Irailean ikusi zuen argia Skabidean taldearen album berriak: Hau errepikaezina izan da. Orain arteko ibilbidean bezalaxe, autoekoitzia eta autogestionatua. Hamabi urte atzera ekin zioten kide batzuek filosofia horrekin proiektuari. Taldea bilakatzen joan da urteekin, baina ildo horiei eutsi diete: konposiziotik kontzertuetarako bide guztia beren gain hartuta. Kideek adierazi dute oso une berezian daudela, talde gisara: “piña bat gara”. Hain justu, elkarlanaren fruitu da, beraz, eman berri duten lana.
Ohikoak bihurtzen ari dira, gero eta gehiago, formatu motzeko lanak edo EPak. Bospasei kanturekin ase. Kontrara, kasik ordubeteko diskoa sortu dute nafarrek, 17 kanturekin. “Ez da apustu bat izan, horrela atera da denbora eskaini diogulako”, esan du Antonio Iriarte taldekideak. Bere aldetik, Imanol Olagüek zera aitortu du: “Ez dago estrategiarik, 17 kanta atera, aurrerapenik gabe eta bost bideoklip egitea”. Eta, hariari eutsita, June Gabarainek esan du ez dutela zentzu komer-tziala bilatu, non kantu batzuei hit izaera ematen baitzaie, kontrakoa baizik, egindako lan osoari aitor-tza eskaini nahi izan baitiote.
Baina, era berea, abiatu duten biraren bezperetan beldur apurra ere bazuten, ordubeteko diskoa entzuteko eta ikasteko denbora behar dutelako zaleek. Irailetik kontzertu batzuk egin dituzte jada, eta ikusi dute abestiak apurka ari direla beren bidea egiten. Bilboko Kafe antzokian, jendea “konektatuta” somatu zuten. Eta musikariak pozik fruituak jasotzen ari direlako.
Aldaketei atea zabalik
Taldeak urteotan guztiotan aldaketan izan ditu. Kideak joan, kideak etorri. Skabidean komunitatetxo bat da jada. Tasio López de Guereñu da hasiera-hasieratik dagoen kideetako bat. Haren hitzetan, hasieretan larritasun handiagoa ematen zioten kide batek taldea uzteko erabakia partekatzen zuenean. Ohitu egin dira, ordea, eta norberaren kezkak eta momentua errespetatzen ikasi dute. “Aldaketetarako prest egoten ikasi dugu, eta oraingoan, aldaketa horien ondorengoa ongi atera da”. Beste aldean da Gabarain. Duela ia bi urte batu zen taldera, berrienetako bat da bera. “Nik kantuak ezagutzen nituen entzule bezala, baina jotzen hasi nintzenean ez nituen hain nire sentitzen”, Gabarainek. Aldiz, azken diskoaren konposizioan bete-betean egon da eta hari horri eutsita honela erantsi du: “Oso esperientzia polita eta aberasgarria izan da”.
Zortzi hilabetetan luzatu da sorkun-tza prozesua. Normalean, musikaren gainean idazten zituzten letrak, azaldu dute; baina, oraingoan kontrako norabidea egin dute. “Oso ongi pasa dugu idazten”, esan du Iriartek. Horrek ahalbidetu die, Olagüeren ustez, nahi zutena egin ahal izata. Ibilbide luzeko taldeetan ohikoa da joera: X estilorekin markatzea kategorikoki. Eta musikariek, era berean, onartu dute erraza dela hor eror-tzea. Hau errepikaezina izan da albumerako, berriz, soinu ezberdinagoak bilatu dituzten abesti zenbaitetan: Ama izenekoan edo diskoari izena ematen dionean, kasurako. Horiez gain, badira lau bertsio, euskal kantutegiaren garai eta estiloetatik hartutakoak, eta beren egiteko moduetara ekarriak.
Irakur daiteke agur gisara lana. Askok hala egin zuten kaleratu berritan. Skabideanek ez du, ordea, hala ulertzen. “Ez dakigu zer etorriko den, agian bai edo agian ez”. Errepikaezina izan den esperientzien kontzeptuari heldu diote diskoa osatzeko. Bestera esanda, geldiune bat egin dutenean ohartu dira nolako bidea egin duten, eta beren istorioa kantaren moldeetara eraman dute, nostalgia puntu horretatik: “Gure arteko laguntasuna eta talde bezala bizi izan ditugunak kantatu ditugu”. Nolanahi ere, gerora eman diote diskoari zentzu hori. Izan ere, kantuak hasieran beste izen bat zeukan, eta beste sorta bat ere bazutenean pentsatu zuten bat egiten zutela ideia eta ku-tsu nostalgiko horrekin. Halaxe gertatu zaie aurreko lanetan ere: lehenik izenburua edo kontzeptua, eta gerora esanahia.
Kontatu dutenez, oso abesti pertsonalak egin dituzte. Hala egin badute, Iriartek dio, izan da elkarren artean konfiantza guneak daudelako da. Hori dela eta, adibidera eman dute, kantaren batean kide ezberdinek idatzitako testu zatiak puzzle piezak bezala elkartu dituztela. Gai sozialekiko eta politikoekiko ardura ere adierazi dute, partekatzen dituzten ikuspegietatik. Eta horiek gutxi balira bezala, bertsioak eta kolaborazioak ere badaude.
Funtsean, denborarekin, eta, hartara, ahaleginarekin eta jarraikortasunarekin, lotutako diskoa dela laburbil daiteke: denbora hartu dute musikariek lana ontzeko. Elkarrekin pasatzen duten denborari garrantzia ematen diote, bileretan ez bada, elkarrekin igarotako uneei. Denbora eskatzen duen diskoa da. Eta, agian, gehiegi aurreratzea ez bada, denboran iraungo duena.