Síguenos en redes sociales:

Bidaia Koadernoa

Road trip bat Albanian

Adriatikoari begira dagoen Albaniaren tolesdurak ezagutzeko asmoz, auto bat alokatu eta noranzko zehatzik gabe abiatu gara. Bolantea tinko eutsi, eta azeleragailua sakatzeko unea da

Road trip bat Albanian@bikoloreka (Elisabeth eta Unai)

ZIURRENIK ez da herrialde bateko lehen aho zaporea hartzeko modurik egokiena. Berezkoa baino garra-tzagoa edo mingotsagoa suerta-tzeko arrisku handia baitago. Arrisku oso handia. Bjordi izeneko gizon garaiaren bulego txikian nago sartuta. Bera ordenagailuko pantailari begira; ni, aldiz, leiho zabaletik inguruan dugun Sarandë-ko portua azter-tzen. “There is a problem”, esan du ondo entseaturiko kezka aurpegiarekin. Nola ez! Pentsatu dut. Ezin al da mundu honetan auto bat alokatu problem hitza entzun gabe!

Azkenean, akordio batera iritsi gara eta eskua luzatu diot hitzartutakoa lotzeko. Gustura estutu dit espero ez zuen eskua eta une horretatik aurrera konfiantzazko giroa sortu da. Autoak gordetzen dituzten aparkalekura joan gara. Gaizki botatako porlan adabakiz osaturiko malda bat igo eta handiagoa izatearekin amesten duen eraikin biluzi baten bigarren solairura igo gara. Egituraren altzairuzko barra herdoilduen artean txukun-txukun daude aparkatuak distira igortzen duten kotxeak.

First time in Albania?”, galdetu dit. Baiezkoa erantzun diodanez, herrialderen bi puntuko hitzaurre bat egitea erabaki du. Bat: “Gasolindegiak nonahi daude”. Gerora ikusi dugu xehetasun bat ahaztu duela: gehienak aspaldi utzitako aterpe hondakin hutsak dira. Bi: “Albania hegoaldean ez dago semafororik. Orain dela urte batzuk han-hemenka jarri zituzten, baina soilik turistak egiten zietenez kasu, kristoren anabasa sortzen zen. Azkenean, erabaki logikoena hartu zuten - irribarretxo bat marraztu zaio ahoan - semaforo guztiak kendu zituzten. Welcome to Albania!”. Orain bai, prest gaude herrialdea ezagutzeko.

Butrinteko mosaiko bat.

Kilometro gutxi gidatu ditugu hegoalderantz, bolantea ondo estututa eta gidabaimena lor-tzeko azterketa egunean bezainbeste begiratuz ispiluei. Fama txarra dute Albaniako gidariek, baina autoetako aurpegi zurrunak ikusita, errepidean gauden gehienak kanpotar beldurtuak besterik ez garela uste dut. Ksamil-era iritsi gara, etengabean entzun dugun “joan beharreko” leku bat. Noranzko zehatz batzuetan begiratuz gero, paradisuko paisaia ederrak ditu kostaldeko txoko honek, baina begirada zabalduz gero turismoak sorturiko infernu bat besterik ez da. 

Apur bat aurrerago jarri dugu helburua, Butrint penintsulan. Paduraz eta hezegunez inguratura, muino hau gune estrategikoa izan zen antzinatik, eta esku batetik bestera igaro zen unean uneko botere harreman eta interes ekonomikoen arabera. Antzinako Greziako hiria lehenik, hiri Erromatarra gero, Veneziarrak edo botere erlijiosoak, denek izan zuten aukera bere arrastoa uzteko bertan. 

Gaur egun, UNESCO erakundearen gizateriaren ondare bihurtuta, altxorraren bila ibili gaitezke baso itxian zehar batzuek ala besteek utzitako zutabeak, antzokiak eta harresiak topatzen.

Iraganeko zibilizazioak eraiki-tzeko gai izan ziren guztiaz harrituta oraindik, gaur egungo gizartearen egoerarekin egin dugu tupust. Vivariko kanala gurutzatu behar dugu, 50 metro eskaseko ur lerroa, baina ez dago zubirik. Horren partez, komunismo garaitik martxan dagoela dirudien kabledun gabarra zarpail bat dago, ur gainean egotea bera mirari bat dirudiena. 

Bataiotegi paleokristaua.

Ez dakigu kanala gurutzatzeko garraio prekarioarengatik, edo zergatik, baina bat-batean turismoa desagertu dela dirudi. Errepide bazterrean topatu dugun jatetxe batean geratu gara, ehun bat lagunei jaten emateko lekua duena, baina soilik bi mahai dituena bezeroekin. Batean adineko bikote greziar bat dago. Bestean Frontex-eko polizia ba-tzuk, euren lana albo batera ezin utzita, bazkaldu bitartean gure elkarrizketak zelatatu eta nongoak garen asmatu nahian dabiltzanak. Misterioa ezin argitu joan dira.

Baso inguru batean, turismo uholdeak sorturiko asmo oneko erabaki tamalgarrietan barrena sartu gara. Bere garaian bidetxo polit bat izango zena, orain asfaltozko bide zabal aspergarria da, Syri i Kaltër-era iritsi gara. Landaredi itxiaz inguraturik, lurraren barrenetik atera-tzen den iturburu eder bat da Blue eye ezizena duen leku hau. Hipnotikoa da urdin ilunetik berde argira dauden tonalitate guztiak biltzen dituen putzu sakonetik etengabe ur ezin gardenagoa ateratzen ikustea. Itzulerako bidea ibaiaren beste aldetik egin dugu. Gozatu ederra hartu dugu selfiak egitea beste helbururik ez duten turistak atzean utzi, eta mediterraneotik hain gertu egonagatik espero ez genuen pago eta haritz baso ederrean murgilduta.

Autoa hartuta, Mali I Gjerë mendikatea zeharkatzen duen errepidean gora joan gara, Drino haranera jaitsi eta gure bidea jarraitze aldera. Bihurgune baten ostean, inon ageri ez diren errepideko lanak direla eta semaforo gorri bat dugu zain. Balazta ukitu bezain laster Bjordik esandakoa etorri zait burura. Zalantza piztu zaidanerako, azeleragailua topera sakatzea erabaki du nire eskuin oinak. Bagoaz, Albania!