 2000. Gaztelaniara, errusierara, ingelesera eta italierara itzuli da nobela. 2013an, bigarren nobela argitaratu zuen: Intemperies (Babes bila). Aipagarriak dira, gainera, Anderson anderearen gutizia ipuina (Mende berrirako ipuinak. Antologia, 2005) eta 2007an Patrick Süskind-en Sommer jaunaren istorioa (2007) liburuaren itzulpena. Berriki, Azken Batean eleberri argitaratu du.