Urriaren 5era arte ez da aretoetara helduko, baina Donostiako Zinemaldiaren 73. edizioan Sail Ofizialean ikusgai egongo da Asier Altuna zuzendari eta gidoilariaren pelikula berria: Karmele.
Donostiako Zinemaldia atzo hasi zen. Irailaren 19tik 27ra hiriko hainbat txoko zinemaz beteko dira; eta aurten, euskal zinemak errekorra hautsi du: 38 izango dira Euskal Herriko produkzioak; horietatik 18, euskaraz. Are, Sail Ofizialean, euskarazko hiru ekoizpen pantailaratuko dira: Maspalomas, Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzenduta filma; Zeru Ahoak, Koldo Almandozek zuzendutako telesaila eta Karmele, Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy protagonista dituen pelikula.
Nahiz eta Sail Ofizialaren parte izan, Karmele pelikula lehiaketatik kanpo egongo da, emanaldi berezien barruan proiektatuko baita. Bestalde, Altunak errekonozimendua jasoko du edizio honetan: Zinemira saria jasoko du Telmo Esnalekin batera, orain arte egindako ibilbidearen aitortza gisa. Altunari barrea eragiten dio oraindik lan berriak egiteko gogotsu dagoen galdetzeak. Argi dauka erantzuna: “Rebordinosek deitu zidanean, hori esan nion, eskerrak pelikula bat estreinatuko dudan, beste bat idazten nagoen eta bizirik nagoen. Ematen du saria ematen dizutenean, jubilatu egiten zaituztela; baina ez. Pozik jaso dut, garai ona bizi dugu Euskal Herrian zinema egiteko”.
Benetako gertaeretan oinarritutakoa
Asier Altuna Karmele Urrestiren bizitzan oinarritu da Karmele sortzeko. 2016an Kirmen Uribek Elkarrekin esnatzeko ordua eleberria argitaratu zuen, Karmele Urrestiren eta Txomin Letamendiren arteko harremanaren bidez, gerrarteko garaiko egoera kontatzen duen liburua. Liburu horretatik edaten du pelikulak.
Karmele protagonistaren bidez, 10 urteko bidaia proposatzen du filmak, 1937. urteko Euskal Herrian hasita. Karmele Urresti, familiarekin batera, Frantziara erbesteratzen da, behartuta. Familia etxetik kanpora-tzen dute. Karmele pelikulan protagonistak 10 urtez etxetik erbestera eta erbestetik etxera egindako ibilaldia ezagutuko dugu. Bidaia horretan, berebiziko garrantzia izango dute musikak eta kulturak, Eusko Jaurlaritzak sorturiko Eresoinka taldean Txomin Letamendi tronpeta jotzailea ezagutuko baitu.
Altunari otu zitzaion Karmeleri buruzko telesail bat egitea, baina pelikulak asko maite dituelako aukeratu zuen formatua
Sortze prozesuari dagokionez, Altunak 2015ean kokatzen du proiektu honen hasiera. Handia pelikularen estreinaldiari esker, zuzendaria konturatu zen horrelako ekoizpen handiak Euskal Herrian eta euskaraz sortzea posible zela: “Posiblea da garaiko pelikula bat planteatzea, euskaraz. Horrelako produkzio bat posible zen”. Altunak dio Karmele proiektuarekin maitemindu zela. Are, beste pelikula bat zeukan esku artean, baina Karmele Urrestirekin topo egin zuen Kirmen Uriberen liburua irakurrita: “Gertuko istorioa iruditu zitzaidan, nire familiatik jaso dudanagatik, gerrarte garaiko eta diktadura garaikoa… Oso gertukoa sentitu nuen”. Horregatik alboratu zuen beste proiektua eta Karmele pelikularekin hasi zen.
Dioenez, lan gogorrena Urresti familiak bizitako pasarte guztien artean pelikulatik at geldituko zirenak erabakitzea izan da. Etxetik bota zituzten, Karmelek oso gaztetatik erabaki oso potoloak hartu behar izan zituen, Eresoinkan aritu zen, espia izan zen, Caracasen egon zen… “Pelikula batean ez dira hainbeste peripezia sartzen”. Orduan, Altunak pentsatu zuen Karmele Urrestiren inguruko telesail bat egitea, baina pelikulak asko maite dituelako aukeratu zuen formatu hau.
Errealitatetik gertu, baina urrun
Zuzendariak Karmeleren eta Txomin Letamendiren hiru seme-alabak ezagutu eta elkarrizketatu egin zituen. “Material asko neukan, eta lana nahiko zaila izan da: nahiz eta hasieran zirudien istorioa jada idatzita egon daitekeela eta gidoia egitea erraza dela”. Zuzendaritzaz gain, Altuna gidoilari lanetan ere ibili da, eta argi dauka zailena liburutik eta errealitatetik urruntzea izan dela. “Nik nire pelikula egin behar nuen, eta detaile guzti horiek, irakurritako guztia eta errealitatea ahaztea zaila izan da”.
Pelikula egiteko, prozesuaren hasiera hasieratik erabakiak hartu behar izan zituen Altunak. Pasarteak kentzea ez ezik, Karmele Urrestiren pertsonaiari indarra sartzea erabaki zuen, eta istorioa bere ikuspuntutik kontatzea, gehienbat. Altunak arabera, pertsonaiak dira film honetan pisu gehien duen elementu narratiboa. Karmele Urrestik Txomin Letamendi ezagutu zuen Eresoinkan, eta berarekin maitemindu zen. Harreman hori da pelikularen ardatza. “Errealitate batean dago oinarrituta pelikula, baina 50 urteko bizitza batean, dokumentatuta dauden gauza asko ere airean daude”. Puntu horretatik, asmatzeko eta gertatutakoa suposatzeko aukera izan du. “Fikzionatzeko aukera egon da, baina kontuan izanda nondik gatozen eta zer den kontatu nahi duguna”.
Ez gaude pelikula historiko baten aurrean, edota gerrari buruzko pelikula baten aurrean. Pelikula gerra garaian hasten da, eta 50. hamarkada inguruan bukatzen da. Narratiba aldetik elementu oso erakargarriak zeudela ziurtatzen du Altunak, besteak beste, gerra garaiko kontakizun guztia, noski.
Hori ez ezik, espien kontakizuna ere bazegoen, Txomin Letamendik amerrikarren zerbitzu sekretuan egin baitzuen lan Caracasen egon zenean. Bilbon ere nazien informazioa pasa-tzen zien amerikarrei. Epikaz eta abenturaz beteriko istorio batean ez da erraza hortik urruntzea, baina Altunaren apustua pertsonaietan eta pertsonaia horiek eskaintzen zituzten elementuetan zentratzea izan da.
Pelikulan bi ikuspegi somatu daitezke. Bat Txominen ikuspuntua izango da: “Akziozko gizona da eta borroka muturreraino eramaten du”. Garai horretan, gizonak plazan zeuden pertsonak ziren eta bere garaitik oso gertu dagoen pertsonaia da.
Beste alde batetik, Karmeleren ikuspuntua dago: emakume ausarta eta erabaki potoloak hartu behar dituena. Bere bizitza arriskuan jartzeko prest dagoena, baina bizitzak aurrera egin ahala, Karmele Urrestiren egoera ikusteko modua ere aldatzen doa. Bi ikuspuntu horiek garrantzi handia izango dute, horiek bideratuko baitute kontakizuna.
Kultura eta musika ere presente
Halaber, oso elementu zentrala da musika, bereziki lehenengo zatian. Eresoinkaren existentziarekin lotura estua du horrel. Eusko Jaurlaritzak montatu zuen dantza eta abesbatza-taldea izan zen Eresoinka, Europako herrialde demokratikoetara Euskal Herrian eta Espainian gertatzen ari zena zabaltzeko, “faxismoaren injustiziari aurre egiteko”.
Pelikula guztian zehar garrantzia izango du kulturak herrialdeen arteko loturari eusteko. “Gerraren kontra, biolentziaren, injustiziaren eta askatasun ezaren kontra, ba musika eta kultura sustatu zuten Eresoinkatik”. Altunak ere bat egiten du ideia horrekin.
Kontrasteak dituen pelikula
Pertsonaiak mugitzen dituen gairik inportantena euskaldunon identitatea ezabatzeko saiakera da. Horren kontrako borroka izango da pertsonaien motorea. Honakoa irakur daiteke pelikularen afixan: “Baga edo ez ga?”.
Karmele Urrestiri gertatu zitzaion bezala, beste hainbat familiek haien etxea eta haien lana galdu zuten faxismo garaian. Horrez gain, “kultura, identitatea eta hizkuntza” ere galdu zituzten. Horri heldu zion Altunak; izan ere, familia honetan oso argi isla-tzen da.
Altuna oso erakarrita sentitu zen Karmele Urrestiren bizitzan aurkitu zituen kontrasteengatk. Pelikula gerra garaian hasten da, “babes momentu batean”. Parisen maitasuna eta musika aurkituko dugu, garai polita baitzen. Txomin Letamendik garai horretan lan egiten zuen musika-talde ezberdinetan. Gazte batzuk Parisen maitemintzen direnean garaia polita da, eta hori pantailan ere nabaritzen da.
Caracasera heltzen direnean, helduaroan, umeekin, ongizate bat errepresentatu nahi izan du Altunak. Bueltatzeko garaia heltzen denean, berriz, Bilbo grisa aurkituko dute pertsonaiek, “hotza, lanbroa…”. “Horrek denak kriston jokua ematen du, pertsonaien bidaia konta-tzea gure erreminta izan da, jan-tziekin, argiarekin, dekoratuekin… pertsonaien momentuko egoera asko elikatzen da”. Puntu horretan, Altuna ikuslearen azalean jartzen da eta “hainbeste kontraste dituen pelikula bat” ikustea eskertzen dela dio.
Musika ere bidaide izan du zuzendariak. Hasieran ez dago musikarik, baina Eresoinkaren agerpenarekin batera, musika heltzen da. Caracasen guaracha eta salsa entzungo ditu ikus entzuleak, eta horrek ere momentuan momentuko egoeraren inguruko erretratua osatzen lagunduko dio ikusleari. Kontraste horiek pelikula ikustea errazten duela dio zuzendariak.